Albistea entzun

Integratzailea eta eraikitzailea izango den memoriaren zentro bat aldarrikatu dute

'Memoria osoa, bizikidetzaren alde' kanpaina aurkeztu dute hamahiru eragilek. Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren proiektua baztertu dute. Zenbait ekintza izango dira, eta manifestuarekin bat egin daiteke
Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa gaitzetsi, eta <em>Memoria osoa, bizikidetzaren alde</em> kanpaina aurkeztu zuten atzo hamahiru eragilek, Gasteizen.
Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa gaitzetsi, eta Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkeztu zuten atzo hamahiru eragilek, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2020ko abenduak 11 - Gasteiz

Hamahiru memoria elkartek memoriaren zentro eraikitzaile eta integratzaile baten aldeko apustua egin, eta Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkeztu zuten atzo Gasteizen, Giza Eskubideen Nazioarteko egun berean. Haien arabera, Euskal Herria memoria duen herri bat da, eta ezin dira ahaztu gaur arte egindako giza eskubideen urraketak. Bizikidetza eraikitzearen aldeko urratsak egin nahi dituzte. Izan ere, nabarmendu zuten Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroaren proiektuak ez duela hori bermatzen, biktimen errealitatearen zati handi bat bazter uzten duelako eta hori bizikidetzarako arazo bat delako. Webgune bat ere martxan jarri dute, atzo aurkeztu zuten manifestuarekin bat egiten dutenek atxikimendua eman dezaten.

Hain zuzen, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak 2014an erabaki zuen zentro hori Gasteizen eraikitzea. Eragileek jakinarazi zutenez, gune horren oinarrian lege bat dago, eta horrek zehazten du «1960ko urtarrilaren 1etik erregistratutako terrorismoaren adierazpen guztien biktimekiko aitorpen, errespetu eta elkartasun zeinua» izan nahi duela. Hala ere, salatu zuten lege horren planteamendutik kanpo gelditzen direla data horren ostean edo lehenago Espainiako Estatuaren aparatuek egindako giza eskubideen urraketen milaka biktima. Areago, erantsi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartutako legeetan dagoeneko biktima horietako batzuk gogoan hartzen direla, baina aitortza ez dela beste biktima batzuen adinakoa. «Biktima asko daude aitortu gabe, eta giza eskubideen urraketen mapara gehitzeko». Horregatik iruditzen zaie garrantzitsua urrats propioak egitea.

Kanpainarekin bat egin dute, besteak beste, Egiari Zor fundazioak, Intxorta 1937 elkarteak, Gernika batzordeak eta Sanferminak 78: Gogoan! elkarteak. Inolako bazterkeriarik eta diskriminaziorik gabeko memoria osoaren aldeko hautua egin dute, bizikidetza eraikitzeko erronka mahai gainean jarrita: «Asko dira gure zauri irekiak, eta ez ditugu ahaztu indarkeria adierazpen ugarik eragindako marka horiek». Azken batean, biktimek jasandako indarkeria bera inork ez pairatzea desio dute.

Beraz, elkartutako eragileek uste dute erronka horrek kolektiboa izan behar duela, eta bizikidetza «ikuspegi integral batean» oinarritu behar dela, azken hamarkadetako «sufrimenduaren mapa» osatzen duten errealitateak ahaztu gabe. «Norabide on horretan pauso batzuk eman dira, tokian tokiko esperientziak eta dinamikak, modu inklusiboan bizikidetza eraikitzea errazten dutenak». Hala ere, argi dute bidea «zailtasunez» beteta dagoela, «estrategia diskriminatzaileak» daudelako: «Nabarmenak dira arriskuak».

Zentroaren proiektua gaitzetsi, eta giza eskubideen urraketa guztiak oinarri izango dituen proiektu bat bultzatzea da helburua. Hala, memoria osoa oinarri hartuko duten dinamikak bultzatzeko eskatu zieten Euskal Herriko erakundeei eta elkarteei, baita bazterkeriarik gabeko bizikidetza eraikitzekoa ere. Instituzioekin, oraingoz, ez dira harremanetan jarri, baina beraien atxikimendua eman dezakete kanpainarako propio sortu duten webgunean. Halere, aitortu zuten nahiko luketela instituzio gehienek manifestuarekin bat egitea: «Uste dugu oso oinarrizkoa dela eskatzen duguna, eta argia dela egungo eskubideen urraketa eta biktima askorekiko bazterkeria».

Kanpaina, aurrera

Memoria elkarteen arabera, atzo aurkeztu zuten manifestuarekin bat egiteko aukera izango dute norbanakoek, eragileek eta erakundeek ere datozen egunetan, www.memoriaosoa.eus webgunean. Baina, horrez gain, memoria eragileek azaldu zuten kanpaina ahalik eta gehiena gizarteratzeko asmoa dutela, eta beraz, ekinbide berriak aurkeztea izango dela asmoa. Hala ere, ez zuten aurreratu zeintzuk izango diren egingo dituzten planteamendu berriak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetan duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO / FOKU

EHUko irakasle batek Ibaetan egindako eraso sexista salatu dute ikasleek

Erredakzioa

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakalak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan ziren atzo BECen, estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zaharrak etxean zaintzea sustatu nahi dute instituzioek

Edurne Begiristain

Estrategia soziosanitario berria aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek
Hezkuntza eragile ugaritako ordezkariak bildu ziren, atzo, Gasteizko Europa jauregian. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikasleen segregazioa nola utzi aparte

Irati Urdalleta Lete

'Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra' sinposioa egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak. Eskola segregazioa landu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.