De Miguelen defentsak eskatu du ez men egiteko «gizartearen presioari»

Gonzalo Susaetak «epaiketa paralelo» bat salatu du bere ondorioetan. Esan du frogak idazkari judizialaren kontroletik kanpo egon direla, eta «manipulatu» egin dituztela
Gonzalo Susaeta abokatua eta hark defendatzen duen Alfredo de Miguel auzipetua, atzo, auzitegira bidean.
Gonzalo Susaeta abokatua eta hark defendatzen duen Alfredo de Miguel auzipetua, atzo, auzitegira bidean. D. AGUILAR / EFE

Gotzon Hermosilla -

2018ko abenduak 4
Akusazioek euren eskaerak egin ostean, defentsen txanda iritsi da De Miguel auziko epaiketan, eta akusatu nagusi Alfredo de Miguelen abokatu Gonzalo Susaeta izan da lehenengoa bere txostena aurkezten: frogak baliogabetzeko eskatu du, bere ustez zazpi hilabetez kontrolik gabe egon zirelako eta «manipulatu» egin dituztelako, eta epaimahaiari galdegin dio ez diezaion amore eman «presio sozialari», bere ustez iritzi publikoak jadanik «ustezko erruduntzat» jo baititu akusatuak.

Susaetaren ustez, epaiketaren abiapuntua «aldez aurretik baldintzatuta eta ezarrita» egon da, «lehen auzipetuak eta gaur egun akusatuak diren pertsonen oinarrizko eskubideak hasiera-hasieratik urratu direlako».

Eskubide horiek urratu dira, De Miguelen abokatuaren iritziz, «epaiketa mediatiko paralelo bat» egon delako, instrukzio fasetik indarrean egon dena eta prozesu osoan eragina izan duena.

Susaetaren aburuz, instrukzio fasean ere, «ekinbideak ustez sekretupean zeudenean» hasi zen «epaiketa paralelo» hori, eta Eusko Legebiltzarrean auziari buruzko bi ikerketa batzorde eratu izanak eta «mota guztietako politikarien adierazpen tamalgarri eta askotarikoek» ere lagundu dute horretan.

«Goizero, gosaritarako bagenituen bezperako saioaren iruzkin, balorazio eta enparauak», esan ditu Susaetak. «Prentsarentzat, gure alderdientzat, Twitterreko gizarte honentzat nik defenditutakoak ustezko errudunak izan dira».

Horregatik esan du espero duela epaimahaia «iritzi berekoa» ez izatea eta «gizarteak egindako presioari amore ez ematea». «Nafarroako Auzitegian gertatutakoari beldurrik ez izateko» ere eskatu die epaimahaikideei: horrekin, 2016ko sanferminetan Iruñean izandako talde bortxaketaren auziari erreferentzia egin dio Susaetak. «Espero dut epaimahaiak aintzat hartuko dituela zigor prozesuen arauak eta herritarren oinarrizko eskubideak», azaldu du.

«Irregulartasunak»

Alfredo de Miguelen abokatuaren arabera, «irregulartasun» ugari egon dira prozedura osoan. Adibidez, esan du auziaren oinarri izan diren frogak «idazkari judizialaren kontroletik at» eta «epaitegitik kanpo» egon direla, eta susmoa du froga horiek «manipulatu» ote dituzten.

Zehazki, Susaetak esan du froga informatikariak «zigilatu gabe» agertu zirela, eta, agirien kasuan, «aldatu, gehitu edo ezabatu» egin direlako zantzuak egon zitezkeela. Ertzaintzaren jokabidea ere kritikatu du, eta «gehiegizkoa» eta «neurrigabea» izan dela iritzi dio. Horregatik, froga horiek guztiak baliogabetu eta akusatuak errugabetzat jotzeko eskatu du.

Frogen ustezko manipulazioaz gain, Susaetak erantsi du fiskaltzak ez duela «zalantzarik gabeko aztarna objektiborik» aurkeztu, «susmo eta burutapen hutsak» baizik.

Lehenago ere, De Miguelen abokatuak behin baino gehiagotan eskatu du froga guztiak baliogabetzeko, ustezko irregulartasun horietan oinarrituta. Epaimahaiak esan du epaia erredaktatzeko ordua iristen denean erabakiko duela abokatuaren eskaera horren inguruan, baina, instrukzio fasea amaitu zenean, Arabako Auzitegiak ebatzi zuen ez zegoela arrazoirik ikerketa baliogabetzeko.

Fiskaltzak 29 urte eta 9 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du De Miguelentzat, hura Arabako EAJren zenbait burukide ohik osatutako sarearen buru nagusia delakoan. De Miguelena da zigor eskaerarik handiena; hala ere, fiskaltzak murriztu egin du hasierako zigor eskaera, lehen 54 urte eta 11 hilabete eskatzen baitzizkion. Orotara, hogei delitu leporatzen dizkio: legez kanpoko elkarte baten buru izatea, diru zuritzea, eroskeria pasiboa, derrigortzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea, agiriak faltsutzea eta abar. De Miguelez gain, beste 25 akusatu daude.

Gonzalo Susaeta abokatuak gaur jarraituko du bere ondorioak aurkezten, eta espero izatekoa da gaur bertan amaituko duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna