Koronabirusa

Nitrogeno dioxidoa ia %40 gutxitu da izurria hasi zenetik

Ekologistak Martxan taldeak Hegoaldeko hiriburuetan zenbat nitrogeno dioxido dagoen neurtu du. Gasteizen gutxitu da gehien; Donostian, aldiz, gutxien

Errepide bat ia hutsik, martxoan, Donostian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Hildakoak, kutsatuak, itxialdiak, zailtasun ekonomikoak... Ezin konta ahala nahigabe eta arazo eragin ditu pandemiak, baina zerbait positiboa ere bai: murriztu egin da kutsadura. Hala baieztatu du Ekologistak Martxan taldeak txosten batean: nitrogeno dioxidoa neurtu du Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Azterketaren arabera, isuri horiek gutxitu egin dira izurria hasi zenetik; orain, maila apal horiei eustea jarri dute erronkatzat.

Batez ere, ibilgailuen trafikoari lotutako gasa da nitrogeno dioxidoa (NO2). Eta pandemian «nabarmen» gutxitu dira haren emisioak, Antonio Castaño txostenaren koordinatzaileak berretsi duenez: Hegoaldeko hiriburuetan, batez beste %38 urritu dira. Ikerketan, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko hamabost estaziotako datuak aztertu dituzte: ikusi dute zenbat nitrogeno dioxido mikrogramo zeuden metro kuboko, bai alarma egoeran, bai udan —ekainaren 22tik abuztuaren 31ra—, bai udazkenean—irailaren 1etik urriaren 31ra—, eta 2010etik 2019ra erregistratutako datuekin alderatu dituzte.

Hiri batetik bestera handia izan da aldea. Gasteizen izan da jaitsierarik handiena orotara, %46koa. Alarma egoera indarrean zegoen artean, %59 jaitsi zen, eta, udan, kutsadura azken hamarkadan baino %41 txikiagoa izan zen. Mugikortasuna areagotu ahala, aldea apalduz joan da, eta udazkenean %33 jaitsi zen, azken urteekin konparatuta. Hurrengo beherakadarik handiena Iruñean atzeman dute: %35ekoa izan da. Murrizketa dezente handiagoa izan zen alarma egoeran (-%49), eta kutsadura handituz joan da udan (-%32) eta udazkenean (-%17). Bilbon, berriz, oro har, %34 gutxitu da nitrogeno dioxidoa, eta han ere aldea dago garaiaren arabera: alarma egoerak iraun artean, %42ko jaitsiera egon zen; udan, %30ekoa; eta udazkenean, %26koa. Donostian, berriz, jaitsiera dezentez txikiagoak nabaritu dituzte: oro har, %32koa izan da; alarma egoeran, %47koa; udan, %24koa; eta udazkenean, %16koa.

Datu horien atzean egon daitezkeen arrazoiez mintzatu da Castaño. Batetik, eguraldiari erreparatu dio: «Bilbori eta batez ere Donostiari dagokionez, alarma egoeran eguraldia oso lehorra izan zen Kantauri itsasoaren inguruan». Bestetik, turismoaren eragina azpimarratu du: «Donostiak izan du jaitsiera txikiena, eta hura itzuli da azkarren aurreko urteetako mailaren antzekora; agian, udan izan zuelako denboraldi turistikoaren antzeko zerbait».

«Kutsadurak osasunari eragiten dio, bai epe motzera, bai epe luzera», ohartarazi du Castañok. Argi du haren kalteak zein diren: «Gas horrek [Espainiako] estatuan 7.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtean, eta COVID-19aren hilgarritasuna ere areagotzen du, hainbat azterketaren arabera». Beraz, begi onez ikusi du jaitsiera: «Kutsagarrien murrizketa honek jada eragin positiboa izango zuen pertsonen osasunean». Halere, maila horiek mantendu egin beharko liratekeela uste du, eragina «iraunkorra eta sendoagoa izan dadin».

Halere, argi du jaitsiera hori ezin dela soilik pandemiara mugatu: «Mugikortasun politika desberdin bat behar da, nitrogeno dioxidoaren murrizketa iraunkorra izan dadin». Beraz, kutsadura apalari eustea da orain erronka. Baina nola lortu daiteke hori? «Ideala litzateke ahalik eta gehien gutxitzea auto pribatuen joan-etorriak», azpimarratu du Castañok. Horretarako, premiazkoa iruditzen zaio, besteak beste, garraio publikoa indartzea eta finantzatzea, bidaiarien segurtasuna bermatzea, eta telelana sustatzea, joan-etorriak gutxitzeko.

Mundura begira

Kutsadura Euskal Herriko arazoa soilik ez, mundu osokoa da. Nazio Batuen Erakundeko Ingurumen Programak txosten batean adierazi duenez, koronabirusaren pandemiaren ondorioz karbono dioxidoa —berotegi efektua sortzen duten gasetako bat— urritu egingo da aurten, baina ez du baretuko klima larrialdia, munduak suspertze «berde bat» sustatu ezean behintzat. Karbono dioxidoaren jaitsiera %7rainokoa izatea aurreikusi dute, bidaia kopurua, industria jarduera eta ekoizpen elektrikoa gutxitzearen ondorioz. Halere, jaitsiera horrek ez du aparteko eraginik izango klima aldaketaren aurkako borrokan: «2050erako berotze globala soilik 0,01 gradu jaistea dakar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.