Jaurlaritzak «hurbilketa bat» antzeman du kontuei buruzko negoziazioetan

Erkorekak onartu du EH Bildurekin hasitako elkarrizketek «aurrera» egin dutela azken orduotan. Astearterako nahi dute akordioa; osoko zuzenketen eztabaida egunerako

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, atzo, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Aste honetan askatu beharko dute korapiloa, eta, atzo Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esandakoa aintzat hartuta, ez da horren korapilo estua ere. Eta lasaitzen ari da, gainera. «Hurbilketa bat» antzeman du hark. Ez akordio bat dagoela esateko adinakoa oraindik, baina bai«hurbilketa bat». Are gehiago, esan du orain ez dagoela mahaiaren gainean negoziazio zerrenda luze bat. Bi punturen ingurukoak direla askatu gabe dauden korapiloak —lan arlokoak eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez pentsio baxuenei osagarria handitzeari buruzkoak; berak ahotan hartu gabe, baina nolabait esanda utzi zituenak dira bi horiek—. Asteartean egingo da legebiltzarrean Jaurlaritzaren aurrekontuei jarritako osoko zuzenketen eztabaida —Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkeztu dituzte osoko zuzenketak—, eta ordurako akordioa itxita eduki nahi dutela esan zuen atzo Erkorekak.

Azaroaren 14an aurkeztu zuen Jaurlaritzak 2019ko aurrekontu proiektua, eta aste horretan bertan egin zituen lehen bilerak alderdiekin. EH Bilduren «borondatea» eta balizko bi abstentzioak mahai gainean izan zituen ia hasieratik, pentsio baxuenei osagarriak handitzeari eta lan arloan hobekuntzak egiteari buruz bete beharreko baldintzekin batera—420 milioi inguruko aldaketak ziren hasiera hartan koalizioak proposatzen zituenak—. Elkarrekin Podemosek ez zuen hasieratik ezezkorik eman, baina bai handik bi astera, arlo sozialean Jaurlaritzaren «biratzerik» ez zuela antzeman argudiatuta. PPk hasieratik eman zuen ezezkoa, EAJk eta EH Bilduk Autogobernu Lantaldean lortutako oinarrizko akordioa atzera bota ezean —EAJk ez du halakorik egin—.

EH Bildu da, beraz, joan den azaro amaieratik Jaurlaritzaren interlokutore bakarra aurrekontuak aurrera atera ahal izateko. Koalizio abertzaleak osoko zuzenketarik aurkeztu ez izana izan zen «haien borondate onaren» seinale bat, Azpiazu Ogasun sailburuak ulertu zuenez, eta denbora irabazteko aukera bat ere bai, negoziatzen jarraitzeko arnasa irabazi zuenez. Osoko zuzenketarik ez, baina 233 milioiren zuzenketa partzialak erregistratu zituen koalizioak joan den astean. Eta berriro ere, pentsioen osagarrian jarri zuen azpimarra. Hori da askatzeko falta den korapiloa. Erkorekak ezin argiago azaldu zuen atzo: «Hurbilketa bat gauzatu da. Oraindik ez nahikoa akordio bat dagoela esan ahal izateko, baina hurbilketa bai, egon badago. Eta hurbilketa horren adierazle aipatu daiteke ez dagoela momentu honetan mahai gainean gai zerrenda luze bat negoziaketarako, baizik eta negoziatzeko puntuak, batez ere, bi puntutan konzentratu direla. Horrek erakusten du elkarrizketa egon dela, eta elkarrizketak aurrera egin duela, nahiz eta oraindik ez behar adina». Eta berretsi zuen asteartea baino lehen akordio bat ixteko haren nahia. Hala balitz, «Euskadik inoiz izan dituen aurrekontu onenak lirateke».

PSE-EE ere, saiatzearen alde

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ere aurrekontuak EH Bildurekin aurrera ateratzearen alde mintzatu zen atzo, nahiz eta ohartarazi zuen aurrekontuena ez dela «infinituraino luzatu daitekeen txikle bat». Radio Euskadiri emandako elkarrizketan, Mendiak esan zuen bera «kartutxo guztiak erretzearen alde» dagoela, eta Jaurlaritzak ere negoziazio horietan akordio batera iristeko «borondate argia» duela, 2019koak 2018koak baino aurrekontu «hobeak» direlako.

Mendiaren ustez, EH Bilduk proposatu dituen «hobekuntzak» eta Jaurlaritzak proposatzen dituenak «norabide berean» doaz. Horretarako, ordea, «legearen parametroak» bete behar direla dio Mendiak, eta onartu zuen EH Bilduren lehen proposamenak hori gainditu egiten bazuen ere, gerora eskaria «beheratuz» joan direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.