Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

Garaipen argia lortu du EAJk, eta nahikoa du talde baten babesa

Urkullu lehendakarigaiak esan du «gobernu sendo eta indartsu bat» osatzea duela helburua. Lehentasunen artean, ongizatea bermatzea eta autogobernu handiagoa lortzea daude
Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Itxaso Atutxa, atzo gauean, Bilboko Sabin Etxean.
Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Itxaso Atutxa, atzo gauean, Bilboko Sabin Etxean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu -

2016ko irailak 26
ESERLEKUAK

29

BOTOAK

397.664

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Iñigo Urkullu, Jone Berriozabal, Estefania Beltran de Heredia, Luis Javier Telleria, Ana Isabel Oregi, Unai Grajales, Juan Carlos Ramirez-Escudero, Almudena Otaola.

Bizkaia: Josu Erkoreka, Iñigo Iturrate, Josune Gorospe, Amaia Arregi, Jon Aiartza, Leixuri Arrizabalaga, Joseba Zorrilla, David Latxaga, Gotzone Sagardui, Amaia Betolaza, Izaskun Markinez, Mikel Arruabarrena.

Gipuzkoa: Joseba Egibar, Bakartxo Tejeria, Arantza Tapia, Kerman Orbegozo, Irune Berasaluze, Iñaki Agirre, Garbiñe Mendizabal, Luke Uribe-Etxebarria, Aitor Urrutia.

Aurretik egin diren beste hamarretan bezala, EAJk irabazi ditu bozak. Duela lau urteko emaitzak hobetu ditu, botoetan —12.898 gehiago— eta legebiltzarkideetan —bi gehiago—, eta hiru herrialdeetan lehena izan da. Bigarrenari, EH Bilduri, 12 aulkiren aldea atera dio (173.410 boto). Argia izan da EAJren garaipena, eta talde baten babesa nahikoa izango du legebiltzarrean gehiengo osoa batzeko.

«Prest gaude elkarrizketaren bidea jorratzen jarraitzeko. Etorkizuneko gobernu sendo eta indartsu bat osatzea izango da helburua», esan du Iñigo Urkulluk, Bilboko Sabin Etxean. EAJren lehendakarigaiarentzat lehentasuna izango da herritarren «ongizatea bermatzea», eta azpimarratu du «autogobernu handiagoa» beharrezkoa dela horretarako. «Akordio politiko berri bat bermatuko dugu, [Espainiako] Estatuarekin alde biko harremana eta nazio izaera aitortuko duena». Independentziaren aldeko oihuak entzun ziren Urkullu Sabin Etxetik kalera irten zenean.

EAJk izango du gobernua osatzeko erantzukizuna. Andoni Ortuzar EAJren presidenteak esan du gaurtik aurrera hasiko direla «erabakiak hartzen». «Alderdi guztiekin hitz egiteko prest gaude, erakundeak ahalik eta arinen eratzeko». Araudiaren arabera, eta ohiko epeak betez gero, azaro erdi aldera izan daiteke inbestidura saioa, eta Urkulluk ez luke arazorik izan behar lehendakari hautatua izateko. Ordurako, baina, ez du akordiorik behar: nahikoa du bere kontrarioak —izango balu— baino boto gehiago lortzea.

Gobernabideari dagokionez, beste talde baten babesarekin izango luke gehiengo osoa legebiltzarrean. Azken legegintzaldian lehentasunezko kide izan duen PSE-EErekin, 38 eserleku ditu, atzerriko botoak zenbatzea falta dela. Bizkaian 80 botoren aldea dago EAJren eta EH Bilduren artean. EAJk azken eserleku horri eusten badio, gehiengo osoa luke PSE-EErekin, EH Bildurekin, Elkarrekin Podemosekin edo PPrekin. Baina azkena EH Bildurentzat bada, koalizio subiranistarekin edo Elkarrekin Podemosekin soilik. Ikusteko dago, beraz, hiru aldundietan eta udaletan PSE-EErekin duen koalizio formularen alde egingo duen EAJk, ala beste bideren bat saiatuko duen.

Emaitza onenen artean

EAJ bakarrik aurkeztu den aurreko zortzi aldietan lorturiko batez bestekoen gainetik daude atzoko emaitzak. Duela lau urtekoak hobetu ditu. Eta oso gertu egon da 2009an Ibarretxe lehendakarigai zela lorturikoetatik —orduan ez zuen gobernua eskuratu, PSE-EEk eta PPk bat egin zutelako—. Inoizko emaitza onenen artean daude atzokoak. Bakarrik aurkeztuta, hobeak lortu zituen 2009an eta 1984an, alderdia banatu eta EA sortu aurreko azken bozetan, eta hobeak EArekin koalizioan ere, 2001ean eta 2005ean.

Koalizioa utzi ondoren, EAJk eutsi egin dio Ibarretxeren garaian lorturiko botoen zati handi bati. 1998ko bozetan, %28 lortu zuen, eta, koalizioa utzi ostean, 2009tik aurrera, %34-38. Igoera bereziki deigarria izan da Gipuzkoan —%10etik gora— eta Araban —%6 inguru—. Bizkaian, berriz, 2009ko oso antzeko portzentajea eskuratu du, duela lau urte beherakada txiki bat (%3) izan ondoren.

Hiru herrialdeetan izan da lehena EAJ: Araban 8 eserleku —bat gehiago—, Bizkaian 12 —bat gehiago— eta Gipuzkoan 9 —berdin—. Baita hiriburuetan eta eskualde gehienetan ere. Ekaineko Espainiako Gorteetarako bozetan, aurretik izan zuen Ahal Dugu hiru herrialdeetan. «Euskadi ezberdina da, eta gaur argi eta garbi geratu da; gauzak egiteko modu ezberdina daukagu, eta hori ere argi eta garbi geratu da», esan du Ortuzarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna