2030erako gas isurketak %40 apaldu nahi ditu Frantziako Gobernuak

Klimaren Aldeko Herritar Itunak proposatutako neurriak malgutu ditu lege proposamenean. Hegazkinx bidaia laburrak egitea debekatu nahi dute

Hegaldiek eragiten duten kutsadura apaltzeko asmoa du Frantziako Gobernuak. AIRBUS/EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Klima eta Erresilientzia lege proposamena aurkeztu zion Frantziako Gobernuak herenegun Ministroen Kontseiluari. Helburua da 1990etik 2030era berotegi efektuko gasen isurketak %40 murriztea. Klimaren Aldeko Herritar Ituna du abiapuntu lege proposamenak. 150 herritarrez osaturiko batzorde batek 149 neurri proposatu ditu planeta berotzen duten gas emisioak azkarki apaltzeko. Frantziako Gobernuak neurri horietako batzuk bildu ditu lege proposamenean. Hainbat elkarte eta erakunde ekologistak, ordea, salatu dute «anbizio eskasa bistakoa» dela. Garraioaren, etxebizitzaren, kontsumoaren, elikaduraren eta zuzenbidearen arloetan egin dituzte proposamenak, besteak beste.

GARRAIOA

Garraioa arautzeko dozenaka proposamen egin zituzten Klimaren Aldeko Herritar Itunean. Horietariko batzuk baizik ez ditu atxiki Frantziako Gobernuak lege proposamenean. Hegazkin bidaiak murrizteko asmoa da horietako bat: bidaia trenez egiteko bi ordu eta erdi baino gutxiagoko alternatiba dagoenean, hegazkina erabiltzea debekatu nahi dute. Frantziako bost hegaldiri eragiten die proposamenak. Herritar Itunak, halere, proposamen zorrotzagoa egin zuen: lau ordura arteko tren bidaiak badaudelarik, hegazkina debekatzea. Era berean, hegazkin konpainiek barne hegaldiekin eragiten duten kalte klimatikoaren heineko zenbatekoa pagatu beharko dute.

Bestalde, autoen erabilera arautu dute. Gehien kutsatzen duten autoen salmenta debekatuko dute 2030tik aitzina —Itunean eskatu baino bost urte beranduago—. Gainera, emisio apaleko eremuak sortu beharko dituzte 150.000 biztanle baino gehiagoko hiriek, 2024. urtea aitzin. Leku horietan asko kutsatzen duten ibilgailuak ez dira erabiltzen ahalko.

ETXEBIZITZAK ETA LURRA

Karbono dioxido isurketak apaltzeko, etxebizitzak berritzeko plana abiatuko dute. Energia jaleak diren etxebizitzetako alokairuak arautuko dituzte, hasteko. 2028tik aitzina, berriz, asko kontsumitzen duten etxebizitzak alokatzea debekatua izango da. Salmentak egitean, bestalde, ezinbestekoa izango da energia kontsumo azterketak egitea.

Lurraren artifizializazioa eragozte aldera, debekatua izango da laborantza lurretan 10.000 metro koadro baino gehiagoko merkataritza guneak eraikitzea. Halere, Itunean proposatutakoaren kontra, merkataritza elektronikorako guneak izango dira salbuespena —Amazonen gisako biltegiak, kasurako—.

ELIKADURA

Haragi kontsumoak CO2 gasen isurketa handia eragiten du: laborantza baliabideengatik batetik, eta elikagaien garraioarengatik, bestetik. Itunean proposatutakoari segika, otordu begetarianoak proposatu beharko dituzte ostalaritza kolektiboetako jantokietan; hasieran, borondatezkoa izanen litzateke neurria. Gisa berean, elikagai biologikoen kopurua emendatu beharko dute ostalaritza kolektiboetan.

ZUZENBIDEA

Delitu ekozida plantan ezartzeko asmoa du Frantziako Gobernuak. Ingurumenari kalte egiten dion ekintza eta pertonsa oro epaitzeko eta zigortzeko eskubidea izango luke Frantziako Justiziak. Eric Dupont-Moretti Frantziako Justizia ministroak baieztatu du hiru eta hamar urte bitarteko kartzela zigorra ezartzen ahalko diotela ingurumena nahita andeatzen duenari.

Dena den, Klima eta Erresilentzia lege proposamenak ibilbidea hasi berri du; indarrean sartu aitzin Frantziako Asanbleatik eta Senatutik igaro beharko du: hautetsiek moldatzeko aukera dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.