Katalunia. Legebiltzarrerako hauteskundeak. Jordi Turull. CiUren eleduna Kataluniako Parlamentuan

«Madrili berdin dio ERCren emaitzak; Masek huts egin duela esan nahi du»

Autodeterminazioaren aldeko prozesua atzeraezina da Convergencia i Uniorentzat; mundua Kataluniara so dagoela eta prozesuaren lidergoa pertsona bakar batek hartu behar duela diote.

Samara Velte.
Bartzelona
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hauteskunde egunaren bezperan, CiUrengan dago arreta osoa. Horregatik, Jordi Turull parlamentuko bozeramaileak (Parets del Valles, 1966) kontu handiz aukeratzen ditu hitzak; «pedagogia» aipatzen du, eta aitakeria kutsu batez mintzo da.

Nork esango zion CiUri prozesu independentista baten buru bukatuko zuela!

Helburu horrekin aritu gara orain arte lanean, baina beti genion: «Ea gure seme-alabek edo bilobek ikusten duten». Une hori bizitzeko pribilegioa daukagu orain, eta ongi egiteko ardura. Beti saiatu gara estatu espainiar baten barruan nazio izaten, baina 30 urteren ondoren, ikusi dugu ezinezkoa dela. Diadako manifestazioak azkartu egin du dena; estatutuari eta itun fiskalari emandako ezezkoen ostean, ez zuen merezi beste ezertan saiatzeak.

Zertarako nahi duzue gehiengo osoa?

Esperientziak erakutsi digu Eskozian erreferenduma egingo dutela Salmond jaunak gehiengo eztabaidaezina duelako; Quebecen, aldiz, ez. Prozesu guztietan lider batek egon behar du; horregatik, kanpaina honetan ez dugu CiUren aldeko botoa eskatu, baizik eta Diadako oihuaren ondoan jartzeko ausardia izan duen pertsonaren aldekoa, zilegitasun osoz joan dadin Bruselara eta Moncloara. Honek ezin du barreiatuta gelditu. Mundua begira daukagu, eta ez da hasiko gehiketak egiten; honek harekin gehiago edo gutxiago osatzen ote duen.

Ez baduzue gehiengo osorik lortzen, bertan behera utz dezakezue erreferenduma antolatzeko prozesua?

Ez, ez; honek ez du atzera bueltarik. Kasu horretan, ikusi beharko da zenbat diputatu dauden prozesuaren alde. Guk esango dugu herritarrek euren nahia adierazi dutela, ez dutela euren babesa pertsona bakar batean kontzentratu, baina bai Kataluniak bere etorkizuna erabakitzearen alde dauden alderdietan. Konplexuagoa izango da, baina gure konpromisoa ez da aldatuko.

Egizu balorazio bat azken bi urteotan egin duzuen kudeaketaz.

Kudeaketa izugarri zaila izan da; nahi genuena baino gehiago, egitea zegokiguna egin dugu. Generalitateko finantzak hondoa jota, krediturako sarbidea itxita, hipotekaz beteta, eta diru sarrerak krisiagatik amilduta, bi aukera genituen: edo erabaki zailak, baina hartu beharrekoak, hartzen genituen, edo instituzioa kolapsora eramaten genuen. Hortik aurrera, saiatu gara ahalik eta baliabide gutxienekin, efizientzian hobetzen. Eta murrizketetan muga jarri dugu: ez dugu ukitu ongizate estaturako oinarrizko ikusten duguna. Kuraia askoko hemezortzi hilabete izan dira.

Eta autokritika apur bat eskatzen badizut?

Beharbada, neurri askorekin ez dugu pedagogiarik egin, azalduz zergatik hartu behar genituen. Ez dut uste jendea jabetzen denik zein den Generalitataren egoera finantzarioa.

Diskurtso soberanistarekin arreta zuen kudeaketatik desbideratu nahi izatea leporatzen dizuete.

Kontrakoa! Guk dioguna da Kataluniak badituela nahikoa baliabide, gertatzen ari dena ez gertatzeko. Itun fiskalarekin, egoera honi aurre egiten saiatu ginen, baina atea muturraren aurrean itxi ziguten. Ez genituen beste bi urte zain pasatuko; erantzun egin dugu. Itxaron genitzakeen beste bi urte ere; jendeak ikusiko zukeen administrazio guztiak ari direla murrizketak egiten.

Orain arte, murrizketak PPri esker onartu dituzue. Burujabetzari buruzko eztabaidak banatu zaituzte?

Bai. Eta ez soilik eztabaidak; baita kanpainako maltzurkeriak ere. Lehendabizi, beldurraren eta mehatxuaren diskurtsoari heldu dio, eta ikusi duenean horrekin ez zuela nahi zuena lortzen, politikan egin daitekeen difamazio kanpainarik erdeinagarrienari ekin dio. Bereiztea erabatekoa da.

Zuen programan, independentzia hitza ez da behin ere agertzen.

Mundua guri so dago, eta guk Europako estatu berri bat izan nahi dugu. Independentzia hitza irailaren 11ko pankartan ere ez zegoen; Katalunia, Europako estatu berria jartzen zuen. Kataluniako ekitaldietan ez dira inoiz azken manifestazioetan bezainbeste bandera europar egon. Munduari heltzen zaizkion irudiak dira, Danimarka, Austria edo Herbehereak berri bat izan nahi dugula erakusten dutenak. XXI. mendean gaude, eta XXI. mendeko independentzia Europa barruko estatu propioa da.

Bozak irabazten badituzue, zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Presidentearen inbestiduraren ostean, erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdien bilkura izango da; hor adostuko da galdera, egutegia eta prozesua. Parlamentuko lehen osoko bilkuran, autodeterminaziorako prozesuko printzipioei buruzko ebazpen bat onartu nahi dugu, eta gerora, jarraipeneko mahai bat osatu nazioartean prestigio handia duten Kataluniako pertsonekin. Hortik aurrera, hedatze diplomatiko bati ekingo diogu, munduari azaltzeko zer egin nahi dugun.

Nolakoa izango da Madrilekiko harremana?

Espainiaren erreakzioa beti izan da izan zitekeen okerrena: Estatutuarekin erratu zen, baita Diadarekin eta itun fiskalarekin ere. Eta erabakitzeko eskubidea mahai gainean jarri dugunean ere oker erreakzionatu du: Kataluniari proposamen alternatiboa egin beharrean, bere diskurtsoetan beldurra eta mehatxua zabaldu ditu, eta orain, difamazioa. Gehiengo osoa eskatzen dugu, Espainian kontrakoa espero dutelako: hau guztia porrota dela esan nahi dute. Madrili berdin zaio ERCk, Iniciativak edo CUPek zer lortzen duten; esan nahi duena da Masek huts egin duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.