Koronabirusa

Zenbait garraio publikotan %100eko zerbitzua ezarri dute berriro

Zerbitzua murriztu ostean, ikusi dute bidaiariak pilatu egiten direla. Bilboko Metroan izan dira arazo nagusiak. Oro har, ibilgailu gutxiago ibili dira euskal errepideetan

Bidaiariak Bilbobuseko autobusera atzeko atetik sartzen, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Zenbait garraiobide publikotan zerbitzua %100 izango da berriro ere, murrizketak egin osteko lehenengo lanegunean bidaiarien pilaketak gertatu direla ikusita. EGA Euskadiko Garraio Agintaritzak hartu du erabakia, eta Bilboko Metroari, Gasteizko tranbiari, Gasteizko Tuvisari, Donostiako Dbusi eta Bilbobusi eragiten die.

Garraiobideen eta pertsonen mugikortasunaren inguruan hartutako neurri kontrajarriek zenbait arazo eragin zituzten atzo, konfinamendua indarrean jarri osteko lehen lanegunean. Ikusgarrienak Bilbon suertatu ziren: Bilboko Metroak zerbitzua murriztu zuen, eta, horren ondorioz, goiz-goizetik jende pilaketak egon ziren bagoietan eta geltokietan.

EGA Euskadiko Garraio Agintaritzak ezarritako neurriak aplikatuz, zerbitzua murriztu zuen Bilboko Metroak: Bilbon trenak bost minututik behin igaro ziren, hamar minutuan behin Kabiezesera (Santurtzi) eta Bidezabalera (Getxo) zihoazenak, eta Plentziarakoek hogei minutuko maiztasuna izan zuten. Horrekin, herritarrak etxean gelditzea sustatu nahi izan zuten. Baina lantoki gehienetan jarduera eten ez denez, herritar askok garraiobide publikoa hartu behar izan zuten lanera joateko, eta horrek pilaketak sortu zituen, batez ere lehenengo orduetan.

Zenbait erabiltzailek irudiak zabaldu zituzten sare sozialetan, eta, horietan, begien bistakoak ziren pilaketak. 08:30etik aurrera egoera normaldu egin zen: hala ere, jende pilaketarik ez zegoen arren, bagoi askotan ezinezkoa zen bidaiarien artean gomendatutako distantzia gordetzea.

Metroak emandako datuen arabera, 06:00etatik 10:00etara 24.475 lagunek erabili zuten zerbitzua, hau da, lanegun arrunt batean ibiltzen direnen herenek, gutxi gorabehera. Orotara, %76 bidaia gutxiago egin ziren denbora tarte horretan. Eskari horri erantzuteko, ohiko zerbitzuaren %66,6 jarri zuten.

Bilboko Metroak jakinarazi zuenez, tren gehienetan okupazioa %50 izan zen, baina 07:00etatik 08:00etarako tartean igo egin zen, eta, kasu batzuetan, %75era iritsi zen. Egoera ikusita, agindutako murrizketetan atzera egin dute, eta metroan ez ezik, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko beste zenbait garraio publikotan ere murrizketak bertan behera uztea erabaki dute.

Euskadiko Garraio Agintaritzak aitortu duenez, «zailtasunak egon dira bidaiarien artean Osasun Sailak aholkatutako distantziak bermatu ahal izateko». Horregatik, eta Osasun Sailarekin kontsulta egin ostean,erabaki dute pilaketak nozitu dituzten garraiobide publikoetan %100eko zerbitzuetara itzultzea.

Autobusetan arazoak

Autobusetan arazoak ez ziren hain nabariak izan. Hiriburuetan, Bilbon eta Iruñean, esaterako, ohiko zerbitzuari eutsi diote, eta herrien arteko zerbitzuak baino ez dituzte murriztu. Bizkaibusek, %50 murriztu du bidaia kopurua, eta Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen autobusetan, berriz, %40. Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, atzo Bizkaibusen erabiltzaileen kopurua %40 murriztu zen. Hala ere, zenbait lineatan arazoak egon ziren, eta bidaiariak autobusean sartu ezinik gelditu ziren. Horregatik, autobus zerbitzu horietan ere %100era bueltatzea erabaki dute.

Kasu guztietan, neurri bereziak hartu dituzte bidaiarien arteko kontaktuak eta bidaiarien eta gidarien artekoak saihesteko. Autobusetara erdiko ateetatik sartzen dira bidaiariak, eskudirutan ordaintzeko aukera kendu da, eta, zenbait kasutan, Bizkaibuseko autobusetan, esaterako, eserlekuetako lehenengo bi ilarak —gidariarengandik gertuen daudenak— hutsik uzten dira.

Garraio publikoan arazoak egongo zirela aurreikusita, askok autoa erabili zuten lanera joateko, nahiz eta horretan ere murrizketak izan, galarazita baitago auto berean lagun batek baino gehiagok bidaiatzea. Oro har, auto gutxiago ibili ziren errepideetan, baina zenbait lekutan auto ilarak sortu ziren. Adibidez, 06:30ean arazo handiak egon ziren A-8 autobidean, Basaurirako sarreran, kamioiek murriztua zutelakoMercabilbao saltokirako sarbidea. 08:00etarako arazoa konponduta zegoen. Bilboko sarreran ere, San Mamesen, auto ilarak sortu ziren tarteka. Astigarragan (Gipuzkoa) ere ilarak egon ziren, baina, kasu horretan, auto istripu batek eraginda.

Arazo horiek albo batera utzita, errepideetan ohiko lanegun batean baino auto gutxiago ibili ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak BERRIAri adierazi zionez, Bilborako noranzkoan auto ilarak izan ohi dituzten lekuetan, Leioan eta Arrontegiko zubian, esaterako, askoz auto gutxiago ibili ziren atzo goizean.

Gasteizko Udalak autoak aparkatzeko TAO zerbitzua etetea erabaki zuen. Gainerako hiriburuetan, oraingoz, eutsi egiten diote horri. Donostiako Udalak, adibidez, esan zuen «lehentasuna eta irizpide nagusia» dela «pertsonen eta ibilgailuen mugimendua murriztea», eta, beraz, «beharrezkoa aparkatzeen arautzeari eustea, ibilgailu pribatuak gehiago erabiltzea saihesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.