Irakasleen lan baldintzak lehengoratzeko akordioa sinatu dute Nafarroan

Hezkuntzako mahai sektorialeko sindikatu guztiek 2018-2022rako ituna sinatu dute Nafarroako Gobernuarekin, ELAk izan ezik; mobilizazioekin jarraitzeko eskatu du

Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, ituna sinatu duten sindikatuetako ordezkariz inguratuta. NAFARROAKO GOBERNUA.
Samara Velte.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan Nafarroako hezkuntza sektorean egindako murrizketak «lehengoratzeko» asmoz, datozen lau urteotarako plan berria adostu dute Uxue Barkosen gobernuak eta mahai sektoriala osatzen duten sindikatu ia guztiek. Atzo irudikatu zuten akordioa, agiria prentsaren aurrean sinatuz: argazkiaren erdian, Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, eta, haren alboetan, Steilas, LAB, CCOO, UGT, Afapna eta ANPE sindikatuetako ordezkariak. Bat falta zen, ordea: ELArentzat, lortutako akordioak ez dira aski irakasleen lehengo lan baldintzak berreskuratzeko, eta itun hobea lortzeko «aukera» galtzen uztea leporatu die gainerako sindikatuei.

Nafarroako hezkuntza arautzeko azken ituna 2007 eta 2011 artekoa da. UPN agintean zegoen artean, ordea, gobernuak hura sistematikoki urratu zuela salatu dute sindikatuek eta gaur egun agintean dauden alderdiek. Horrez gain, Madrildik ezarritako murrizketek ere eragin diote Nafarroako hezkuntza sektoreari, eta, ondorioz, irakasleen lan baldintzak nabarmen okertu dira azken hamarkadan. Horiek ezabatzea da atzo sinatutako itunaren helburua. Irakasleek Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eman beharreko ordu kopurua murriztea, ikasgeletako ratioak lehengoratzea eta ordezkapenak lehenbiziko egunetik egiten direla bermatzea dira haren helburu nagusietako batzuk. Horrez gain, 55 urtetik gorako irakasleen ikasgelako orduak «gradualki» murrizteko neurriak dakartza, orduok beste jarduera batzuetan igaro ditzaten soldatan aldaketarik sumatu gabe; euskarazko Lanbide Heziketa ziklo gehiagotara zabaltzeko bidea ere ematen du; eta, haren arabera, ikasturtean gutxienez bost hilabete eta erdiz lan egin duten irakasleei automatikoki luzatuko diete kontratua udan.

Solana pozik agertu da itunaren lehenbiziko eztabaida saioetan lortutako zehaztasunarekin. «Nafarroan babes handiena jaso duen ituna da», adierazi du dokumentua sinatu ostean, eta erantsi du «konfiantza» duela 2019rako aurrekontuak «nahikoa diru eta babes parlamentario» jasoko duela «sinatutako akordioa burura eraman ahal izateko».

Akordioaren sinatzaileek hura betetzen dela bermatzeko jarraipen batzorde bat sortzea ere adostu dute. Bertan eztabaidatuko dituzte hemendik aurrerako zehaztasunak, hala nola adostutako neurriak indarrean sartzeko epeak. Ituna babestu dutenek izango dute ordezkaritza batzorde horretan; ondorioz, ELA kanpoan geratuko da. Sindikatuak gogor kritikatu ditu gainerakoak horregatik: «Ituna negoziazio kolektiboaren aurkako eraso larria» dela argudiatu du, jarraipen batzordearen bidez «edukiz husten» duelako mahai sektoriala, eta hauteskunde sindikaletan lortutako «ordezkaritza legitimoa ebasten» diolako ELAri berari.

Sindikatu horren arabera, ez da egia geletako ratioek hobera egingo dutela: «UPNk ezarritakoak mantenduko dira». Horrez gain, akordioak ez ei dakar aski zehaztapenik ordezkapenak bermatzeko, eta lantaldeen egonkortasuna hobetzeko neurriak ere ez dira aski: «Egungo Lan Eskaintza Publikoen sistemarekin, ezin da murriztu lantaldeetako behin-behinekotasun tasa handia (%33)». Gainera, gogorarazi du irakasleen erosahalmena %15 apaldu dela azken urteotan, eta itunak ez duela «inolako eperik» aurreikusten hura berreskuratzeko.

Baiezko «kritikoak»

Negoziazio prozesua «luzea eta gogorra» izan dela, horretan ados daude sindikatu gehienak. Uztailaren 4an lortu zuten azkenean gutxieneko kontsentsua; ELAk ordurako iragarrita zeukan ez zuela babestuko. Gainerako sindikatu nagusiek sostengatu dute; ez «baina»-rik gabe, ordea: Steilasek «babes kritikoa» eman dio, eta LABek, «baiezko baldintzatua». CCOOk ere ohartarazi du ez diola «txeke zuririk» emango Nafarroako Gobernuari. Gehienek abiapuntutzat jo dute ituna; «oinarrizko kanpamentua» da LABentzat; «irakasleen baldintzak eta Nafarroako hezkuntza publikoaren egoera hobetzen hasteko lagungarri izan daitezkeen neurriak», berriz, Steilasen ustez. Hark gogora ekarri du, hala ere, itunerainoko prozesuan hainbat gatazka izan dituztela Hezkuntza Sailarekin: «Gobernuak hainbat aldiz eten eta propio luzatu ditu negoziazioak, hezkuntza publikoko aurrekontuak ez handitzeko. Mobilizazioaren bidez soilik lortu dugu egoerari buelta ematea eta negoziaziora itzultzea». Hain zuzen ere, ituna sinatuta mobilizazio horiei uko egitea leporatu die ELAk gainerako sindikatuei: «Akordioak ez ditu betetzen mobilizazio horien oinarrian zeuden aldarrikapen nagusiak».

Gainerako sindikatuek negoziatzen jarraitzeko oinarrizko tresnatzat jo dute akordioa, nahiz eta, Steilasek nabarmendu duenez, nahi baino beranduago heldu den haietako gehienentzat: «Gobernuak in extremis onartu du, eta bertan jasotako neurri gehienak ez dira indarrean sartuko 2019-2020ko ikasturtea baino lehen. Datorren legegintzaldian, alegia». Steilasentzat, horrek «gobernuaren konpromiso falta» erakusten du. LABek ere iragarri du «hainbatek interes politiko jakin batzuei erantzunez eraso» egingo diotela itunari, eta hura babesteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.