Porlanik gabeko etxebizitza

Isolamendurako jatorri naturaleko zuntz eta erretxina erabiliz, Donostian etxebizitza bat egin dute Europako hemezortzi enpresak. Oraingoz proba bat baino ez den arren, materiala aurki merkatuan egotea nahi dute

Jatorri naturaleko isolamendu materialekin egindako etxebizitza, Morlans pasealekuan. Lehen planoko fatxadaren izkinan beltzez dagoen zatia hartzen du material berriak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Agur porlanari. Fatxadaren isolamendurako adreiluak edo zementua erabili beharrean, jatorri naturaleko erretxin eta zuntzak balia daitezke. Horrela egin duteDonostiako Morlans pasealekuan eraikitzen ari diren etxebizitza berri batean.

Bi lagunen arteko elkarrizketan du jatorria proiektuak. Julen Astudillo Tecnalia enpresako teknologia kudeatzailea aditua da fatxadetan, eta haren adiskide bat,materialetan. Hortik bururatu zitzaien fatxada mota berri bat egiteko ideia. Tecnaliako gainontzeko langileekin eta beste enpresa batzuekin hitz egin zuten, eta Europako 11 herrialdetako hemezortzi enpresa elkartu ziren. Europako Batzordeak ikerketa proiektu guztia ordaintzea ere lortu dute, beraien ideia hautatu dutelako lehiaketa batean.

Orduan hasi ziren etxebizitza blokea eraikitzen, eta gaur egun ia amaituta dago. Blokearen fatxada guztiak kolore horia du, baina isolamendu naturala duen etxebizitza bakarraren zatia beltza da.

Izan ere, blokea eraikitzen hasitakoan etorri ziren arazoak: «Ez geneukan nahiko diru; beraz, apartamentu bakarra egitea erabaki genuen», azaldu du Astudillok. Etxebizitza bakar horretako fatxada nahiz barruko hormak jatorri naturaleko erretxin eta zuntzekin eginda daude, eta proiektuaren helburua material horiek garatu eta eraikuntza batean erabiltzea izan da. Gisa honetako etxebizitzarik ez dago inguruan, baina material ekologikoak —esaterako, egurra gero eta gehiago erabiltzen dira. Hala ere, oraindik ez dira oso ohikoak, normalena adreilua, altzairua... erabiltzea baita. «Europa erdialdean eta iparraldean ohikoagoa da egurra edo bestelako material naturalak erabiltzea, baina hemen ez»,

Oraindik gutxi hedatuta dauden material berri horiek tradizionalki erabili direnak baino jasangarriagoak dira. Horrez gainera, eraikuntzan ez dago petroliorik eta urik erabili beharrik. «Hori oso mesedegarria da urak kalte handiak eragin ditzakeelako», dio Astudillok. Horrez gain, fatxada muntatuta eraman daiteke etxea eraikitzen ari diren tokira. Eta etxebizitza horiek termikoki ere ezaugarri hobeak dituzte gainontzeko eraikuntzek baino. Beste abantaila bat da eraikuntza enpresek ez dutela behar formakuntza handirik isolamendu hori erabili eta muntatzeko: «Enpresa normalak dira hemengo sistema muntatu dutenak».

Material berri horiek abantaila ugari dituzten arren, desabantailak ere badauzkate. Jatorri naturaleko isolamendu materialek ez dute hain ondo funtzionatzen aire zabalean, eta gehiago hondatzen dira. «Proba batzuk egin ditugu kalte horiek izan ez ditzaten, baina oraindik ikertzen ari gara ea ondo funtzionatzen duten». Gainera, oraingoz behintzat, ohiko materialak baino garestiagoak dira. « Baliteke garestiagoak izatea adreiluzko fatxadak baino, baina gureak errazago muntatzen dira, ezaugarri termiko hobeak dituzte eta kalitate handiagokoak dira. Horrela, prezio berean edo hobean atera dakizuke etxebizitza», esan du Astudillok

Klima guztietarako egokia

Proiektuaren helburuetako bat da garatzen duten materiala egokia izatea Europako klima guztietarako. Isolamendu sistema klimaren arabera egokitu daitezkeen kapa batzuekin osatuta dago. Material horien erresistentzia frogatzeko hainbat proba egin eta hiru etxebizitza eraiki dituzte: Donostiakoaz gain, Derion etxebizitza pilotu txiki bat dute eta Estoniako Tartu hirian eraikin oso bat. «Modu horretan, Europa hegoaldeko eta iparraldeko klimetan probatu nahi izan dugu materiala». Tecnaliako arduradunaren hitzetan, Estoniako etxebizitza irailean amaitu zuten,eta, neguan hogei gradu zero azpiko tenperaturetan ere egon arren, ondo funtzionatu du.

Orain, klimara ahalik eta ondoena egokitzeko azken probak egiten ari dira, eta, laster, alokairuan jarriko dute Donostiako pisua. «Sentsore batzuk dauzkagu jarrita, eta, hona bizitzera etortzen den pertsonak baimena ematen badigu, sentsore horiek begiratzen jarraitu nahi genuke, sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko». Hala ere, oraindik hiru urte inguru beharko dira materialak merkaturatzen hasteko. Itxaropentsu daude, ordea: «Jendeak sinesten du sistema hori hobea dela, eta funtzionatuz gero bere etxean probatzea gustatuko litzaiokeela esan digu, baina oraindik denbora behar dugu», gaineratu du Astudillok.

Etorkizunerako ere badute erronka: industrializazio prozesuak hobetzea. «Proiektuan material kantitate txikiak ekoitzi ditugu, eta, orain, kantitate handiagoak prezio txikian nola ekoitzi asmatu behar dugu». Beraz, material berri horiek funtzionatu dute, baina orain optimizatzeko modua aurkitu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.