Euskal presoei legeria arrunta aplikatzeko eskatuko diote udalek Madrili

Sindikatuen eta alderdien adierazpenari batuko zaizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak. Babesa emanen diote Madrili espetxe politika normaltzen badu

maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Joan den abenduaren 11n bertze espetxe politika bati ekiteko sostengua eman zioten Hego Euskal Herriko hainbat alderdik eta sindikatuk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian jakinarazi zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei ere igorriko zietela adierazpena, eta, atzo Etxerat-ek eta Sarek Gasteizen egindako agerraldian jakinarazi zutenez, «egun hauetan eta datorren apirilaren 21era arte» udalek «berretsi» eginen dute alderdi eta sindikatuek Madrili egindako eskaera. Apirilaren 21ean prozesuari buruzko xehetasun gehiago emanen dituzte presoen eskubideen aldeko mugimenduak eta presoen senideen elkarteak.

EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk, Steilasek,EHNEk, ESK-k, Hiruk, Etxaldek, CGTk eta CNTk egin zuten bat adierazpenarekin abenduan: euskal presoak hurbiltzeko plan bat egitea eta horiei legeria arrunta aplikatzea eskatu zuten, eta Espainiako Gobernuari jakinarazi zioten babesa emanen ziotela, baldin eta «euskal presoei legeria arrunta eta espetxe politika normalizatua aplikatzeko beharrezko urratsak» egiten bazituen. Gauza bera eginen dute udalek orain. Izan ere, abenduaren 11 hartan testuaren sinatzaileek berek adierazi zuten «beharrezkoa» zela «konpromisoa sozializatzea eta ezagutaraztea», eta horren hurrengo urratsa izanen da udalena. Testua Sanchezi berari, Iñigo Urkulluri, Maria Txibiteri eta Jean Rene Etxegarairi ere bidali zioten, baita Espainiako Espetxe Erakundeei ere.

Sareren eta Etxerat-en arabera, adierazpen hori egin izanak «egiaztatu» egiten du «euskal gizarteak salbuespenezko espetxe politika behin betiko gainditzeko egiten duen apustua osatzen duen adostasun politiko eta sindikala». Jakinarazi dutenez, ontzat ematen dituzte Espainiako Gobernua egiten ari den lekualdaketak, baina oroitarazi dute «euskal preso guztiak Euskal Herrira» ekarri arte ez dela urrunketa bukatuko. Bide horretan eskertu egin dute udalek adierazpenarekin bat egin izana: «Oso positibotzat jotzen dugu bultzada berri hori, udalerriek bultzatuko dutena, eta beste ekimen batzuk gehitzea espero dugu, hala nola euskal gizartearen mobilizazioa, salbuespenezko espetxe politikaren amaierari behin betiko bultzada ematen laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.