Geroa Baik laukoari eskatu dio Espainiako bozetara batera joatea hausnartzeko

Lau alderdiekin «gogoeta bateratua» eskatu du Barkosek. EH Bilduren proposamena da alderdi subiranistak elkarrekin aurkeztea boz horietara

Uxue Barkos eta Adolfo Araiz Nafarroako Parlamentuan, urrian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Joan den astean Geroa Baik egindako proposamena berretsi zuten atzo Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak eta Koldo Martinez Nafarroako Parlamentuko Geroa Bairen bozeramaileak: datorren apirilaren 28ko Espainiako Gorteetako bozetara laukoa Ezkerra, EH Bildu, Ahal Dugu eta Geroa Bai elkarrekin joatea nahi dute. Ezkerrak eta Ahal Dugu-k segituan eman zuten ezezkoa, baina Martinezek lau alderdiei eskatu die «hausnarketa bateratua» egiteko. «Badugu oraindik gogoetarako tartea, borrokan segituko dut. Herritarren interesei erantzun onena eman behar diegu», ohartarazi du Barkosek.

Lehendakariaren arabera, Espainiako hauteskundeak «autogobernuari egindako erasoen» testuinguruan izango dira, eta, horregatik, eskatu du eman beharreko erantzuna «siglez haragokoa» izatea. Martinezek esan du xedea «autogobernu soziala defendatzea» dela. Geroa Baik bilera bat egitea proposatu die laukoa osatzen duten alderdiei: «Erantzuna oso azkarra izan zen, baina uste dut gaiak merezi duela lau indarren hausnarketa bateratu bat», esan du Martinezek, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak emandako ezezkoari erreferentzia eginez.

Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako parlamentariak gogora ekarri du, hain justu, bi alderdi horien ukoa, baina prest agertu da aukera hori aztertzeko. Edonola ere, Araizek azpimarratu du «indar subiranisten aliantza» nahiko lukeela: «Ez dakigu Geroa Bai eta Barkos aurrera jarraitzeko moduan ote diren».

Hain zuzen ere, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak eman du koalizio abertzaleak Espainiako hauteskundeetarako duen asmoen berri: alderdi subiranistei dei egin die bozetara elkarrekin joateko, Europako hauteskundeetarako adostu moduan. Urtarrilaren 26an aurkeztu zuten EH Bilduk, BNGk eta ERCk hautagaitza bateratua, eta Espainiakoetan ere autodeterminazio eskubidea defendatuko duen bloke bat sortzea proposatu du. «Bat egiteko garaia da, erabakiak hartzeko gunean egon behar dugu eta eraginkorrak izan», nabarmendu du Otegik. Ohartarazi du, gainera, penintsulako euskal herritarrei bi aukera soilik eman nahi zaizkiela: «PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatzen duten bloke autoritarioa edo eskubide nazionalak ukatzen dizkien statu quo bat defendatzen dutenak».

Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresuko diputatuak, ordea, ihardetsi du EH Bildu ez bada gai Jaurlaritzako aurrekontuetarako akordioa bilatzeko, ez dezala «handira egindako koalizio» baten proposamenik egin. Espainiako Gorteetako hauteskundeek udal eta foru bozekin bat egitea ona dela ohar egin du, gainera: «Hauteskunde orokorretako mezuek gainerako guztiei itzal egin liezaiekete». Ahal Dugu, berriz, udal eta foru hauteskundeetara begira jarri da. Andeka Larrea bozeramaileak dei egin die PSEri eta EH Bilduri «aldaketako gobernuak» osatzeko, EAJren politikak «eraldatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.