Izortze Santin.
ARGI ALDIAN

Kymriah musu truk balitz

2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Abuztuaren bukaerarekin iritsi zitzaigun berria Estatu Batuetatik. Hango Farmakoen eta Elikagaien Administrazioak (Food and Drug Administration, FDA) erabaki historiko bat hartuta, lehendabiziko aldiz oniritzia eman dio terapia genikoan oinarritutako tratamendu baten merkaturatzeari.

Tratamendu horrek Kymriah izena du, eta B zelulen leuzemia linfoblastiko akutua duten haur eta gazteentzat da. Gaixo bakoitzari egokitutako immunoterapia horren bitartez, gaixoaren T linfozitoak erauzi eta genetikoki eraldatzen dira, leuzemia-zeluletan dauden antigeno batzuekiko espezifikoak izan daitezen. Ondoren, gaixoari genetikoki eraldatutako T linfozitoak injektatzen zaizkio, eta horiek leuzemia-zelulak suntsituko dituzte. Saio klinikoetan lortutako emaitzen arabera, badirudi tratamenduaeraginkorra dela beste terapien bidez sendatu ez diren gaixoetan. Horrela, tratamendua jaso eta urtebetera, gaixoen bi herenek ez dute minbiziaren aztarnarik.

Tratamendu hori Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaile batek garatu duen arren, Novartis enpresa farmazeutikoak komertzializatzeko eskubidea bereganatu du. Norvatis-en arabera, terapia genikoak medikuntza goitik behera aldatuko du, eta gaur egun sendaezinak diren gaixotasunak sendatzeko aukerari ateak zabalduko dizkio. Hitz itxaropentsuak badira ere, terapiaren kostua ikusita, 400.000 euro inguru, paziente gehienentzat tratamendua eskuraezina izango da.

Tratamendu horren kostu handiak ikerkuntza farmazeutikoaren finantzaketaren inguruko eztabaida berpiztu du. Izan ere, tratamendua garatzeko ikerkuntzaren parte bat Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalek (National Institutes of Health, NIH) finantzatu dute. Estatu Batuetan ez ezik, beste herrialde batzuetan ere, Euskal Herrian kasurako, ohikoa da diru publikoaren bitartez finantzatutako ikerkuntzaren emaitzak enpresa pribatuen errebeniorako izatea.

Egia bada ere ikerkuntza biomedikoan ematen ari diren aurrerapausoek eragin zuzena eduki dezaketela gaixotasun askoren tratamenduan, benetan herritar guztion osasunean eragina izatea bermatuko dituzten politikak beharrezkoak dira. Novartis-en arabera, Estatu Batuetan urtero 600 gaixok betetzen dituzte Kymriah tratamendua jasotzeko osasun-irizpideak, baina tratamendua ordaintzeko aukera edukiko duten ikusteko dago. Kymriah musu truk balitz, paziente horiek pairatzen duten gaixotasunari aurre egiteko aukera edukiko lukete, baina, zoritxarrez, errealitate gordina bestelakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.