Macrik BEZa kendu die oinarrizko produktuei krisiari aurre egiteko

Urgentziazko zenbait neurri jarriko ditu indarrean, igandeko primarioen emaitzek sortutako larrialdi ekonomikoari erantzuteko

Paulo Ostolaza.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Joan den igandeko primarioen emaitzek ezegonkortasuna sortu dute Argentinako ekonomian, eta pesoak zuen balioaren %20 baino gehiago galdu du orduztik. Lehendik handia zen inflazioa—%54,4 handitu da azken urtean— eta are eta gehiago haztea eragingo du horrek.

Asteazkenean, goizeko lehen orduan, Macri presidentea argentinarrei zuzendu zitzaien, telebista bidez igorritako mezu baten bitartez. Barkamena eskatu zien, astelehenean egindako prentsaurrekoan hautesleei eta oposizioari egotzi zielako herrialdearen egoera ekonomikoaren ardura. «Gertatu dena nire eta nire taldearen errua soilik da», azpimarratu zuen.

Onartu zuen milaka familia argentinarrek arazo ekonomiko larriak dituztela, baita egoerari aurre egiteko zenbait neurri iragarri ere. «Neurri horiek hartu ditut entzun dizuedalako», esan zien herritarrei, grabatutako mezuan.

«Astelehenean sortu zen egoera dela eta, salbuezpenezkoneurri bat hartu dut: BEZa kenduko diegu familia argentinarrek kontsumitzen dituzten oinarrizko produktuei», esan zuen. Urte amaierara arte BEZik izangoez duten produktu horiek ogia, esnea, pastak, mate belarra,arroza eta azukrea dira, besteak beste.

Ez da hori izan iragarritako neurri bakarra. Gobernuak gutxieneko soldata igoko du —ez du esan zenbat—; 2.000 pesoko (32 euro) soldata gehigarri bat emango die hilero soldatapeko langileei; eta erregaiaren prezioa izoztuko du datozen 90 egunetan. Autonomoei ere zergak jaitsiko dizkie, hezkuntza bekak igoko ditu eta estatuko segurtasun indarrei ere emango die soldata gehigarri bat. Helburua da inflazioaren erruz lehendik motelduta zegoen kontsumoa piztea.

Argentinako Gobernuak ez du argi zeintzuk izango diren neurri horiek finantzatzeko diru iturriak; kostua 40.000 milioi peso ingurukoa izango dela kalkulatu du —650 milioi euro inguru, egungo prezioetan—. Datorren urte hasieran gobernuan dagoenari egokituko zaio eragindako gastuei aurre egitea.

«Botere hutsunea»

Urriaren 27ko hauteskundeak gertu egoteak ere zerikusia izan du Macriren erabakietan.

Honela esan zien Mauricio Macrik asteazkenean Buenos Airesen bildutako gobernuko goi karguei: «Ez dago alegiazko presidenterik; benetako presidente bakarra ni naiz, eta neurriak hartuko ditut».

Alberto Fernandez hautagai peronista alde handiarekin gailendu zen joan den igandeko bozetan—botoen %47 eskuratu zituen, eta Macrik, berriz, %32— eta merkatuek presidentetzat jo dute jada. Macrirenganako konfiantza galdu, eta amaitutzat eman dute haren garai liberala.

Merkatuek Argentinari ezarritako zigorra gelditu egin zuten atzo, eta apur bat indartu zen pesoa. Macrik Fernandezekin hitz egin zuen ziurtatzeko harremana mantenduko zutela, eta primarioen garaileak argi utzi zuen, berriz ere, Argentinak «asmo osoa» duela bere zorraren nazioarteko hartzekodunei ordaintzeko.

Nazioarteko Diru Funtsa hartzekodunen artean dago. 2018ko irailean austeritate neurriak iragarri zituen Macrik, NDFren 57.000 dolarreko babesaren truk.

Bestalde, Alberto Fernandezek Macriri eskatu zion une batez hauteskunde kanpaina ahazteko eta presidente lanak egiteko. «Guztiok nahi dugu merkatuak lasaitzea» adierazi zuen.

Antzera mintzatu zen Roberto Lavagna, primarioetan hirugarren izan zen hautagaia (botoen %8,22rekin). Ekonomia egonkortu bitartean hauteskunde kanpaina alde batera uzteko eskatu zien bi hautagaiei, egun sortu den «botere hutsunea» konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.