Noiz sortua: 2019-11-16 00:30:00

Iruñeko Udala, Irrien Lagunei jarritako betoaz: «Kontratua ez da legezkoa»

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna debekatu izanaren erantzukizuna EH Bilduri egotzi dio Kultura zinegotziak. «Zentsura» salatu dute talde abertzaleek eta euskalgintzak
Iruñeko alkate Enrique Maia eta Kultura zinegotzi Maria Garcia-Barberena, artxiboko irudi batean.
Iruñeko alkate Enrique Maia eta Kultura zinegotzi Maria Garcia-Barberena, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2019ko azaroak 16
Haizagailua piztu du Navarra Sumak. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Iruñeko Baluarten azaroaren 29an egitekoak ziren Bizi dantza ikuskizuna bertan behera utzi ostean, horren ardura aurreko gobernu taldearena dela argudiatu zuen atzo Kultura eta Berdintasun zinegotzi Maria Garcia-Barberenak. Kazetariek eginiko galderei erantzunez, Garcia-Barberenak esan zuen kontratua «era irregularrean» sinatu zuela aurreko Kultura zinegotzi Maider Belokik: «Halako kontratuak egiteko, txosten juridiko bat, txosten tekniko bat eta adjudikazioa onartzeko ebazpen bat behar da, baina kasu honetan ez dago halakorik. Maider Belokik ekainaren 12an sinatutako kontratu bat daukagu, prozedura bete gabe eginikoa. Horrek agian balio lezake pailazoak bere etxean kontratatzeko, baina udal administrazioan ez du legezko baliorik».

Are: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari buruzko «espedienterik ez» dagoela esan zuen zinegotziak, eta auzia Nafarroako Kontseilura igorri duela, ikerketa egin dezan. «Nafarroako Kontseiluak erabakiko du ikuskizuna bertan behera utzi izana egokia den ala ez, baina, ordura arte, udalak ez du ezer eginen». Zinegotziak aitortu zuen, hala ere, kontseilu horren erabakia «40 egunen buruan» irits daitekeela; pailazoen ikuskizunaren data igarota, alegia.

EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik, berriz, Garcia-Barberenaren bertsioa «faltsua» dela esan dio BERRIAri, eta kargu hartu dio udal gobernu taldeari, «gardentasunik gabe» jarduteagatik: «Espedientea egon badago, baina Navarra Sumak ez du erakutsi nahi. Hilabete eta erdi daramagu txosten hori udalean eskatzen, eta ez digute eman. Zergatik ez?». Kontratua sinatzeko prozedurari dagokionez, EH Bilduko kideak azaldu du kontratazio publikorako araudian «artisten espezifikotasuna» aintzat hartzen duen 75. artikuluari jarraikiz egina dagoela hitzarmena, eta kontratu artistiko guztiak «era horretan» egin izan direla beti.

Garcia-Barberenak esanikoak «aitzakia hutsa» direla gaineratu du Belokik, koalizio espainiazalearen «euskarafobia» disimulatzeko: «Ez da kasu bakan bat. Euskararen ordenantza atzera bota eta hizkuntz politikan azken urteetan eginiko aurreraurratsak ezeztatu nahi ditu Navarra Sumak. Euskarafobia kutsua dute erabaki horiek guztiek». Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari trabak jartzea, gainera, «adierazpen askatasunaren kontrako erasoa» ere badela gaineratu du EH Bilduko zinegotziak.

Geroa Bairen udal taldearen izenean, Patxi Leuza zinegotziak adierazi du «tamalgarria» dela Iruñeko udal gobernuak ezarritako debekua: «Aitzakia administratiboak jarri ditu Navarra Sumak: kontratuak direla, datak eta epemugak direla... baina argi dugu erabakia ez dela administratiboa, politikoa baizik. Eta okerrena da, horren guztiaren gainetik, Iruñeko haurrek pairatuko dutela erabaki horren kaltea, ikuskizunik gabe utziko dituztelako». Hori dela eta, debekuan atzera egiteko «edozein proposamen edo mozio» babestuko du Geroa Baik.

Pailazoen agerraldia, etzi

Hautsak harrotu ditu Iruñeko Udalaren erabakiak, talde politikoez gain, euskalgintzako eragileen artean ere. Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, adibidez, «kezkaz eta beldurrez» hartu du ikuskizuna bertan behera gelditu izana. «Susmoa dugu hau ez dela kasualitate bat, aurretik antolatutako eraso bat baizik: hortxe ditugu euskararen ordenantza moldatzeko ahalegina eta euskarazko haur eskolen inguruan eginiko adierazpenak ere», adierazi du.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, bestalde, agerraldi publikoa eginen dute heldu den astelehenean, 17:30ean, Iruñeko Katakrak liburu dendan, auziaren gaineko xehetasunak emateko. Bertaratzeko deia egin diete «haur nahiz helduei».

Iruñeko Udalaren "boikota" salatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna