Evo Morales Boliviara itzuli da

Herrialdean barrena bira bat hasi du presidente ohiak, eta bihar iritsiko da Cochabambara. Eskerrak eman dizkio Argentinari, eta, bereziki, Fernandez presidenteari. Ehunka herritar bildu dira ongietorria egiteko

Evo Morales Boliviako presidente ohia Argentinako estatuburuarekin batera, atzo eginiko agur ekitaldian. PAOLO AGUILAR / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Urriaren 18an egin zituzten Bolivian hauteskundeak, eta argi gailendu zen MAS Sozialismorako Mugimendua, urtebeteren ostean agintera itzuliz. Emaitzak jakin ondoren, Evo Moralesek iragarri zuen Boliviara itzultzeko asmoa zuela: «Denbora kontua da», adierazi zuen. Bada, iritsi da ordua, eta presidente izandakoa atzo itzuli zen herrialdera. Goizean gurutzatu zuen muga, 10:00ak aldera —Euskal Herrian 15:00ak zirenean—, eta ehunka herritarrek egin zioten ongietorria Villazon herrian (Bolivia).«Gaurkoa [atzokoa] egun garrantzitsua da nire bizitzan; pozez betetzen nau hainbeste maite dudan nire aberrira itzultzeak», esan zuen Boliviako presidente ohiak, bere Twitter kontuaren bidez.

Herenegun iritsi zen Morales La Quiacara (Argentina), Boliviarekin muga egiten duen herrira. Han, Alberto Fernandez Argentinako estatuburuarekin elkartu zen, agur afaria egiteko, eta atzo zeharkatu zuen muga, Villazonetik. Ehunka herritar bildu ziren Morales agurtzeko ekitaldian, eta Bolivian ere harrera beroa egin zioten. Harekin batera zeuden, besteak beste, Alvaro Garcia Linera presidenteorde ohia eta NBEko Boliviako enbaxadore ohi Sacha Llorenti ere.

Argentinako La Quiaca hiria eta Boliviako Villazon herria lotzen dituen zubi ondotik mintzatu zen Morales, pozik: «Ez nuen zalantzarik egiten itzuliko ginela, baina ez nekien hain goiz izango zenik; historikoa eta berria da». Argentinari eskerrak emateko baliatu zuen unea, eta adierazi «etxean bezala» egon dela: «Ez nintzen abandonatua sentitu. Istorio polit bat izan da, oroitzapen polit bat».

Iragan abendutik zegoen Morales Argentinan asilo hartuta, eta adierazi zuen Fernandezek «bizitza salbatu» diola. Halaber, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteari ere esker hitzak eskaini zizkion. «Milesker Boliviako herriaren batasunari eta munduko agintari askoren laguntzari», esan zuen.

Agerraldia amaitu bezain laster, Boliviako presidente ohiak zubirako bidea hartu zuen, Fernandezekin batera, eta besarkada amultsu batekin agurtu zuten elkar. Argentinako presidenteak adierazi zuen haien betebeharra dela mehatxupean dauden edo Bolivian bezalako altxamenduak jasaten dituzten herriei laguntza ematea: «Oso pozik nago Evori [Morales] eta Boliviako lagunei eskua luzatu eta gure lurraldean hartu ahal izan ditudalako». Gaineratu zuen Morales bere aberrira itzuliko zela, eta ez zuela handik «inoiz irten behar, ezta pairatu zuen tratu txarrik jaso ere». Batasunerako deia egin zuen, eta nabarmendu demokrazia dela instrumenturik garrantzitsuena.

Behin muga pasatuta, Moralesek bira bati ekin dio herrialdean barrena, bihar Cochabambara heltzeko asmoarekin, bere ibilbide politikoa garatu zuen eskualdera. 800 ibilgailu inguruk osatutako karabana bat gidatuko du, eta denera mila kilometrotik gora korrituko dituzte.

Horrela, Moralesek amaiera eman dio urtebeteko erbestealdiari. Iazko urrian presidentetzarako bozak egin zituzten Bolivian, eta Morales gailendu zen. Oposizioko alderdi nagusiek, ordea, iruzurra salatu zuten. Moralesek dimisioa eman zuen, eta herrialdetik ihes egin zuen, armadak estu hartuta. «Estatu kolpea» izan zela salatu zuen presidente ohiak. Jeanine Añez oposizioko senatariak hartu zuen estatuaren gidaritza. Herrialdeko behin-behineko presidente izendatu zuten, hauteskundeak egin artean. Handik urtebetera eginiko bozetan, baina, berriro gailendu da MAS alderdia, %55,1eko babesa jasota, eta are ahulago geratu da ustezko iruzurraren salaketa.

MAS, berriro agintera

Hain justu, herenegun hartu zuen presidente kargua Luis Arcek, La Pazen eginiko inbestidura saioan. Hainbat lider eta nazioarteko ordezkari izan ziren han: besteak beste, Argentinako estatuburua. Arcek gogor jo zuen Añez jarduneko presidentearen gobernuaren aurka, eta «demokrazia zapaltzea» egotzi zion. Baita «heriotza, beldurra eta diskriminazioa» ereitea eta MASeko politikariei eta sindikalistei jazartzea ere.

«Gure historiaren aro berri bati ekin diogu», adierazi zuen presidenteak, eta jakinarazi denentzat gobernatu eta aberria «berreraiki» nahi duela, «bakean eta batasunean» bizitzeko.

Garaipena lortutakoan, Moralesek esan zuen boliviarrek demokrazia lezio bat eman zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.