Bi urtez igo da I+Garen inbertsioa, nahiz eta ez iritsi 2012ko neurrira

2017an, %5,6 handitu da ikerketarako eta garapenerako gastua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAEk EBko hamar herrialde dauzka aurretik I+Garen ahaleginaren zerrendan

Jon Fernandez -

2018ko azaroak 23
Europari, oraindik ere, behetik gora begiratzen dio Euskal Herriak I+G ikerketa eta garapenaren arloan. 2013az geroztik, Europako Batasunaren batezbestekotik behera dago Euskal Herriko I+G inbertsioa: BPGaren %1,6koa zen 2016an Euskal Herrikoa, Gaindegiaren kalkuluen arabera, eta %2,03koa EBkoa. Eustatek datuak gaurkotu ditu, eta berretsi du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2017an ere EBren azpitik jarraitzen dutela: EAEn BPGaren %1,85 erabili ziren I+G ekintzetarako, eta EBn %2,04.

2013tik 2015era bitartean hiru urtez jarraian egin zuen behera inbertsioak EAEn, baina apurka-apurka suspertzen hasi da, bi urtez jarraian gastua handituta. Ia-ia duela bi urteko mailara ailegatzea lortu du, 2008ko neurri berera, baina, 2012arekin alderatuz gero, oraindik ere bi hamarren apalago jarraitzen du.

Mendea hasi zenetik, 2012koa izan zen urterik onena ikerketa eta garapenarentzat Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: %2,09ko langara iritsi zen orduan, EBko batezbestekoa (%2,01) gaindituz. Bost urtez gainditu zuen EAEk ikerketa eta garapena bultzatzeko EBren ahalegina portzentajean, 2008tik 2013ra hain zuzen ere; harrezkero, ordea, ez du lortu batezbestekora iristea. Gaur-gaurkoz, EAEk hamar herrialde ditu aurretik EBko I+G inbertsioen zerrendan.

Iaz, Eustat estatistika institutuaren arabera, 1.363,2 milioi euro inbertitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoaren jardueretan, aurreko urtean baino %5,6 gehiago. Bigarren urtez jarraian egin du gora inbertsioak —2016an 1,4 puntuko gorakada izan zuen—.

Ikertzaileak, %7 gehiago

Iaz I+G jardueretan inbertitutako hamar eurotik zazpi eta erdi enpresa pribatuek jarri zituzten, 1.023,2 milioi euro; beste %17,4 goi mailako irakaskuntzako erakundeek jarri zuten, 237,1 milioi euro; eta gainontzeko %7,5 erakunde publikoek, 102,9 milioi euro.

Aurreko urtearekin alderatuta, enpresek iaz %5,2 gehiago gastatu zuten, eta goi mailako irakaskuntzako instituzioek %4,5 gehiago. Hala ere, ahalegin handiena erakunde publikoek egin zuten iaz, 2016an baino %11,8 gehiago inbertituta ikerketa eta garapenerako proiektuetan. 2012ko datuekin alderatuz gero, inbertsio maila jaitsi dute enpresek (-%0,7) eta goi mailako irakaskuntzak (-%0,5), eta igo (%1,2), aldiz, administrazio publikoak.

Azken bi urteetan ikerketaren esparruan gorakada ez da bakarrik inbertsioan etorri, baita langile kopuruan ere. Iaz 18.577 langile ari ziren lanean ikerketari eta garapenari lotutako jardueretan, 2016an baino %3,8 gehiago. Bi urtean, 360 enplegu gehiago daude jarduera horretan. Edonola ere, oraindik ez da berreskuratu 2012. urteko enplegu kopurua, orduan baino 105 lanpostu gutxiago baitzeuden iaz.

Enpleguaren barruan, nolanahi ere, igoera nabarmena izan du azken urtean ikertzaileen kopuruak: 12.608 ziren iaz, aurreko urtean baino %5,8 gehiago, eta 2012an baino %7 gehiago.

Deigarria da ikertzaile kopuruak zazpi puntu gora egin izana azken bost urteetan, nahiz eta ikerketa eta garapenerako inbertsioa 0,7 puntu uzkurtu denbora tarte berean.

Begirada azken hamarkadara botaz gero ere, antzekoa da joera. 2008tik 2017ra, %7,8 handitu da I+G jardueretan egindako gastua; epe berean, %20,8 handitu da enplegu kopurua, eta ikertzaile kopurua, zehazki, %30,8 hazi da.

Sektore oso maskulinizatua da oraindik ere, Eustaten azken datuen arabera. Beharginen %35,8 baino ez dira emakumeak, kopuruak 2017. urtean bi hamarren gora egin eta gero. Emakumeek presentziarik handiena instituzio publikoen eta goi mailako irakaskuntzako I+D jardueretan daukate: %54,6koa eta %50,4koa, hurrenez hurren. Aldiz, enpresa pribatuetan ikerketa eta garapenera bideratutako enpleguetan soilik %29,4 dira emakumeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna