EB eta NATO Putini galdezka aritu zaizkio Navalniren erasoaz

Bi erakundeak Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidearen aurkako erasoa irmoki gaitzetsi dute. Mendebaldetik datorkion «konspirazioa» salatu du Errusiako Gobernuak

Manifestari bat Aleksei Navalni Errusiako oposizioburuaren aldeko mezua duen kartel bat eskuetan duela, San Petersburgon, Errusian. ANATOLY MALTSEV / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidearen osasuna zeresana ematen ari da nazioartean. Europar Kontseilura iritsi da gaia, esaterako. Hain zuzen, ehun eurodiputatu baino gehiagok, ohar bateratu batean, Navalniri egindako erasoen inguruan Nazio Batuen Erakundearen eta Europako Kontseiluaren barruan ikerketa bat egiteko eskaera egin zioten atzo Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariari, OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundearen babesa izan dezan.

Sergei Lagondisky Alemaniako berdeen ordezkariak bultzatu zuen eskaera, eta hainbat taldetako ehun eurodiputatu baino gehiagok Navalniren aurkako ekintza«gaitzetsi» zuten. Joan den asteartean, Alemaniako Gobernuak Putinekin kritikoa den kidea novitxok arma kimikoen ekoizpenerako Errusian erabilitako substantzia batekin pozoitu zutela jakinarazi ondotik. Hain justu, 2018an, substantzia berarekin pozoitu zituzten Sergei Skripal Errusiako Inteligentzia Militarreko kide ohia eta haren alaba Julia. Ez ziren hil. Ordutik, Erresuma Batuak eraso horren ardura Errusiari egozten dio. «Errusian oposizioko politikariak pozoitzen dituzten bitartean, ezin gara geldirik eta bestaldera begira egon», zioen oharraren adierazpenak. Koman jarraitzen du Navalnik, Berlingo erietxean.

Europako zenbait gobernuk eta Bruselako diplomazia komunitarioak erasoaren ikerketa «osoa eta gardena» egiteko eskaera egin zuten, baina gogoratu zuten Errusiako Gobernua ez zela iraganean Ana Politkovskaiaren edota Boris Nemtsoven hilketak argitzeko ikerketetan amaiera arte iritsi. «Eszeptikoak gara Errusiako agintariek krimen horiek ikertzeko benetako borondatea izango ote duen». Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere «gogor» salatu zuen erasoa. «Errusiak soilik erantzun ditzakeen galdera larriak daude».

Borrellek bat egin zuen eurodiputatu horien asmoarekin. «EBk irmoki gaitzesten du Navalni erailtzeko egin duten saiakera. Hala, nazioartetik erantzun bateratu bat eman behar dugu gertaera horren aurrean, eta neurri murriztaileen bitartez, erabaki sendoak hartzeko eskubidea dugu». Horrez gain, Borrell Errusiako Gobernuari zuzendu zitzaion: «Ahal duen guztia egin behar du krimen hori sakon ikertzeko, gardentasun osoz». Bide batez, OPCWrekin elkarlanean aritzeko eskaera egin zion Vladimir Putin buru duen gobernuari, «ikerketa inpartziala egin ahal izateko».

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, bestalde, Navalniri egindako erasoa eta egileak justiziaren aurrera eramateko eskatu zuen. «Arma kimikoen erabilera gizateriaren aurkako eraso bortitza da; nazioarteko arauen urraketa onartezina da», adierazi zuen Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak. Errusiako Gobernuak galdera askori erantzun behar diola nabarmendu zuen Stoltenbergek, eta gehitu zuen Moskuk novitxok substantziari buruzko «informazio osoa» eman behar diola OPCWri.

Bestelakoa diote Errusian

Navalni Alemaniako erietxera lekualdatu aurretik, Omsken ospitaleratu zuten, Siberiatik Moskura hegazkinean zihoala konortea galdu zuela eta. Bada, Errusiako oposizioko kidea artatu zuten medikuek ez dute adierazpenik egin Navalni pozoitua izan zela esateko: hasierako baieztapenari eusten diote. Aleksandr Sabaev Omskeko toxikologo buruak azaldu zuen Navalnik ospitaleratu baino egun batzuk lehenago, liseriketa aparatuan «arazoak» izan zituela. «Baliteke nekeak, alkoholak edo beroak eragitea haren osasunean».

Putinen gobernuak, berriz, Navalniren ikerketa «gertaeretan» soilik oinarritu nahi du. «Navalniri egindako analisietan substantzia toxikoaren laginak berresten badira, ikerketa martxan jarriko dugu», esan zuen Dmitri Peskov gobernuko bozeramaileak. Horrez gain, exekutiboa Alemaniarekin elkarlanean ari dela adierazi zuen. Herenegun, baina, bestelakoa zioen Peskovek: «Ni kontuz ibiliko nintzateke Errusia salatzerakoan. Ez dugu taxuzko arrazoirik ikusten nazioartetik Errusiari halako zigorrak ezartzeko». Errusiak nazioartetik jaso dezakeen zigorretako bat bertatik Alemaniara doan Nord Stream gas hodia moztea izango litzateke.

Bestalde, Navalniren defentsari Putinen exekutiboa ikertzeko eskaera ukatu dio Errusiako Auzitegiak, «Navalni pozoitua izan zela baiezta dezakeen froga argirik ez dagoela» argudiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.