Koronabirusa

Nafarroako ostalaritzak goizaldeko ordu batean itxiko ditu ateak

Nafarroako Gobernuak bihartik ezarriko du neurria, kutsatzeak ugaritu izanaren ondorioz. Labi batzordea bilerara deitua du Urkulluk biharko

Iruñeko taberna baten barnealdea. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Kutsatzeak gora doaz, «esponentzialki», Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustetan. Lurralde guztietan, eta batez ere gazteen artean. Baina Nafarroako kasua bereziki azpimarragarria da, eta gobernuak neurriak hartu ditu. Aurreko astean onartutako foru dekretua bertan behera utziko du gobernuak, «gutxienez hamabost egunerako», eta ondorioz: uztailaren 7ko gauerditik aurrera, ostalaritzako establezimenduek goizaldeko ordu batean itxi ahalko dute gehienez jota. Herrialdekoegoera «nahiko kritikoa» dela adierazi du Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak: «Egun gutxiren buruan» eguneko 50 kasu baino gutxiago izatetik atzoko 500 pasatxora heldu da.Kasu gehienak 17 eta 29 urte bitartekoen artean atzeman dira; «batzuetan hamar kasutik bederatzi izan dira adin tarte horretan», azaldu du Indurainek.

Igoera hori joan-etorrien ugaritzearekin eta eremu itxietako sozializazioarekin lotu du Indurainek, eta horregatik hartuko dituzte neurriak zentzu horretan. Joan-etorriak azpimarratu ditu Osasun kontseilariak, Saloun (Herrialde Katalanak) izandako ikasturte amaierako bidaien ondorioz egon diren kutsatzeei aipamen eginez. Jaurlaritzak, berriz, «neurriak ez betetzea» jarri du igoeraren arrazoi nagusitzat.Zupiriak azaldu du kutsatzeek ez dutela hainbesteko zerikusirik joan-etorriekin, eta Hernaniko (Gipuzkoa) kasua gogoratu du: bertan kutsatzeen igoera nabarmena izan baita azken egunotan.

Nafarroako Gobernua izan da, beraz, kasuak ugaritu direla ikusita neurriak zorroztu dituen lehena. Duela astebete onartu zuen dekretuak goizeko laurak arte irekitzeko baimena eman zien gaueko aisialdiko lokalei, eta kafe antzokiei eta halako establezimenduei, goizeko ordu biak artekoa. Oraingoz, horixe izango da Nafarroako Gobernuak ezarriko duen neurri bakarra, bestelakorik ezartzea baztertu egin baitu, herrialdearen perimetroa ixtea, esaterako. Dena den, zuhurtziaz jokatzeko eta segurtasun neurriak errespetatzeko «larrialdiko deia» zabaldu die herritarrei.

Jaurlaritzak ez du jakinarazi aldaketarik egongo den, baina bihar bertan bilduko da Labi aholku batzordea, etaZupiriak azaldu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «aholku zientifiko eta teknikoei» jarraituko diela, «neurri gehiago edo gutxiago hartzeko». Egoera okertu egin daitekeela aurreikusi du,datozen hamabost egunetan kasuak ugaritzen jarraitzea «litekeena» dela adierazi baitu. Horiek horrela, «indarrean dauden neurri guztiak» betetzeko deia egin die herritarrei Zupiriak.

Txertoa itxaropen

«Denbora irabazi behar dugu, uztaila behar dugu: kutsatzeak hesitu ospitaleratze bilakatu aurretik», horrela aurreikusi du datozen asteetan datorrena Indurainek. Eta horretarako, txertaketa dute jomugan. Izan ere, Nafarroan jada zabalik dute 18 eta 29 urte artekoak txertatzeko ordua emateko epea, eta 60 eta 67koen AstraZenecaren bigarren dosia aurreratu dute; uztail amaierarako amaitzea aurreikusi du. Lehengo astean hartu zituzten neurri horiek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuan, «aurreikusitako plangintzari» jarraituko diote, Zupiriaren hitzetan. 60-69 artekoen txertaketa ez du aurreratu Jaurlaritzak. Egun 30 urtetik gorakoak ari dira txertatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.