ARDOXKA

Palomino bikaina

Roberto Sarriugarte
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Duela hamabost egun Pedro Ximenez mahatsez egindako ardoa ekarri genuen hona.

Mahats horrek Andaluziako (Espainia) oihartzunak dakarzkigu, eta gaurko honetan aurkeztu nahi dizuegun ardoa egiteko erabiltzen den mahatsarekin beste horrenbeste gertatzen zaigu. Palomino fino entzun edo irakurtzen dugunean, gure buruak Jerez, Sanlucar de Barrameda, Puerto de Santamariako ardoetara egiten du jauzi berehala, inguru horietako mahastiak mahats honekin osatuta baitaude.

Baina beste toki batzuetan ere erabiltzen da, gehienetan osagarri moduan baino ez bada ere. Abona, Condado de Huelva, Lanzarote, Kanaria Handia, Rueda, Ribeiro eta beste hainbat sor-markek ere badarabilte mahats hori haien ardoak egiteko.

Bierzon ere onartuta dago mahats hori, eta hango ardogileek godello mahatsa erabiltzen badute ere, ardo zuri gehientsuenak egiteko, aspalditxo honetan agertu dira ehuneko ehunean palominoz eginiko ardo interesgarriak.

Gaur hona dakarkizuedan Bierzo sor-markapean merkaturatzen den El Couto da adibideetako bat. Ardo bitxia eta bikaina. Viñedos y Pagos de Nona da upategiaren izena, eta hainbat ardo egiten dituzte Bierzon (Leon, Espainia) eta Santiuste de San Juan Bautistan (Segovia, Espainia) verdejo mahatsa landuz. Pagos de Nona 2012an jaio zen Esmeralda Garcia eta Jesus Hermidaren ametsak egi bilakatzeko asmoarekin. Bataren zein bestearen kasuan, mahastiarekiko lotura txiki-txikitatik hasten da, Jesusena Pierosen (Leon, Espainia) eta Esmeraldaren kasuan Segoviako (Espainia) parajeetan.

Biek jaso duten formazioa ardoaren ingurukoa izan da, eta Gaztela Leongo hainbat upategitan egin dute lan proiektu pertsonal hori abiatu aurretik.

Haien hitzetan, «2012an gure bizitza pertsonalari eta profesionalari erabateko aldaketa eman genion, edozer gauzaren gainetik askatasunaren bila».

Jesus eta Esmeraldaren aitonen mahasti zaharrak berreskuratu zituzten, eta familiatik eta lagunengandik jasotako beste mahasti batzuekin osatu zuten haien mahastia. Ez dute inongo elementu kimikorik erabiltzen, ez mahastian ezta upategian ere. Zentzu horretan, lantzen dituzten bi eskualde desberdinen benekotasuna aurkitzea eta nabarmentzea da haien helburua, nekazaritza lanetan ingurua, lurra, klima eta euren filosofiari erabateko zintzotasuna adieraziz.

Verdejoarekin izugarrizko ardoak egiten badituzte ere, gaur Bierzoko El Couto azpimarratu nahi dugu hemen. Ondugabeko ardo zuria da, sakona eta mineraltasun ukituarekin,

Ardo fina eta dotorea, zintzoa eta bene-benetakoa. Joxi, hi be horrelakoa hintzen, horrelako haiz eta horregatik maite zaitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.