Koronabirusa

Neurri murriztaileak arinduko dituzte gaurtik Iparraldean

Etxeratze ordua 23:00etara gibelatuko dute, eta ostatuen barnealdea ireki. Madrilek atzera egin du ostalaritzari eta gaueko aisialdiari loturiko hainbat neurritan

Baionako ostatu bateko terraza, joan den maiatzaren 19an. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat - Edurne Begiristain
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hirugarren fasean da gaurtik Ipar Euskal Herria. Maiatzaren 19an hasi ziren neurriak arintzen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta, gaurtik aitzina, koska bat gehiago malgutuko dituzte horietako batzuk. Besteak beste, etxeratze ordua 23:00etara gibelatuko dute —21:00etan egon da ezarrita orain arte—, ostatuetan ezarrita dauden neurri batzuk arinduko dituzte, eta telelana ez da derrigorrezkoa izanen.

Maiatzaren 19an ireki zituzten berriz ostatuetako eta jatetxeetako terrazak, eta, ordutik, edukiera %50era mugatua izan da, baina, gaurtik hasita, osoki irekitzen ahalko dituzte kanpoaldeak. Horrez gain, barnealdeak ere irekiko dituzte, edukieraren erdiarekin. Dena den, baitezpadakoa izanen da jarririk kontsumitzea, eta mahai inguruan sei lagun elkartzen ahalko dira, gehienez. Joan-jinak egiteko, derrigorrezkoa izanen da maskara janztea.

Gainera, barnealdean egoten diren bezeroek beren datuak utzi beharko dituzte —izen-deiturak eta telefono zenbakia—, kutsatzerik gertatuko balitz abisua jasotzeko. Datu horiek paperean idazten ahalko dituzte, edo, bestela, QR kode bat baliatzen ahalko dute Tous Anti Covid aplikazioaren bidez. Bezero batek COVID-19aren gaitza izanez gero, abisua eman beharko dio ostatuari, eta harekin batera egon diren bezeroek PCR proba egiteko gomendioa jasoko dute. Hiru lagun baino gehiago kutsatzen badira, «alerta gorria» martxan jarriko da: bezero guztiek PCR proba egin beharko dute «ahalik eta azkarren», eta, anartean, bakarturik egon.

Bestalde, zenbait sektore berriz irekiko dituzte gaurtik aitzina: kirol gelak, kasinoak, talasoterapia guneak eta jolas parkeak. Kirolari dagokionez, kirol gela itxiak berriz irekitzen ahalko dituzte, igerilekuak barne, edukieraren %50ekin. Publikoa hartzen duten kirol guneak ere zabalduko dituzte, tokien %65ekin. Hala ere, muga 5.000 lagunetan ezarri dute, eta 1.000 lagun baino gehiago biltzen diren lekuetan ziurtagiri sanitarioa beharrezkoa izanen da: 72 ordu baino gutxiago dituen PCR proba negatiboa, txertaketa agiria edo sei hilabete baino gutxiagoko COVID-19aren kutsatze froga. Kanpoaldean kirola egitea baimendua izanen da, baina 25 lagun elkartzen ahalko dira gehienez. Halere, hunkitze kirolak egitea debekatua izanen da oraindik barnealdeetan.

Kultur geletan ere arinduko dituzte iragan maiatzaren 19tik indarrean diren neurri murriztaileak. Orduan ireki zituzten berriz kultur gelak —museoak, antzokiak, zinemak—, eta ikusleria edukieraren herenera mugatua izan dute. Gaurtik goiti, %65era pasako da muga hori.

Bestetik, gaur bertan ziurtagiri sanitarioa martxan ezarriko dute Ipar Euskal Herrian. Hala, Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira joateko, osoki txertatuak diren herritarrek ez dute PCR proba negatiborik beharko.

Proposamen berria

Hego Euskal Herrian, berriz, nahasmendua da nagusi ostalaritzarekin eta gaueko aisialdiarekin lotutako hainbat neurriren inguruan. Izan ere, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak atzera egin du joan den astean bi jarduera horiek arautzeko Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak onartutako neurrietan, eta dokumentuaren beste bertsio bat bidali die erkidegoei. Horren arabera, ostalaritzarako erabakitako murrizketak bertan behera uztea proposatu die, eta gaueko aisialdia irekitzeko baimena ematea baita arrisku ertaineko eremuetan ere, hau da, 50 kasutik 150era bitarteko intzidentzia tasa duten tokietan. Joan den astean hartutako erabakiak zehazten zuen gaueko aisialdia dantzalekuak esaterako 02:00ak arte egon zitezkeela irekita arrisku maila txikia zuten eremuetan, baina, Madrilek landutako proposamen berriaren arabera, intzidentzia maila ertainean dauden erkidegoei ere eragingo die neurriak. Neurriok pandemiaren bilakaeraren arabera «berrikusi eta malgutu» egingo dituela esan du Madrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.