Etxerat-ek «inpunitatea» salatu du Algecirasko erasoa dela eta

Senideak zeramatzan autobus bati eraso egin, eta leihatila apurtu zioten larunbatean. Etxerat-en ustez, horrelako bidaiak egin beharrak «iragana» izan beharko luke

Presoen senide eta lagunen ordezkariak, atzo, Bilbon. JUNE PRIETO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Etxerat elkarteak «onartezin» iritzi dio joan den larunbatean Algecirasen (Espainia) presoen senide eta lagunak zeramatzan autobusaren kontrako erasoari, eta horrelakoek izaten duten «inpunitatea» salatu du. Elkarteko bozeramaile Urtzi Errazkinek eta Patrizia Velezek esan dutenez, ez da lehenengo aldia senideek erabiltzen dituzten autobus eta furgonetek horrelako erasoak pairatzen dituztela, eta, haien ustez, horrek are «premiazkoagoa» egiten du euskal presoen urruntzea amaitzea.

Imanol Gonzalezek kontatu du gertatutakoa -bera autobusean zegoen erasoa izan zenean-. Esan duenez, 19:00ak aldera gertatu zen erasoa: Algecirasko espetxean egin beharreko bisitak amaituta, autobusa Puerton eta Sevillan bisita izan zuten senideen bila zihoan. Hirigune bateko estrata zabal batean zegoela, kolpe bat nabaritu zuten, norbaitek identifikatzerik izan ez zuten objektu gogor bat jaurtitzearen ondorioz, eta ezker aldeko kristaletako bat txiki-txiki eginda gelditu zen.

Erasoa gertatu zenean 11 lagun zeuden autobusean, eta haietako bi apurtutako leihatilaren ondoan zeuden eserita. Hala ere, gidariak lortu zuen ibilgailuaren kontrolari eustea, eta, leihatilak zituen bi kristal xafletatik bakarra hautsi zenez, ez zen zauriturik izan.

Etxerat-en ustez, «onartezina» da gertatutakoa, «are gehiago kontuan hartuta autobus horiek ez luketela bide hori zeharkatu behar»; errepide horiek «iragana» izan beharko lukete, Etxerat-en ustez. Erasoez gain, kartzeletarako bidaietan suertatu ohi diren istripuak ere izan zituzten aipagai: azkena joan den ostiralean gertatu zen, Javi Gallaga presoaren hiru laguni autoaren gurpila zulatu zitzaienean.

Horrelako erasoen aurrean «salbuespeneko espetxe politikari» eta presoen urruntzeari eustea «onartezina» dela uste du Etxerat-ek. Horregatik, espetxe politika hori bertan behera uzteko, presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eta gaixo handi diren presoak berehala askatzeko eskatu dute.

Espainiako Gobernua uda honetan presoak hurbiltzen has daitekeela dioten zurrumurruei dagokienez, Etxerat-eko bozeramaileek esan dute «espekulazioek» senitartekoen «antsietate eta ziurgabetasuna areagotu» baino ez dutela egiten: «Adierazpenak baino gehiago, pausoak behar ditugu», esan dute.

Heriotza mehatxua Albisuri

Egunotan jakin da Mikel Albisu presoari heriotza mehatxuak egin dizkiotela joan den uztailaren 12an. Reauko espetxean (Frantzia) dago Albisu, eta egun hartan mezu bat utzi zioten ziegan, liburu baten azalaren gainean: mezuan bala bat zegoen marrazturik, eta hura Albisurentzat zela adierazten zuen esaldi bat ere idatzi zuten. Mehatxua agertu aurretik, Albisu handik atera zuten segurtasun indar bereziek, ziegan miaketa egiteko; miaketa bukatutakoan itzuli zenean aurkitu zuen Albisuk mehatxua.

Sortuk salatu egin ditu Algecirasko erasoa eta Albisuren kontrako heriotza mehatxua, eta azaldu du garaia dela «sakabanatze politika» eta «estatuaren indarkeria» amaitzeko.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du Espainiako Gobernuarekin «kontaktua, leialtasuna eta etengabeko harremana» dutela gai honen inguruan, eta espero dutela Madrilek arlo horretan egin beharreko mugimenduak «albait azkarren» egitea.

Baina, oraingoz, Espainiako Gobernuaren mugimenduak beste norabide batekoak dira. Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Jesus Lozak iragarri du Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzari igorriko diola Jesus Maria Lopez Gonzalez presoari egindako harrera ekitaldien informazioa, «terrorismoari gorazarre» egin zitzaiolakoan. Lopez joan den astean utzi zuten libre, espetxean 20 urte eman ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.