Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa

Ertzain batzuek deklaratu dute ez zutela istilurik ikusi kalezuloan

Kalezuloaren aurrean gelditu zirenek, aldiz, berretsi dute «denetarik» bota zietela. Epaiketan gogorarazi dute lekukoek ezin dituztela deklarazioak euren artean adostu

Cabacasen hilketari buruzko epaiketaren irudi bat, aste honetan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen hilketa argitzeko egiten ari den epaiketak zazpigarren saioa izan du, eta, horretan ere, ertzainak aritu dira deklaratzen. Bi multzotako ertzainak, batez ere: batetik, F1 eta F6 furgonetetakoak —horiek lehenago iritsi ziren, eta, batez ere, Maria Diaz de Haro eta Poza kaleetan jarri ziren— eta, bestetik, F12, F13 eta F14 furgonetetakoak —horiek geroago iritsi ziren, herriko taberna dagoen kalezulora jo zuten, eta zuzenean parte hartu zuten hango gertaeretan—. Kontraesanak izan dira bi multzoetako ertzainen deklarazioetan: F1 eta F6 furgonetetakoek kalezuloaren aurretik igaro behar izan zuten, eta esan dute han «jende asko» zegoela eta ez zela istilurik egon. Besteek, berriz, kontatu dute «botilak, hautsontziak, suziriak, galtzada harriak» eta beste bota zizkietela kalezulotik.

F1 eta F6 furgonetetan zihoazen ertzainek antzeko deklarazioak egin dituzte. Deia jaso zuten Maria Diaz de Haro kalera joateko, han liskar bat egon zelako eta zauritu bat omen zegoelako. Harako bidean, kalezuloaren aurretik igaro ziren, eta han egoera guztiz normala zen. Maria Diaz de Haro eta Poza kaleen bidegurutzean gelditu ziren. Han, pertsona batzuk gauzak botatzen ari ziren, eta Ertzaintzaren patruila bat ari zen gazte bat atxilotu nahian: zeregin horretan lagundu zieten, eta hesi bat osatu zuten kalean.

Defentsako abokatuen asmoa zen frogatzea ertzain horietako batzuk, bidegurutzean ez ezik, kalezuloan ere aritu zirela eta, hortaz, haietako baten bat ere izan zitekeela Cabacas hil zuen tiroaren egilea. Baina bi furgoneta horietako ertzainek gogor eutsi diote beren bertsioari, erantzukizunak haiengana irits ez daitezen.

Haietako batek, esaterako, esan du bidegurutzean «taketa legez» gelditu zela, eta ez zela handik mugitu. Besteek ere berretsi dute bertsio hori, eta esan dute handik ez zirela mugitu, ez zirela kalezulora joan, eta han gertatzen ari zena ikusi ere ez zutela egin.

Oso bestelakoa izan da F12, F13 eta F14 furgonetetan zihoazen ertzainen deklarazioa. Haien bertsioaren arabera, «denetarik» bota zieten kalezulora iritsi zirenean. Hala ere, gehienek ez zuten ikusi haien kideek tiro egin zutenik, eta ikusi zutenek esan dute pilotarik gabe egin zutela tiro. Kideak errugabetzeko ahalegin horretan —tiro egiteaz akusatuta dauden hiru ertzainak furgoneta horietan zihoazen—, haietako batzuk kontraesan nabarmenetan erori dira. 9.181 zenbakia duen ertzainak, adibidez, esan du harekin zihoan ertzainak tiro egin zuela, baina pilotarik gabe, eta ez du inolako zalantzarik agertu horretan, baina, gogorarazi diotenean ertzain horrek aitortu duela pilotak bota izana, atzera egin du: «Berak esaten badu, hala izango da».

Berdin gertatu da 8.101 ertzainarekin: hasieran esan du lankideek pilotarik gabe egin zutela tiro, pilotarik gabeko tiro horiek bestelako hotsa ateratzen dutela eta bera gauza dela hots biak bereizteko. Geroago, baina, esan du «ustea» baino ez zela.

Goirizelaia, babes eske

8.101 zenbakia duen ertzainaren deklarazioak eman du, hain zuzen, zeresanik handiena. Hasiera-hasieratik oso oldarkor agertu da, eta akusazioaren abokatu Jone Goirizelaiak esandakoa zuzentzen aritu da —«ni ez naiz Herri Segurtasun brigadakoa, Herri Segurtasun sailekoa baizik; brigada beste gauza bat da»—, baita haren galderak mozten ere. Azkenean, Goirizelaiak babesa eskatu behar izan dio epaileari, lekukoak galderei erantzutean «errespetua» erakuts zezan. Epaileak hala ohartarazi dio, eta, harrezkero, lekukoak jarrera apur bat leundu du.

10.538 zenbakia duen ertzainaren deklarazioak ere eman du zeresana, baina beste arrazoi batengatik. Deklarazioa bukatutakoan, defentsako abokatuetako batek gogorarazi du lekukoek ezin dutela hitz egin oraindik deklaratu ez duten gainerako lekukoekin, deklarazio horiek ez kutsatzeko.

Horren aurrean, Goirizelaiak hitza eskatu du. Bat etorri da defentsako abokatuak esandakoarekin, baina zehaztu du ohartarazpena «berandu» iritsi dela eta epaiketaren hasieratik egin behar zela, are gehiago kontuan hartuta deklaratzera joan behar duten ertzainak elkarrekin iristen direla epaitegira, elkarrekin hitz egiten dutela eta aurreko saioan ertzain batek aitortu zuela bilera bat egin zutela Eusko Jaurlaritzako abokatuekin, deklarazioa prestatzeko.

Ertzain horren aitorpenaren harira hitz egin du Manu Cabacasek saioa amaitutakoan. Iñigo Cabacasen aitak esan du familia «minduta eta haserre» dagoela ertzain horren adierazpenak entzun ondoren: «Guri [Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu]Estefania Beltran de Herediak eta Segurtasun Sailak askotan esan digute lagunduko zigutela eta ahalegin guztiak egingo zituztela egia azalarazteko, eta orain jakin dugu lekukoen deklarazioak prestatzen ibili direla».

Epaiketa datorren astelehenean berriro hastekoa zen, baina saio hori bertan behera gelditu da. Hurrengo saioa asteartean izango da, hilaren 30ean, ertzain gehiagoren deklarazioekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.