Siriako gerra

Erabateko su-etenaren zain

NBEk menia eskatu arren, erasoek aurrera jarraitu dute Afrin barruti kurduan eta Ghouta ekialdean. Azken eremu horretan eguneko bost orduko su-eten humanitarioa agindu du Putinek, gaur hasita

Erabateko su-etenaren zain.
ander perez zala
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Siriarako hilabeteko su-etena aho batez eskatu eta bi egunera, bonbardaketak ez dira gelditu hiriburu ondoko Ghouta ekialdean. Larunbatean kontseiluko hamabost herrialdeek adostu bezala, eskaturiko meniak ez du eraginik «EI Estatu Islamiko, Al-Qaeda eta Al-Nusra Frontearen eta haien aliatuen aurkako operazio militarretan», eta Siriako armadak talde horien aurkako erasoekin jarraitu du; izan ere, Damaskoren eta hiri inguruko eskualdeen kontrola berreskuratu zuen gobernuak, eta orain ez dago prest matxino islamisten presentzia onartzeko inguru horietan. Hain justu, muturreko talde islamisten esku dago Ghouta ekialdea, eta Siriako armadak inguratua du eremu hori. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ideia hori gogorarazi zuen atzo: «Su-etenak ez du eraginik Siriako Gobernuak talde terroristen aurka egiten dituen operazioetan. Auzi honetan ez dago interpretazioetarako tarterik. Errusiako Gobernuaren babesa du Damaskok». Bederatzi egun dira jada matxino horien kontrolpean dagoen eremua setiopean dagoela, eta GKE gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute bonbardaketen bidez egunero hiltzen dituztela herritarrak; ehunka hildako leudeke, haien datuen arabera.

Larunbateko ebazpena adosteko hiru egun behar izan zituztenkontseiluko kideek, laguntza humanitarioak bide segurua izan dezan bere lana egiteko. Egun berean iragarri zuen Siriako armadak korridore humanitarioak ireki zituela zibilak Ghouta ekialdetik ateratzeko, eta atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteak agindu zuen beste neurri humanitario bat: gaurtik hasita, egunero bost orduko su-eten bat izango da eremu horretan, hango 09:00etatik 14:00etara —Euskal Herrian ordubete gutxiago dela—. Menia horrekin batera, beste korridore humanitario bat irekiko du egunero Moskuk, zibilen ebakuazioa ahalbidetzeko. NBEren datuen arabera, 13,1 milioi herritarrek behar dute «premiazko» laguntza humanitarioa Ghouta ekialdean, Idlibeko probintzian (Siria ipar-mendebaldea), Hama Iparraldeko probintzian (Siria mendebaldea), Raqqan (Siria erdialdea) eta Rukbanen (Jordania ipar-mendebaldea); azken eremu horretarako ere korridore humanitarioak irekitzea proposatu du Putinek.

Errusiako presidentearen erabakiok Frantziako presidente Emmanuel Macronen eta Alemaniako kantziler Angela Merkeleneskarien ostean etorri dira. Igandean, NBEko akordioa egin eta egunbetera, bi buruzagiak telefonoz mintzatu ziren Errusiako presidentearekin, eta ohartarazi zioten su-etena «berehala» errespetatu eta indarrean sartu behar dutela Siriako gerran parte hartzen ari diren alde guztiek. Lavrovek atzo ohartarazi zuen menia herrialde osoan indarrean sartzeko baldintza bat dagoela,larunbateko ebazpenean adosturikoa: «Su-etena erabatekoa izango da gatazkan parte hartzen duten alde guztiek adosten dutenean nola sartuko den indarrean».

NBEk ere meniarako deia areagotu zuen atzo. Erakunde horretako idazkari nagusi Antonio Guterresek joan den asteazkeneko diskurtsoari eutsi zion, eta «berehala» indarrean sartzeko deia egin zien alde guztiei: «Meniak zentzua du soilik modu eraginkorrean sartzen bada indarrean. Lurreko infernu hau gelditzeko garaia da».

Atzo Ghouta ekialdean izandako erasoen artean bat kloro gasa erabiliz egin zutela salatu dute hainbat GKEk, eta Damaskori egotzi erasoaren egilea izatea; Siriako Gobernuak berehala ukatu zuen halako erasorik egin zuela. 2013an ere Ghoutan arma kimikoak erabili izana egotzi zioten Baxar al-Assad Siriako presidenteari, eta, gertarkari horren ondoren, AEBek eta Errusiak lagunduta, desarmatze prozesu bat izan zuen Damaskok. 2014an baieztatu zuen OPCW Arma Kimikoen Suntsipenerako Erakundeak Siriako Gobernuak ez zuela arma kimikorik, ezta arma kimikoak «sortzeko gaitasunik ere».

YPG, meniarekin bat

NBEko Segurtasun Kontseiluko kideek eskaturiko su-etena Siria osorako zela gogorarazi zuen atzo Europako Batasuneko Goi Mandatari Federica Mogherinik: «Ardura handiak daude, batez ere Astanako prozesuko bermatzaileentzat: Errusia, Iran eta Turkia. Azken horrek Afrinen dituen operazio militarretan ere izan behar du eragina meniak». Ankarak urtarrilaren 20an abiatu zuen Olibondo adarraoperazioa, Rojavako Afrin barruti kurdua inguratuz; egunotan, ordea, Ankarak ez du meniari buruzko iritzirik eman, eta kurduek zain jarraitzen dute, zein ote den Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen erabakia. YPG Herriaren Babes Unitateak miliziak igandean iragarri zuen NBEk eskaturiko su-etena onartu eta errespetatuko zuela, baina gogorarazi zuen bere burua defendatzeko «eskubidea» zuela Ankararen edozein erasori erantzuteko. Turkiako armadak atzo adierazi zuen kontrolpean duela Afringo muga osoa, baina miliziak ez zuen berri hori baieztatu.

Erdoganek NBEn onarturiko ebazpenaren alde egin zuen joan den astean. Testua onartu zutenetik, ordea, ez du adierazpenik egin gai horren inguruan, eta Turkiako armadak erasoekin jarraitu du Afrinen —polizia indar bereziak bidali zituen atzo—. Erdoganentzat, PKK Kurdistango Langileen Alderdia «talde terrorista» da, eta YPG PKKren adar bat; lotura horren ondorioz egiten ari da Siriako kurduen aurka.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.