Sareak diruztatzea da bidea

Esparru digitalean euskarak eta katalanak zer egoera eta zer aukera duten hausnartu dute zenbait ikertzailek. Mekanismo gehiago eskatu dituzte sareetako edukiak sustatzeko

Ezkerretik eskuinera, Elixabete Perez Gaztelu, Jokin Aiestaran, Marina Massaguer eta Aveláli Flors Mas. OSCAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«80ko hamarkadan jende askori iruditzen zitzaion guztiz irrigarria zela pelikulak katalanera bikoiztea, denok baitakigu cowboyek eta indiarrek gaztelaniaz egiten dutela». Adibide horrekin azaldu zuen Bartzelonako Unibertsitateko Aveláli Flors Mas soziolinguistak katalanaren diglosia egoera atzo, Bilbon, EHUren udako ikastaroen barruan, Sare sozialak, hizkuntza praktikak eta ideologiak: gogoetarako bideak mahai inguruan. Euskal Herriko eta Kataluniako ikertzaile bina batu ziren mahaian, Agurtzane Elordui soziolinguistaren galderekin euskarak eta katalanak sareetan dituzten testuinguru eta abaguneez hausnartzeko.

Florsek adierazi duenez, denbora behar izan zen bikoizketa onar zedin: «Sarri, hizkuntza batek eremu berri bat irabazi nahi duenean, ematen du parodikoa dela». Esparru digitalarekin gertatzen da orain hori. Marina Massaguer filologoaren arabera, katalana sorgin gurpil batean dago arlo digitalean. Sarerako sortzen diren edukiek eskaintza eta zabalkunde «mugatua» dutenez, oso gutxi kontsumitzen dira; hizkuntzaren inguruko diskurtso kaltegarriak eta etsigarriak sortzen dira —«katalanez ez da ezer egiten, umore bideoak bakarrik»— eta horrek diglosia digitala eragiten du: «Pentsatzen duzu zure hizkuntza ez dela aproposa sareko zenbait arlotarako».

Massaguerren berbetan, kontua ez da bereziki eduki gutxi daudela katalanez, baizik eta horiek kontsumitzeko prest dagoen jendeak ez dakiela existitzen direla. Xehetasun gehiago eman du Florsek. Ikusi dutenez, sarean merkatu dinamikak errepikatzen dira, eta ikerketetan parte hartu duten zenbait gazteren kezkak azaldu dituzte. Flors: «Katalanez hasten diren batzuek microinfluencer bihurtzeko aukera dutenean, gaztelaniara pasatzen dira».

Massaguerrek musikaren eszenarekin konparatu du. Talde askok katalanez sortzen dute musika, «gero badakitelako udan hainbat herritako jaietan jotzeko kontratatuko dituztela». Ideian sakondu du Florsek: «Taldeek diskoak erosten dituen publiko txiki eta fidel batekin funtziona dezakete, baina, sareetan, upa lako klik kopurua behar da edukiak monetizatzeko». Hor egin behar da lan, bien aburuz, eta, besteak beste, proposatu dute erakundeek beste bide batzuetatik ordaintzea Youtube eta Instagrameko katalanezko edukiak, eta eskaintzaren ikusgaitasuna hobetzea.

Erregistroak sarean

Bestelako bide batetik jo du Jokin Aiestaran EHUko filologoak. Elorduirekin batera aztertu ditu Instagramen erabiltzen diren hizkuntza aldaerak. Euskaraz ondo dakiten unibertsitate ikasleek parte hartu dute ikerketan, eta ikusi dute euskalkidun gazteek ondo bereizten dutela non erabili aldaera bakoitza. Instagrameko orri nagusian —jarraitzaile denek ikus dezaketena— batuan idazten dute gehienek. Kantuen eta poemen zatiak izan ohi dira. Txatean, ostera, «ia bekatua» da batua erabiltzea, Aiestaranen arabera. «Ez jata urteten», adierazi die parte hartzaileetako batek. Ohartu direnez, batua «uniforme», «serio», «artifizial» eta «akademikotzat» jotzen dute. Euskalkia«benetakoa» eta «dibertigarria» zaie. Aiestaranek ere eskatu ditu hizkuntza politikak esparru digitalerako, baina ohartarazi du «oso garrantzitsua» dela gazteek ez igartzea erakundeak edo irakasleak daudela horren atzean.

Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko filologoa ere euskalkiek sareetan duten rolaz aritu da. Ikerketa txiki bat azaldu du: Ezkerraldeko (Bizkaia) hamazortzi ikasle zelan aritzen diren elkarreraginean euskalkidunekin. Esan duenez, gehienek nahiago dute euskalkidunekin sareen bidez berba egin. Mezua igorri baino lehen «pentsatzeko eta hiztegia erabiltzeko» aukera izaten dute, eta ez dira «epaituta» sentitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.