Indarkeriari zilegitasuna kendu nahi diote biktimek, hezkuntzatik

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak hainbat proposamen biltzen dituen dokumentu bat plazaratu du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin

Iñigo Urkullu, atzo, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren dokumentuaren aurkezpenean. IREKIA.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna da gaur, eta, haren atarian, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak dokumentu bat aurkeztu zuen atzo, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera egindako ekitaldi batean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeekin elkarlanean. Atzo azaldu zutenez, hiru urteko gogoetaren ondorio da testua, eta proposamenak egin dituzte hainbat arlotan eragiteko; besteak beste, hezkuntzan.

«Terrorismoaren biktimen errekonozimenduaren eta erreparazioaren arloan egin beharreko urratsak» bildu dituzte testuan, hain justu, eta, orain arte biktimekin egindako bidea ez dela aski iritzita, «eraginkorrago» aritzeko neurriak proposatu dituzte. Hezkuntzaren arloan, biktimek hitza hartzeko programak indartzea eta bertze esparru batzuetara hedatzea proposatu dute; erraterako, unibertsitateetara, lanbide heziketara eta hezkuntza ez-formalera. «Indarkeria politikoa deslegitimatzea» da programa horien helburuetako bat, eta, horretarako, «indarkeria erabili zuten pertsonen testigantzak izateko aukera» ere aztertu nahi dute, «ondoren beren iraganari buruz eta helburu politikoekin indarkeria erabiltzeari buruz hausnarketa autokritiko sakona» egin dutenena.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitza hartu zuen atzo dokumentuaren aurkezpen ekitaldian, eta bide horretan kokatu zuen testua: «Biktimarioek erantzukizun bat dute: eragindako kaltearen bidegabekeria aitortzea. Iraganari buruzko hausnarketa kritikoa behar da, termino etikoetan: bidegabea izan zen». Dokumentuan zehaztu dutenez, «terrorismoaz» aritzerakoan «ETAri buruz» ari dira, «lehenik»; «baina GALi, BVEri, GAEri eta antzeko taldeei buruz ere ari gara». Nolanahi ere, talde horien biktimek ez dute parte hartu dokumentuaren osaeran. AVT, Covite, Zaitu, Aserfavite, APAVT, Elkarteen Foroa eta «terrorismoaren biktimen inguruan sortutako Euskadiko fundazioek» sortu dute dokumentua.

Hezkuntza programak indartzea ez ezik, bertzelako neurriak ere proposatu dituzte testuan. Eusko Legebiltzarrari, erraterako, galdegin diote azter eta balora ditzala «terrorismoaren biktimei buruzko euskal legea aldatzeko aukerak eta komenigarritasuna, errealitate berrira eta nazioarteko terrorismoaren forma berrietara hobeto egokitu dadin». Deitoratu dute, halaber, ez lortu izana «ordezkaritza politiko eta instituzional guztiek modu argian eta kritikoan baloratzea iraganean erakunde terroristen eta, bereziki, ETAren indarkeriak eragindakoa»; eta, hori eskatzearekin batera, «egokitzat» jo dute «toki mailako akordio bat susta dadin proposatzea, udalerri bakoitzean biktimak oroitzeko erreibindikazioari erantzuna emateko moduari buruz, biktima horiek nozitutako atentatuak gertatu ziren lekuak seinaleztatzeko aukera barne». «Terrorismo mota ororen justifikazioa eta terroristen omenaldi publikoak eta haien sinboloen gorespena» ere «lehenbailehen desagerrarazi» nahi dituzte.

«Guztiz argitu ez diren» kasuetan, era berean, informazioa lortzeko aukera eskatu dute, baita «errekonozimendu edo erreparazio defizita izan duten biktimen laguntza sendotzea» ere. Justizia errestauratiboa ere jarri nahi dute martxan, horretarako «biktimagileei» eskatuta «egindako delitutik eta jarduera terroristatik modu kritikoan urruntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.