Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrekin Podemos

Aurreikuspenak bete gabe sartu da EAEn Elkarrekin Podemos

Eusko Legebiltzarrean indartsu sartu den arren, urrun geratu da bigarren postutik. «Erakundeek hobeto funtzionatuko dute, gardenak izango garelako», esan du Zabalak
Pili Zabala lehendakarigaia, Elkarrekin Podemoseko hautagai eta kideekin, atzo, Bilbon.
Pili Zabala lehendakarigaia, Elkarrekin Podemoseko hautagai eta kideekin, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2016ko irailak 26
ESERLEKUAK

11

BOTOAK

156.671

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Cristina Makazaga, Edurne Garcia, Jose Ramon Becerra eta Iñigo Martinez.

Bizkaia: Lander Martinez, Eukene Arana, Juan Luis Uria eta Tinixara Guanche.

Gipuzkoa: Pili Zabala, Julen Bollain eta Jon Hernandez.

Lehen aldiz aurkezteko, indartsu sartu da Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarrean, baina ez ditu aurreikuspenak bete: 11 legebiltzarkide lortu ditu, 156.671 botorekin. Zenbat galduko zuen, hori zen galdera. Oso emaitza onak lortu zituen; izan ere, Espainiako Gorteetarako iazko abenduko eta aurtengo ekaineko bozetan, baina argitzeko zegoen Eusko Legebiltzarrean zer toki izango zuen. Inkestekin etorri zen lehen beherakada aurreikuspenetan, eta bozetako emaitzek baieztatu egin dute hori. EAJ Ajuria Enetik «kanporatzeko» diskurtsoarekin hasi zuen aurrekanpaina Elkarrekin Podemosek, eta bigarren indarra izatea lortuko ote zuen; hori izan da zalantza azken asteetan. Urrun geratu da hortik: 17 eserlekurekin, seira geratu zaio EH Bildu. Atzetik, gertuago du PSE-EE, emaitza txarrak lortu arren: bi legebiltzarkide baino ez dizkio atera Pili Zabalaren hautagaitzak Idoia Mendiarenari.

Atzoko bozekin, hauteskunde ziklo osoa itxi du Madrilen sortutako indar politikoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan duen bilakaera ikusteko, alderaketaren bat egiteko iazko foru hauteskundeetako erreferentzia baino ez zegoen, hautesleen jarrera asko aldatzen baita Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan ala EAEko erakundeetarakoak izan. Iazko maiatzean, 177.774 boto lortu zituzten, Irabazirenak batuta. Orain, berriz, larri pasatu dute 155.000 botoren langa. Kontuan hartzekoa da, hala ere, Madrilgo bozak egiteko zeudela oraindik iazko foru hauteskundeak egin zirenean, eta, beraz, hor zegoela Madrilen gobernua aldatzeko esperantza. Geroztik, Madrilen ez diote aurrerabiderik topatu gobernua osatzeko lanari, eta pentsatzekoa da horrek ere boto batzuk kenduko zizkiola Pili Zabalaren hautagaitzari.

Beste faktore bat ere hartu behar da kontuan botoak zenbatzean, bitxikeria hutsa izan dezakeen arren: Ganemos: Si Se Puede izeneko hautagaitza. Kanpainarik egin gabe, eta Elkarrekin Podemosek erabili izan dituen leloak erabilita, 6.000 bototik gora lortu dituzte hautagaitza horiek; itxura batean, Elkarrekin Podemosentzat izan zitezkeenak —inpugnazioa ere sartu zuten hauteskunde batzordean, baina ez zieten onartu—. Gipuzkoan azken unean PPren mesedetan galdutako legebiltzarkidea mantentzeko erabakigarriak izan zitezkeen hautagaitza haren botoak.

Lurraldeka, batean ere ez du lortu Elkarrekin Podemosek bigarren indarra izatea. Araban laugarren indarra izan da, lau legebiltzarkide eta 24.299 botorekin, oro har, lehia estua izan den arren. Bizkaian (84.034 boto eta lau legebiltzarkide) eta Gipuzkoan (48.338 eta hiru legebiltzarkide), berriz, hirugarren indarra izan da. Bizkaian, esaterako, 15.000 boto baino gehiagoren aldea atera dio EH Bilduk.

«Estatu mailako lehena»

Itxaropenak bete ez arren, balorazio baikorra egin dute Elkarrekin Podemosekoek. Lehenengo hausnarketa Podemoseko buru Pablo Iglesiasek egin zuen atzo, Twitterren: «Estatu mailako lehen indarra gara Euskadin», jarri zuen. «Euskadi dagoeneko ez da ulertzen zuek gabe», idatzi zion gero Pili Zabala lehendakarigaiari. Zabala horren ondoren atera zen hedabideen aurrera. Indar berria izateko, Eusko Legebiltzarrean «indartsu» sartu direla nabarmendu zuen. «Gure espazio politikoa finkatu dugu». Eta ondoren: «Hala ere, ez ditugu emaitzak ospatuko».

«Ezberdinen arteko akordio puntualen legealdia» izango zela esana zuen Zabalak. EAJren eta PSE-EEren baturak gehiago osoa emateak, ordea, mugitzeko tarte gutxiago utz diezaioke Elkarrekin Podemosi. Gai sozialetan, esaterako, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren artekoa izan zitekeen ardatzik erosoena koalizio morearentzat, baina batura hori ere 37 legebiltzarkidetan geratu da, gehiengo osorik gabe.

«Orain, erakundeetan gehiengo sozial berri bat osatzea da erronka», adierazi zuen Zabalak atzoko balorazioan, besteak beste, gizarte politikak aldatzeko aukera aipatuta. Hor kokatu zuen euren lana: «Erakundeek hobeto funtzionatuko dute, gardenak izango garelako». «Arduraz» jarduteko konpromisoa hartu zuen, eta «gehiengo sozial berri bat osatzea» eta «joko taula berri bat eraikitzea» jarri zituen xede.

Elkarrekin Podemosek ekarriko duen aldaketa nabarmenena da indar unionista batek jarrera ezberdina izango duela, esaterako, erabakitze eskubidean eta bakegintzan. Ikusi beharko da, ordea, horrek ondorio praktikorik izango duen datorren legealdian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna