Kataluniako prozesu subiranista. Urkulluren parte hartzea

«Topagune zail» baterako itauna

Kataluniako auzi politikoa konponbidean jartzeko, Urkulluk galdera proposamen bat helarazi zion Sanchezi 2018ko abenduan. Asmoa zen kontsulta «legezko eta hitzartu baten deialdia adostea», negoziazio prozesu bati ekiteko

Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchez Moncloan, 2018ko ekainaren 25ean. Hiru aste lehenago heldu zen Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara. CHEMA MOYA / EFE.
jon olano
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Hiru urte dira Katalunian autodeterminazio erreferendum bat egin zutenetik; 2,2 milioi biztanleren botoak zenbatu zituzten, eta horietatik 2,04 milioi izan ziren Katalunia estatu independentearen aldekoak. Jakina da zer gertatu zen; Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak indarrez galarazi zuten bozketa hainbat lekutan, ehunka lagun zauritu zituzten, eta, 26 egun geroago, Kataluniako Parlamentuak independentzia deklarazioa onartu, eta Espainiako Gobernuak bertan behera utzi zuen Kataluniako autonomia, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuta.

Jakina denez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak mezularitza lanak egin zituen 2017ko aste horietan, hainbat eragilerekin, tartean Carles Puigdemont Generalitateko orduko presidentea eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko garai hartako presidentea. Mezularitza horri buruzko agiriak Sabino Arana Fundazioko eta Pobleteko Monasterioko artxiboetan eta Euskadiko Artxibo Historikoan gorde zituen Urkulluk, eta lehendakariak joan den uztailean eman zuen agiri horiek kontsultatzeko baimena. BERRIAk uztailaren 29an argitaratu zituen paper horien elementu esanguratsuenetako batzuk.

Posta elektroniko bidezko mezuek, telefono bidezkoek, gogoetek, adierazpen publikoek, hedabideetako pieza hautatuek eta bestelakoek osatzen dute dokumentazioa, baina horien artean badira proposamen zehatzak ere; 2017ko abuztutik urrira bitartekoak, Kataluniaren independentzia deklarazioa eta 155. artikuluaren aplikazioa saihesteko, eta bi gobernuen arteko tentsioa baretu eta negoziazio politiko baterantz bideratzeko. Beste planteamendu bat, ordea, 2018ko udazkenekoa da, eta balizko galdeketa baterako galdera ere zehaztu zuen bertan Urkulluk.

Galdeketaren ideia 2018ko urriaren 4ko datarekin ageri da Urkulluren paperetan, Kataluniako egoera politikorako balizko irtenbideei buruzko analisi gisa. Testuingurua ez zen 2017ko udazkenekoa; batetik, orduko Generalitatea erabat desegina zegoelako: Espainiako Auzitegi Gorenaren ekinaldi judizialaren ondorioz, espetxean edo erbestean ziren Kataluniako Gobernuko kide guztiak. Bestetik, Mariano Rajoyren zazpi urteko agintaldia ekainean amaitu zen, Gurtel auziko epaiaren ondoren Rajoyren aurkako zentsura mozioak aurrera eginda. Pedro Sanchez Moncloan, besteak beste independentista katalanen botoei esker, eta Quim Torra Sant Jaume plazan.

Testuinguru horretan landu zuen Urkulluk Kataluniarako galdeketa proposamen bat. Horretan, balizko akordio baterako topagune baten ezaugarriak xehatu zituen: «arrazoizko neurrian inor gogobetetzen ez duen» topagune bat bilatzea, «guztientzako zaila» izango zena. Balizko topagune hori litzateke «herri kontsulta legezko eta hitzartu baten deialdia adostea, negoziazio prozesu bat hasi baino lehen egin beharrekoa». Horren legezkotasunari ere erreferentzia bat egin zion Urkulluk: «Konstituzioan jasota [dago] Espainiako Gobernuak kontsulta deialdi bat egiteko ahalmena eskuordetzeko aukera. Noiz?».

Galdera: «Nahi al duzu Kataluniak prozesu politiko berri bat zabaltzea, legaltasun eta aldebikotasun bermeekin, bere autogobernu estatusa estatuko instituzioekin adosteko?». Itaun hori proposatu zion Urkulluk Sanchezi 2018ko abenduaren 11n, Elkarrizketari beste aukera bat ematea Katalunian eta Kataluniarentzat. Berrabiatzeko akordio baten oinarriak izeneko agirian.

Alderdien mahaiak

Metodologiari zegokionez ere planteamendu bat egin zuen lehendakariak; beharrezkotzat jotzen zuen elkarrizketa mahai bat osatzea, publikoa bat, diskretua bestea. Bi gobernuez gain, PDeCAT, PSC, Catalunya En Comu, Podemos eta EAJ leudeke. «Era berean, entitate sozialak eta enpresa eta ekonomia arlokoak ezinbestekoak dira Kataluniako eta Espainiako gizartearen parte inportante baten interpretazioari bide emango dion konplizitate batean».

Bederatzi egun geroago, 2018ko abenduaren 20an, lehen bilera publikoa egin zuten Kataluniako eta Espainiako gobernuburuek. Bat etorri ziren «Kataluniaren etorkizunari buruzko gatazka baten existentzian», eta «elkarrizketaren aldeko apustua» babestu zuten. 2019ko otsailean, ordea, Sanchezek ez zuen aurrera atera aurrekontu proiektua, eta hauteskundeetara deitu zuen. Aurtengo urtarrilean izendatu zuten berriro presidente; tartean, EAJren babesarekin eta ERCren nahiz EH Bilduren abstentzioari esker.

Urkulluk Katalunian izandako rolaz irakurtzeko, jo hona: berria.eus/urkulluren_kataluniako_paperak/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.