Esparzaren ustez, PPrekin lortutako ituna «txarra da» abertzaleentzat

Txibitek akordioen eremutik kanpo utzi du UPN, PPrekin bat egin ostean. EH Bilduk epea ireki du Kongresurako hautagaiak izendatzeko, eta astebururako izan ditzake

joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen iragarpenak eragin du lehen mugimendu esanguratsua Nafarroan. Urte hasieran inor gutxik espero zuen UPN PPren eskutik aurkeztuko zela foru hauteskundeetara, baina hilabete lehenago beste bozetara deitzeak dena aldatu du. Bi hitzordu garrantzitsu horietara PPrekin batera joateari oniritzia eman zion UPNko kontseilu politikoak, larunbatean. Erabakia hartu osteko argazkietan ez ziren pozik nabari UPNko ordezkariak, baina atzo erabakia sutsu defenditu zuen Javier Esparza presidenteak. Bere irudiko, arerioak «urduritu egin ditu» albisteak. Bere ikuspegitik, Nafarroa «Euskal Herriaren barruan edo Espainiaren barruan» nahi dutenen artekoa da lehia, eta horregatik, akordioa «konstituzionalistentzat ona eta abertzaleentzat txarra» dela deritzo. UPN «ahalik eta indartsuen» izatea eta «boto bakarra ez galtzea» bilatu dutela arrazoitu du.

Uneko behar bati erantzuteko premiak eraman du UPN PPrekin lotzera. Hamazazpi urtez, bi alderdi eskuindarrek itun politiko bat izan zuten, harik eta 2008an, sozialistekin akordioa errazteko asmoz, Miguel Sanzek haustea erabaki zuen arte. Iragana ahantzita, UPNk berriro bere etorkizuna PPrekin lotu nahi izan du, baina garrantzi handiko erabaki hori ez da aho batez hartu. Kontseilu politikoan, %23k kontra bozkatu zuen. Adibidez, hamar urte lehenagoko hausturaren arduradun nagusi izan zenak, Sanzek, kontseilu politikoa arrapalada batean utzi zuen larunbatean, emaitza jakin bezain azkar.

Bi alderdiek ez dituzte akordioaren nondik norakoak aurreratu, eta oraindik xehetasunak lotzen ari direla zehaztu dute. Nafarroako erabakiak UPNk hartuko lituzke, baina ikusteko dago Espainian PPk eskuineko beste alderdiekin egiten dituen hitzarmenak nola eragingo dioten.

Gainera, ustelkeriaren orban handiak luzaro zikinduko du PP.UPNko ordezkari esanguratsuek iragan hurbilean gogor kritikatu dute alderdi popularra horregatik, baina ziztu bizian ahaztu zaizkie kritika horiek eta euren patua PPrekin erlazionatzea nahiago izan dute. PPren ustelkeria kasuek etorkizunean kalte egin diezaioketen galdetuta, Esparzak arreta desbideratu nahi izan zuen atzo, UPNren aurkako ustelkeria kasurik ez dagoela argudiatuta.

Aliantzen politikan ere nola eragingo duen ikusteko dago. PSNko Maria Txibitek argudiatu zuen PPren eskutik joanda UPN «akordioen eremutik kanpo» geratu dela. Sozialistek marraztu ohi dituzten marra gorrien barruan sartzen dira EH Bildu eta PP: «Pedro Sanchezek gidatzen duen ezein proiektu sozialistak ezin du PPren zerrenda batean aurkezten den inor babestu gobernu bateko presidente izateko», aipatu zuen atzo Txibitek.

Esparzak ardura horrek PSNren teilatu gainean jarrai dezan nahi izan du, aurretik erabilitako argudio bat hamaikagarren aldiz errepikatuz: «Nafarroan, hiruzpalau hilabete barru, edo gobernu nazionalista bat osatuko da edo UPNren eta beste alderdi batzuen arteko gobernu bat osatuko da. PSNk hautatu beharko du. UPN bere markarekin aurkeztuko da eta Nafarroan ez du erabaki ahalmenik galduko. Sozialista nafarrek ikusiko dute zer egin».

Iñigo Alliren kritika

Argi dago UPNn denak ez daudela ados. Kontseilu politikoan bildutako 150 militanteen artean %23 aurka azaldu ziren eta Sanzek bilera azkar batean utzi zuen. Iñigo Alli diputatuak duela pare bat aste aurreratu zuen ez zela berriz hautagai gisa aurkeztuko. Larunbatean, berriz, txio baten bidez, hitzarmena kritikatu zuen: «Halako egun batek nire ideologia berretsi dit. Zentraltasunean, zaurgarrienekiko kezkati, eta botere faktikoen aurka. Neurritasunean. Kudeaketa etikoan, tranparen eta ustelkeriaren aurka». Arlo pribatuan berriro lan egiteko asmoa duela iragarriagatik, denborak erakutsi du, UPNren emaitzen arabera, Alliren txio horrek bestelako mugimendu taktikoa islatzen duen.

EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, UPNk mozorroa kendu du eta benetako aurpegia erakutsi. Araizen ustez, hitzarmenak, funtsean, «Espainia gehiago eta Nafarroa gutxiago» esan nahi du, eta legealdi honetan Ana Beltranen ildoaren atzetik ibili ostean, Esparzak errematea jo duela deritzo: «Ez gaitu harritu». Geroa Baiko Koldo Martinezen ustez, «Nafarroa espainiarraren alde» egin du beste behin UPNk, foruaren eta autogobernuaren aldeko jarrera itxurazkoa dela frogatuz.

Arerioa kritikatuagatik, orain pilota laukoaren teilatuan dago. Senaturako lau alderdiak elkarrekin joateko akordioa ez da guztiz lotu, baina, Araizen esanetan, uneotan «aukera bakarra» da. Kongresurako batasunak zailago dirudi. Ahal Dugu ekuaziotik kanpo dago, eta EH Bildu eta Geroa Bairen artean elkarrizketak egonagatik, ez dago ezer sendorik. EH Bilduk atzo batzarrean hautagaitzak aukeratzeko epea ireki zuen eta asteburuan hautagaiak izendatzea espero du. Hots, koalizioak bakarrik joateko prozesuari ekin dio. Geroa Bai, berriz, hautagaitza bateratuaren alde ari da lanean, Martinezen esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.