Iratxe Landeta. Olimpiako zuzendaria

«Unitate hau salto handia da guretzat»

Olimpia zahar etxeak eta alzheimerra eta antzeko eritasunak dituztenen senideen AFA elkarteak indarrak batu dituzte arta emateko unitate batean; Landetak azaldu du zer den.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Dementzia klaseren bat pairatzen duenak galdu egiten ditu independentzia pertsonala, lanekoa, familiarra eta soziala. Gogorra da bizipenez ez akordatzea. Alzheimerra da dementzia eragiten duten eritasunen artean ezagunena. Kasuen %70 eragiten du. Pertsona horiek ahalik eta modu egokienean artatzeko asmoz, aurrerapauso bat egin dute Bilboko Olimpia zahar etxean; hain justu, unitate berri bat jarri dute abian, AFA alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituztenen senideen Bizkaiko elkartearekin batera. Orain aste bi aurkeztu zuten unitate hori, egoitzan bertan. Iratxe Landeta egoitzako zuzendariak berritasun horren nondik norakoak kontatu ditu.

Zer da abian jarri duzuen unitatea? Zer zerbitzu emango da?

Beste ikuspegi batetik heldu diogu lehen ematen genuen zerbitzuari. Dementzia eragiten duten gaixotasun asko daude, eta horiek denak tratatzeko den arren, unitatea nagusiki Alzheimerren gaixotasuna pairatzen dutenei bideratuta dago. Gaixotasun horren barruan, bakoitza fase batean murgiltzen da. Fase horietarako baliabide espezifikoak daude, eta egoiliarrak euren gaitasunen arabera artatuko ditugu. Orain, garrantzitsua izango da hilabeteak pasa ahala unitatearen balorazio bat egitea: zertan hobetu den arreta eta zer egin behar dugun hemendik aurrera. Arta bereziarekin zainduko dira egoiliarrak.

Zergatik jarri da martxan unitatea?

Alzheimerra oso gaixotasun luzea eta berezia da. Gainera, dementzia eragiten duen gaixotasun ezagunena da, eta garrantzi handia dauka. Garapena oso luzea da, eta gaixotasunaren barruan, fase desberdinak daude. Fase desberdinetan dauden egoiliarrak ezin dira berdin zaindu, eta, unitate honekin, fase bakoitzeko lana zehaztu nahi izan dugu, bakoitzari gune bat emanez. Horrela, pertsona bakoitza kontrolatuagoa egongo da.

Zein hutsune betetzen du unitateak?

Ez dut uste hutsunerik zegoenik. Beti zaindu ditugu gaixoak, baina unitate hau salto handi bat izango da. Beste begirada bat emango diogu eta hobekuntza nabarmena izango da. Entrenamendu memorialak, terapia okupazionala, estimulazio psikomotorra, musika terapia... Horrelakoak beti landu ditugu, ahal genuen neurrian, baina orain, baliabide desberdinen bidez, gehiago eta hobeto landuko da.

Senitartekoei zein mesede egingo die unitate hau sortzeak?

Senitartekoentzat oso gogorra da etxeko batek horrelako gaixotasun bat pairatzen duela onartzea, baina badakite hemen hobeto egongo dela. Zahar etxearen eta senitartekoen arteko hartu-emana garrantzitsua eta emankorra da. Egoitzara datozen egoiliarrak gaixotasuna aurreratua daukate gehienetan, eta gure laguntza behar-beharrezkoa dute. Unitate honetan, beti egingo dugu gaixotasunaren lanketa sakona, ahalik eta autonomia handiena lortzeko eta gaixotasunaren eboluzioa atzeratzeko.

Eta gaixoei?

Egoiliarren kasuan badakigu euren gaixotasunak ez duela hobera egingo; alderantziz. Hori jakinda, gure esku dago gaixotasunaren bilakaera ahalik eta gehien atzeratzea eta ahalik eta autonomia handiena lortzea.

Unitatea AFArekin batera atera da aurrera. Nolako harremana izan duzue elkartearekin?

Bai, eta beharrezkoa zen haiekin egitea. Eurek oso lan ona egin izan dute beti, gaixoekin eta senitartekoekin bereziki. Harremana oso ona izan da beti, eta gure gaitasunak batu ditugu gaixotasun gogor hau jasaten duten familiei laguntzeko. Egoitzak egoiliarren eskura jartzen ditu pazienteek beren kabuz egin ezin dituzten oinarrizko premietara bideratutako zaintzak eta programak. AFAk, berriz, informazioa, laguntza psikologikorako taldeak, trebakuntza ikastaroak eta aholkuak emango dizkiete senideei. Lehen jada garrantzitsuak ziren, baina orain rol nagusia izango dute.

Zein arrasto utzi du pandemiak horrelako gaixotasunak pairatzen dituztenengan? Eta senitartekoengan?

Harrigarria izan zen pazienteen jarrera, gure egoitzan behintzat. Adinagatik izango da seguruenik, baina gure egoiliarrek pazientzia handia izan dute, eta guk baino askoz hobeto onartu dute bizi dugun egoera. Gogorra izan da, noski; nola ez. Senideak ezin izan ziren etorri, baina egunero bidaltzen genuen gutun bat, eguneko informazioarekin. Bideo deiak ere egin genituen. Senitartekoek ere ulertu zuten egoera eta beren borondate guztia jarri zuten. Orain, apurka, bere onera dator dena. Oso pozik gaude.

Langileek nola bizi izan duzue pandemia, eta nola zaudete orain?

Zoratu egin gara. Inor ez da joan etxera, eta asko diegu eskertzeko langile guztiei, haiengatik atera baikara ataka zail horretatik. Jada denbora pasatu da gaitzak bete-betean harrapatu gintuenetik. Urte hasierarako, hobeto geunden, eta orain lasai gaude. Lan handia egin dugu denok, eta horrek bere fruituak eman ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.