Koronabirusa munduan

40 milioi lagunetik gora kutsatu ditu COVID-19ak munduan

Mundu osoko kasuen erdiak baino gehiago AEBetan, Brasilen eta Indian zenbatu dira. Europan eta Amerikan izan du gorakadarik handiena pandemiaren bigarren olatuak

Jendea maskarak jantzita Alemanian. RONALD WITTEK / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
COVID-19aren bigarren olatu betean dago mundua, 40 milioi kutsatutik gora eta 1,1 milioi hildakorekin. Kasu guztien erdiak baino gehiago batu dituzte hiru estatutako datuek: AEBetakoek, Brasilgoek eta Indiakoek. Mundu osoan egin dute gora grafikoetako kurbek, Amerika eta Europa kaltetuenak izan badira ere. Asiak gehitu du kutsatu gutxien, baina zenbait herrialdek kezka azaldu dute. Hala ere, kutsatuen erdiak baino gehiago sendatu dira birusa gaindituta, 27,5 milioi lagun.

Datu kezkagarriak utzi zituen atzo koronabirusak; 40 milioi kutsaturen langa jada igarota eta kutsatuen kurbak goranzko joera hartuta. Koronabirusaren gaitza gehien pairatzen ari den herrialdea AEBak dira, 8,15 milioi kutsatu eta 219.674 hildakorekin. India, Brasil eta Errusia ditu atzetik, 7,55 milioi, 5,22 milioi eta 1,4 milioi kutsaturekin, hurrenez hurren.

Amerikak batu du kasu gehien; hain zuzen ere, kasu gehien dituzten lau estatuetatik bi Amerikakoak dira: AEBak eta Brasil. Mundu osoko kasuen ia erdiak batzen dira kontinente horretan, eta bertako kasuen erdiak baino gehiago Latinoamerikan gertatu dira; AEBei gertutik jarraitzen diete Brasilek eta Argentinak. Eta zenbaitetan AEBak baino eguneko kasu gehiago ere izan ditu Brasilek.

Latinoamerikako kasuan, ordea, hildakoen kopuruak ematen du errealitatearen irudi gardenagoa; birusak pertsona gehien hil dituen herrialdeen zerrendan Latinoamerikakoak dira zerrendaburu, Belgika eta Espainia salbu.

Europak ere izan du gorakadarik, eta esan bezala, kontinenteko zenbait estatu kutsatuen eta hildakoen zerrendetan lehenengo hamar postuen artean daude. Espainiak eta Frantziak dituzte kutsatu gehien: biek milioitik gertu, eta bakoitza 33.000 hildako baino gehiagorekin.

Neurri berriak Europan

«Bigarren olatuaren kurba apaldu ezinik» daude munduko estatu gehienak, adituek azaldu dutenaren arabera. Hori adierazten dute zenbait herrialdek kutsatzeak kontrolatzeko hartu dituzten neurriek. Europako kasuan, gehienek hartu dituzte neurriak, dela estatu mailan dela maila apalagoan. Eta, neurriez gain, herritarrei etxean gelditzekoeskaria orokortu da estatu gehienetan.

Poloniak alarmak piztu ditu Europan; izan ere, Varsoviako Estadio Nazionala COVID-19az gaixotutako herritarrak artatzeko behin-behineko ospitale bilakatuko dutela adierazi zuen atzo Piotr Mueller gobernuko bozeramaileak. «Kasu berrien kopurua oso azkar doa gorantza, eta ospitaleratutako pazienteentzat behar beste ohe egotea ziurtatu behar dugu».

Beste zenbait herrialdek ere prebentziorako neurriak hartu dituzte. Txekiako Errepublikak, Herbehereek eta Kataluniak tabernak eta jatetxeak itxi dituzte, eta soilik etxera eramateko janaria saltzea baimendu diete.

Herrialde gehienek bildu daitekeen jende kopurua ere mugatu dute; sei dira Txekiako Errepublikan, bost Portugalen, lau Belgikan, hamar Alemanian eta hamabost Irlandako Errepublikan.

Jatetxeetako ordutegiasoilik ez, herritarrena ere mugatu dute beste zenbait tokitan. Frantzia da horren adibide: estatuko bederatzi hiritan gaueko bederatzietatik goizeko seiak arte kalean egotea debekatu du Macronen gobernuak. Galesko Gobernuak ere, kasuen gorakada ikusita, bi asteko konfinamendua dekretatu du.

Erraldoi asiarra

Koronabirusak ez du leku guztietan berdin eragin, eta garai batean zenbaitek guztiz asiarra zen birustzat bazuten ere, geroz eta gutxiago du asiarretik. Munduan kasu gehien duen bigarren estatua —India, 7,55 milioi kasu— kontinentean badago ere, kasuen beherakada bizitzen ari da. Kezkagarriagoak dira Iranen datuak; atzo lehen aldiz pasatu baitzuen eguneko 300 hildakoen langa. Dena den, Asiako herrialdea urrun dago Indiako datuetatik, milioi erdi kutsatu inguru baitaude Iranen.

Afrikara begira, Hegoafrikak zenbatu du kasu gehien: 703.000tik gora. Gainontzeko herrialdeetan datuak oso eskasak dira, baina Tunisiak, zenbatutako 40.000 kasuen ondorioz, etxeratze agindua ezarri du estatu osoan. Horrez gain, Sahelgo 12 milioi haurrek eskolara joaterik izango ez dutela adierazi du Errefuxiatuen Norvegiako Kontseiluak, Maliko, Burkina Fasoko eta Nigeriako indarkeriari birusa batu baitzaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.