Abisu laranja ezarri dute tenperatura altuagatik

Euskal Herri osoan 39 graduko maximoak espero dituzte gaurko eta biharko. Arratsaldean, kostaldean freskatuko du; barnealdean, ez

Bilboko erdiguneko termometro bat, ekainaren 26an. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Erredakzioa
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Tenperatura beroak espero dituzte Euskal Herri osoan gaurko eta biharko. Beroenak 39 gradukoak izan daitezke leku askotan, eta aurreikusita dago 18 gradutik ez jaistea. Horiek hala, alerta laranja ezarri dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak eta Meteo France agentziak. Espainiako Aemet agentziak, berriz, abisu gorria eman du Bizkaian: 40 gradutik gorako tenperaturak espero ditu. Abisu horia aktibatu dute denean, sute arriskuagatik.

Gaur goizean hego haizeak indarra hartuko du, eta horren eraginez berotuko da tenperatura. Arratsaldean, kostaldean, haizeak ipar-mendebaldera egingo du bat-batean, eta 50-70 kilometro orduko haizeteak eragingo ditu. Tenperaturak behera egingo du, 8-10 gradu; gauean, gehiago.

Barnealdean ere haizeak norabidea aldatuko du arratsaldean, baina bero jarraituko du. Gauean, tenperatura hotzenak ez dira 18-22 gradutik jaitsiko barnealde osoan.

Bihar ere izango da indarrean alerta laranja. Aurreikuspen arabera, tenperatura beroena 37 gradukoa izango da kostaldean, eta 39koa barnealdean. Aurreko egunean bezala, abisu horia ezarri dute Hego Euskal Herri osoan, sute arriskuagatik .

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak hainbat gomendio eman dituzte beroaldiaren arriskuei aurre egiteko: besteak beste, egarririk izan ez arren egoki hidratatzea eta dutxak edota bainuak hartzeko; ez egiteko lanik eta kirol gogorrik eguneko ordu nagusietan; eta arreta berezia jartzeko haurrei eta adinekoei, bereziki botikak hartzen dituztenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.