Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu

EH Bilduk«zeruaren konkistari» ekingo diola iragarri du Otegik

Ekainean koalizioa desagertzear zegoela uste zutenei berrindartuta atera direla ohartarazi die Otegik. Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo zabala dagoela azpimarratu du
EH Bilduko hautagaiak, atzo, Donostian, emaitzak ospatzen.
EH Bilduko hautagaiak, atzo, Donostian, emaitzak ospatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2016ko irailak 26
ESERLEKUAK

17

BOTOAK

224.254

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Miren Larrion, Mikel Otero, Eva Lopez de Arroiabe, Josu Estarrona, Eva Blanco.

Bizkaia: Jasone Agirre, Mikel Casanova, Jone Goirizelaia, Julen Arzuaga.

Gipuzkoa: Maddalen Iriarte, Pello Urizar, Rebeka Ubera, Unai Urruzuno, Larraitz Ugarte, Nerea Kortajarena, Maider Otamendi, Oihana Etxebarrieta.

«Hemen gaude, inoiz baino indartsuago». Alai, Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta Miren Larrion ezker-eskuin zituela eta atzean Pello Urizarrek zein Mikel Estarronak irribarre zabalak zituztela, Arnaldo Otegik aldarrikatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alternatiba «ezker independentismoa» dela. Lehen hitzetan, EAJ zoriondu zuen, baina jarraian koalizioari begirako barne mezua eman zuen, iragan hurbil bezain zaila atzean utzi eta aurrerantz begira. «Bai, zorionduko dugu Eusko Alderdi Jeltzalea, irabazi baitu, baina garbi daukagu lau urte barruko zeruaren konkista gau honetan hasiko dela».

Espainiako Gorteetarako bi hauteskundeetako emaitza txarren mehatxua buru gain zuen EH Bilduk, eta inkesta batzuek Elkarrekin Podemosek aurrea hartuko ziotela iragarri zuten. Egoera zail horren inguruan, atzo gaueko emaitzek mamu hori aldendu zuten. Estefania Beltran de Heredia sailburuak azken emaitza iragarri eta gutxira, alderdietako ordezkarien artean lehena hitz egiten izan zen Arnaldo Otegi. Txalo artean, bere lehen hitzetan Alfonso Sastre idazleari zein bere inhabilitazioaren aurrean sinatu eta babesa adierazi dioten guztiei egin zien aipamena. Euskal presoak ere izan zituen gogoan. «Lehenik eta behin, gogorapena kartzelan zaudeten guztioi, senideei zein erbestean zaudetenoi».

Berehala, arerio politikoekin gogoratu zen. Otegiren esanetan, koalizio abertzalearen ekaineko emaitza txarren aurrean, «batzuen ametsa zen ezker subiranismoa desagertuko zela herri honetan, laugarren indarra bilakatuta, behin betiko independentismoak ez lukeela izango etorkizunik». Horren zain zeuden arerio politikoei gogorazi zien bigarren indarra direla, 225.000 boto eskuratu dituztela, hamazazpi eserleku lortu dituztela eta lehia estu-estua izan duela EAJrekin Bizkaian. 18. eserlekua dantzan egon zen azken unera arte.

Koalizio barrurako mezua emanez, eskerrak eman zizkien EH Bilduri botoa eman dioten herritar guztiei. Jarraian, iragan hurbileko zailtasunak aurrerako bulkada hartzeko baliatu nahi izan zituen Otegik. «Gaur, gauza handi bat egin dugu. Oso emaitza txarretatik gentozen, ia lur jota geunden. Botoak inportanteak dira, eserlekuak inportanteak dira, baina hori baino inportanteagoa da zuen aurpegiak ikustea, barreak ikustea, ilusioa ikustea. Eta hau hasi besterik ez da egin».

Animoak eman ondoren, mezu politikoagoa zabaldu zuen. Otegik azpimarratu zuen atzoko emaitzek kanpainan EH Bilduk eman duen mezua berretsi dutela. «Legebiltzarreko 75 eserlekutatik 57k esaten dute erabakitzeko eskubidea duen nazioa dela hau», aipatu zuen eta independentzia-ren aldeko oihuak entzun ziren jarraian. «Beraz, gehiengo zabalez eta zeharkakoez hitz egiten diguten horiek badute hemen bat; 75etik 57», gaineratu zuen. Era berean, gogoan hartu zuen murrizketen aurka dauden indarrek ere ordezkaritza zabala dutela legebiltzarrean.

Proposamena EAJri

Hartara, Arnaldo Otegik azpimarratu zuen EAJri dagokiola hautua egitea. «Errepikatu dezake PSErekin akordioa eta legealdian bizikleta estatikoan aritu, herrialdearen arazoei aurre egin gabe». Bere esanetan, aldiz, gehiengo sozialak oso argi du nondik jo beharko luketen jeltzaleek, eta EH Bildurekin zein Elkarrekin Podemosekin akordioa erdiestea posible dela deritzo: «Gure eskua luzatzen diegu, guk ez ditugulako proposamenak aldatzen emaitzen arabera». EAJri proposatu zion «burujabetzaren aldeko ibilbide orri bat sustengatuko duen gobernu bat, murrizketa sozialen aurka egingo duena eta euskal preso guztien askatasuna exijituko duena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna