Nafarroan EAEko biktimen legearen ildo beretik jotzeko eskatu du PSNk

Laukoak azaldu du konstituzionalak ezarritako mugen gainetik polizia indarkeriaren biktimek aitortzarako eskubidea dutela. Lege proposamenak lehen pausoa eman du

joxerra senar
Iruñea
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Lau urte geroago, eztabaida politikoak ia bere horretan jarraitzen du. Udan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2015eko indarkeria polizialaren biktimen legea kamustu zuen, eta, epai horrek ezarritako harlauza gainditu nahirik, bigarren ahaleginean, laukoak beste lege proposamen bat aurkeztu zuen iragan hilean. Atzo, Nafarroako Parlamentuak bide eman zion egitasmoaren tramitazioari, baina eztabaidak agerian utzi zuen posizio politikoak ez direla aldatu. UPNk zein PPk «kontakizunaren bataila irabazi nahi izatea» eta «justizia paralelo bat» ezartzea leporatu zieten proposamenaren sustatzaileei, duela lau urteko argudioak errepikatuz. PSNk, berriz, EAEko biktimen legearen ildo beretik jotzeko eskatu zuen, Nafarroan aurkeztu den egitasmoak «legea beteko ez duen zantzu argiak» baititu.

Atzoko eztabaidan, PSNren jarrera izan zen deigarriena. 2015ean, legearen alde bozkatu zuen, eta atzo Inma Juriok iragarri zuen azken bozketan ezezkoa emango dutela, «baldin eta Konstituzionalaren irizpideak betetzen ez badira». «Ez dugu legalitatearen aurka pultsua jokatzeko asmorik», gaineratu zuen. Erdian jarri nahi izan zuen Juriok, baina alde batera lerratu zen. Motibazio politikoko biktimek aitortzarako eskubidea dutela onartu zuen, baina beste biktimekin «parekatu gabe, eta ETAren terrorismoa zuritu gabe». Haren esanetan, giza eskubideen urraketa hori «ez da erabili behar argudiatzeko bi alderen arteko gatazka bat zegoela». Halaber, segurtasun indarrei bere babesa adierazi zien: «Demokraziaren alde egin dute borroka, bai ETA amaitzeko, bai ETA aitzakia gisa erabilita krimenak egin zituztenekin amaitzeko».

Proposamenak jasotzen du aitortza eta egiarako batzorde bat sortzeko aukera, baina, Konstituzionalak baliogabetutakoaren aldean, hainbat diferentzia ditu. Batetik, Nafarroako Gobernuaren barruan egituratuta egongo da, eta, bestetik, prozedura administratibo bidez aitortuko dituzte biktimak. Argi bereizten du kasu bakoitzaren azterketa ez dela botere judizialaren eremuan sartzen, eta arduradunak eta delituak ezingo dituela adierazi.

EH Bilduko Bakartxo Ruizen ustez, Konstituzionalak «muturreraino eraman nahi du ukazioa, bestelako biktimak aitortzeko eskubidea ia-ia debekatzeraino». Horren gainetik, aurrera egiteko beharra azpimarratu du.

«Ez gara etsituko isiltasunaren eta ahanzturaren aurrean», azaldu zuen Marisa de Simon Ezkerrako eledunak: «Auzitegiek euren lana egin izan balute, ez geundeke hemen. Gobernu sozialistek zein popularrek, torturen eta hilketen aurrean erantzukizunak bilatu ordez, dominak eman dizkiete epaitegietan zigortuak izan diren pertsona bakanei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.