Alfonso Sanz. Hirigintza teknikaria eta aholkularia

«Hiri eredu berri bat nahi badugu, autoari trabak jarri beharko dizkiogu»

Trafikoa arindu eta autoari lehentasuna kenduko dion eredu baten alde, koherentziaz jokatu behar dela uste du Gea 21 agentziako adituak. Agintarien jokabidean kontraesan ugari antzematen ditu.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2017ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Mugikortasun eta hirigintza kontuetan, ospe handiko aditua da Alfonso Sanz (Madril, Espainia, 1957), Gea 21 agentziako geografo eta matematikaria. Donostia, Gasteiz eta Iruñeko mugikortasun planetan parte hartu du.

Autoen neurrira eginak daude hiriak?

Bai, hala izan da historikoki. Azken 70 urteetan, erraztasunak besterik ez zaio eman autoari, eta, ondorioz, abantaila gaindiezina du gainontzeko garraioekiko. Eta egoera iraultzeko politika eraginkorrak aplikatzen ez diren bitartean, hala izanen da.

Zuk ongi ezagutzen dituzu Hego Euskal Herriko hiriburuen kasuak. Egokiak iruditzen zaizkizu autoen presentzia murrizteko hartu dituzten neurriak?

Kasu zehatzak aztertzean, garrantzitsuena ez da jakitea zenbat bidegorri egin dituzten edo zenbat kale egokitu dituzten oinezkoentzat. Hainbat faktore hartu behar ditugu kontuan, mugikortasunak lotura estua baitu lurralde antolaketarekin, hirigintzarekin eta kulturarekin.

Gasteiz eta Donostia eredu bihurtu dira mugikortasun politikei dagokienez. Lan ona egin duten seinale?

Bai, baina hiri bakoitzak hirigintza eredu propioa dauka, eta oso ezberdinak dira euren artean. Gasteizen, esate baterako, ongi egin dute lan, baina oso hiri konpaktua da, eta oinez nahiz bizikletaz egin daitezke distantzia gehienak. Beste hiri batzuetan, zailagoa da zenbait traba gainditzea, hirigunetik kanpo ere metropoli eremu zabala dutelako. Horrelako zerbait gertatzen da Donostian: neurri egokiak hartu dituzte barne mugikortasunari dagokionez, baina, aldi berean, eremu metropolitanoa zabaldu egin da, etxebizitzak eraiki dituzte aldirietan, eta bestelako arazoak sortu ditu horrek. Jendeak desplazamendu asko egin behar izaten ditu, eta kanpoaldeko auzuneak ez daude behar bezala prestatuta. Toki askotan dute arazo hori: erdiguneko auzoetan egiten dituzte hobekuntzak, baina aldirietara joan behar baduzu—lanera, adibidez—, alternatibarik ez dago. Ondorioz, autoarekiko menpekotasuna ez da desagertzen.

Prebisiorik ez da egon askotan. Iruñean, garai batean, inora ez zihoazen bidegorriak eraiki ziren, funtzionaltasunik batere gabekoak...

Oinarrizkoa da helburuak aurretik planifikatzea. Zein da zure hiri eredua? Nora jo nahi duzu? Eta, behin helmuga argi duzula, pieza guztiak koherentziaz mugitu behar dituzu. Zure helburua bada autoak eragindako arazoak murriztea, bi motatako neurriak aplikatu beharko dituzu halabeharrez: alde batetik, garraio alternatiboak sustatzekoak, eta, bestetik, auto pribatuaren erabilera murriztekoak. Sinplea dirudi, baina herritar, agintari politiko eta teknikariei kosta egiten zaie ideia hori barneratzea: beste hiri eredu bat nahi badugu, autoari trabak jarri beharko dizkiogu.

Erresistentzia sumatzen duzue halako neurriak planteatzean?

Denek sustatu nahi dute bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera, kutsadura murriztu, trafikoa lasaitu... baina, aldi berean, ez diote autoari lekurik kendu nahi; aitzitik, erraztu egin nahi dute autoarekin edonora joatea. Eta hori kontraesan bat da. Bata ala bestea, baina biak ez. Aparkalekuak dira horren adibiderik garbiena: etxe ondoan nahi ditugu, eta zentrotik hurbil, baina udaletako arduradunek ulertu behar dute aparkaleku gehiago eraiki eta autoa gertu uztea errazten badute, nekez lortuko dutela jendearen ohiturak aldaraztea. Iruñean, adibidez, erosoegia da autoarekin hiriko erdialderaino joatea eta bertan aparkatzea. Eta Donostian ere lurpeko aparkaleku gehiegi eraiki dituzte, bisitari eta turistei begira. Hori kontraesana da.

Kutsadura murriztu eta autoak erdigunetik ateratzeko neurriak hartu dituzte Europako hiriburu askok. Euskal Herriko hirien ispilu izan behar al dute?

Ez dute zertan izan. Beti Europari begira egoteko joera dugu: Kopenhage, Amsterdam... Baina horiek bezain eredugarriak izan daitezke Gasteiz eta Donostia. Finean, zer da hiri eredugarri bat? Bada, oro har, ongi eta gaizki egindakoak kontuan izanda, eboluzio positiboa izan duen hiri bat. Norabidea marka dezakeena. Amsterdamen, adibidez, oso hedatua dago bizikletaren erabilera, bai, baina ez da gauza bera gertatzen metropoli eremu guztian, ezta eskualdean ere. Autoek pisu handia dute eremu zabalago horietan, eta oinezkoen egoera ere ez da sobera ona. Beraz, non jarriko dugu arreta? Europan aplikatzen diren neurri onuragarriak hona ekartzea ongi dago, baina okerrak ere aintzat hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.