Hondamendi meteorologikoak boskoiztu egin dira mende erdian

1979 eta 2019 bitartean, bi milioi lagun hil ziren muturreko fenomeno meteorologikoen ondorioz. Heriotzen %91 garapen bidean dauden herrialdeetan gertatu ziren

Urez betetako errepide bat Witowice Dolnen, Polonian, astelehenean. GRZEGORZ MOMOT / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Muturreko gertakari meteorologikoek eta klima larrialdiarekin lotutakoek eragindako hondamendiak duela mende erdi halako bost dira. Horien ondorioz, bi milioi pertsona hil dira, eta 3,64 bilioi dolarreko galerak izan dira nazioartean, 1979 eta 2019 bitartean; hala jasotzen du atzo Munduko Meteorologia Erakundeak argitaratutako txostenak.

Dokumentuaren arabera, aipatutako denbora tartean, 115 pertsona hil eta 202 milioi dolarreko galerak izan dira egunean, batez beste. Lehorteak eta eurite gogorrak izan dira hildako gehien eragin dituztenak, eta ekaitzak eta uholdeak kalte ekonomiko handienak ekarri dituztenak. Horrez gain, txostenak zehazten du heriotzen %91 garapen bidean dauden herrialdeetan gertatu zirela.

Ikertutako mende erdian, muturreko fenomenoek eragindako hildakoak hirukoiztu egin ziren. Hala ere, adituek ohartarazi dute erakundeko 193 kideetatik soilik erdiek dutela arrisku anitzeko alerta sistema bat, eta hutsune handiak daudela Afrikako, Latinoamerikako, Pazifikoko eta Asiako zenbat herrialdeetako zaintza meteorologikorako sistemetan. «Alerta goiztiarreko sistemei esker, gutxiago dira azken urteetan hildakoak. Baina, aldi berean, arriskuan daudenen kopuruak gora egin du, gero eta gehiago direlako arrisku guneetan bizi direnak», azaldu du Mami Mizutorik, Hondamendiak Murrizteko Nazio Batuen Bulegoko zuzendariak.

Kontinenteka, Afrikan izan ziren urarekin eta meteorologiarekin lotutako hondamendien %15, baita heriotzen %35 eta galera ekonomikoen %1 ere. Han, uholdeak izan ziren gehien errepikatutako gertaerak —%60 inguru—, baina lehorteek eragin zituzten hildako gehien, %95. Erregistratutako hondamendietatik %31 jakinarazi zituen Asiak, heriotzen %47 eta galera ekonomikoen %31. Hego Amerikan, uholdeek eragin dituzte hondamendien %90, eta Amerika iparraldean eta erdialdean, berriz, %18. Europan, muturreko tenperaturak izan dira heriotza gehien eragin dituztenak: %93.

Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek ohartarazi du klima larrialdiaren ondorioz maizago gertatuko direla halako hondamendiak datozen urteetan. «Horrek esan nahi du azken urteetan Europan eta Amerika iparraldean ikusi ditugunak bezalako lehorte, uholde eta suteak ohikoagoak bilakatuko direla. Ur lurrun gehiago dago atmosferan, eta horrek handitu egiten du eurite handien eta uholdeen arriskua. Ozeanoen berotzeak zuzenean eragin du ekaitz tropikalen maiztasunean eta eremuetan», nabarmendu du Taalasek.

Eragileak

Adituen arabera, ez dago argi gizakiaren eragina zenbaterainokoa den lehorteetan, besteak beste, fenomeno meteorologikoekin oso lotuta daudelako zenbait kasutan. Baina 2016 eta 2017. urteetan Afrika ekialdean izandako ur eskasian zerikusi handia izan zuen Indiako Ozeanoko tenperaturak igo izanak, eta, horretan, gizakiak izan zuen eragina.

Dokumentuak jasotzen duenez, gero eta ikerketa gehiagok ondorioztatzen dute euri jasen maiztasunean ere eragina duela gizakien esku hartzeak. «Hondamendiak gutxitzeko ahaleginik ez egiteak are gehiago zailtzen du garapen bidean dauden herrialdeen bidea. Estatuek, batez ere aberatsek, eskura jarri behar dute alerta sistema goiztiarra», nabarmendu du Mizutorik.

Joan den abuztu amaieran World Weather Attributionek argitaratutako ikerketan ere antzeko ondorioak atera zituzten. Haren arabera, uztailean Europa erdialdeko zenbait estatutan gertatutako euriteak bat eta bederatzi aldiz gertagarriagoak izan ziren berotze globalaren ondorioz. Orduan, zientzialariek ohartarazi zuten Europako eremu horretan batez besteko tenperaturek gora egin ahala geroz eta ohikoagoak izango direla gisa horretako fenomenoak. «Gertakari arraroa da, baina horrelako gertakari arraroetarako prest egon behar dugu», adierazi zuen ikerketan parte hartu zuen adituetako batek, Twenteko Unibertsitateko (Herbehereak) irakasle Maarten Van Aalstek.

Datorren azaroaren 1a eta 21a bitartean, klima larrialdiari buruzko goi bilera egingo dute Glasgown (Eskozia), Nazio Batuen Erakundeak antolatuta, eta espero da estatuek berritu egingo dituztela berotze globalaren aurkako neurriak. Hori dela eta, nazioarteko erakundeak estatuburuei presio handiagoa egiten ari dira azken asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.