Espainiako Konstituzioaren zilegitasunik eza salatu du legebiltzarrak

EH Bilduk eta EAJk adostu dute testua, aurrenak proposatu ondoren. Itunaren 40. urteurreneko ospakizunetan ez parte hartzea bozkatu du EAEko parlamentuak

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea, atzo, Eusko Legebiltzarrean, proposamena aurkezten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
EH Bilduk eta EAJk sei puntuko testua adostu dute Espainiako Konstituzioa errefusatzeko Eusko Legebiltzarrean, itunaren 40. urteurrenaren harira, eta Elkarrekin Podemosek zenbait punturen alde bozkatu du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gehiengoak 1978ko erreferendumean konstituzioa babestu ez zuenez, «zilegitasun gabezia» duela nabarmendu du legebiltzarrak, baita konstituzioak Espainiako Estatua «oinarri antidemokratiko faltsutik» eraiki duela ere. «Batasuna ez zen —eta ez da— herrien atxikimendu librearen ondorio».

Konstituzioaren erreforma eskatu dute EH Bilduren proposamenez onartutako testuan. «Gizarte eskubideak eta askatasunak bermatzea eta aitortzea, modu federal edo konfederal batean antolatzea, eta estatuaren izaera plurinazionala eta eleaniztuna» jasotzea izan beharko luke xedeak, «determinazio libreko printzipioan» oinarrituta. Horretarako, adierazpenak dakar konstituzioak baduela legezko heldulekurik. «Euskal Herriaren eskubide historikoak eguneratzeko interpretazio juridiko-politikoak ditu».

Estatuaren izaera monarkikoa ere kritikatu du testuak: «Gizarte demokratiko batean, herritarrak ordezkatzen dituen kargu publiko oro hauteskundeen bidez hautatu eta berritu behar da aldian-aldian. Printzipio hori estatuko burutzari ere luzatu behar zaio». Halaber, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurreneko ospakizunetan ez parte hartzeko borondatea agertu du legebiltzarrak.

Proposamena eta eztabaida

Proposamena EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizarrek aurkeztu du. Haren esanetan, erabakitzeko eskubidea aitortu eta gauzatzeko, Espainiako Gobernuarekin adostasuna bilatzea litzateke egokiena. Baina nabarmendu du «boterea» Madrilen dagoela, eta hark ezartzen duela «esparrua». Kataluniako auzia jarri du horren adibide.

Urizarrek salatu du konstituzioak demokrazia itxura hartzeko aldatu zuela estatuaren irudia, baina «frankismoko estamentu guztien irautea bermatu» zuela. Haren iritziz, «estatu barrukonazioen ukazioa» da konstituzioaren oinarria: «Orain duguna historian izan dugun onena bada, zergatik ez zaio uzten jendeari bozkatzen?».

EAJko legebiltzarkide Joseba Egibarrek esan du konstituzioak ez duela «behar beste babes aldaezina den lege gisa aurkezteko». Oroitarazi du konstituzionalistek gehiengo kualifikatu bat lortzea ezinbesteko jo dutela EAEko estatutua erreformatzeko. Era berean, azaldu du konstituzioan aurkitu daitekeela erabakitzeko eskubiderako «bide bat». Konstituzioa eta Gernikako estatutua jo ditu legezko helduleku egoki.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak nazio aniztasuna aitortu eta behar sozialei erreparatuko dien konstituzioa eskatu du. Jose Antonio Pastor PSE-EEkoa, berriz, konstituzioa erreformatzearen alde agertu da, baina ohartarazi du «elkarbizitzaren aldeko itun handi bat» dela, eta EAJri leporatu dio EH Bilduren «amarruan» erori izana. Borja Senper PPko kideak, gainera, EAJri eta EH Bilduri egotzi die ordena konstituzionala «iraultzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.