Indarkeria MATXISTA

Auzitara, hainbat urtez abusuak egin zizkion gizona hiltzeagatik

Frantzian bizi guztiko kartzela zigorra ezar diezaiokete Valerie Bacoti. 12 urte zituela hasi ziren erasoak, eta ez ziren gelditu harik eta erasotzailea hil zuen arte

Valerie Bacotek 35 urte ditu egun, eta baldintzapean aske dago. CHANGE.ORG.
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun

Lehenik ugazaita eta ondoren senar izan zuen Daniel Polette hiltzeaz akusatuta dago Valerie Bacot. Atzo hasi zuten, Frantzian, haren aurkako epaiketa. Poletteren abusuak jasan zituen Bacotek ia 25 urtez, eta lau seme-alaba izan zituen bortxaketen ondorioz. Bacotek berak aurrez aitortua du tiroz hil zuela Polette, bien alabaz abusatuko zuen beldur zelako. Atzo deklaratu zuen akusatuak epaimahaiaren aurrean, eta epaiketak datorren ostiralera arte iraungo du.

12 urte zituela hasi ziren abusuak, Polette Bacot eta haren amarekin bizitzen hasi zenean, eta, 17 urterekin haurdun geratu zenean, etxetik bidali zuen amak. Polette espetxeratu egin zuten 1995ean, 15 urteko neska bortxatzeaz akusatuta, baina 1997an bikotekidearen etxera itzultzeko baimena jaso zuen, eta erasoak berriz hasi ziren. «Inori ez zitzaion arraro egin Daniel gurekin bizitzera itzuli izana, ezer gertatu ez balitz bezala. Denek zekiten zer gertatzen ari zen, baina inork ez zuen ezer esaten», salatu zuen beranduago Bacotek berak Tout le monde savait liburuan (Mundu guztiak zekien).

Amak etxetik bidali zuenean, Bacot ordura arte ugazaita zuenarekin bizitzera joan zen, Baudemont hirira. Handik gutxira, ezkondu egin ziren. Emakumeak berak salatu duenez, elkarrekin egon ziren urteetan etengabeak izan ziren tratu txarrak, bortxaketak eta abusuak, eta prostituitzera ere behartu zuen. «Haren jabetza nintzen. Mila aldiz pentsatu nuen ihes egitea, baina beldur nintzen», aitortu zuen joan den maiatzean egindako elkarrizketa batean.

Baina 2016ko martxoan, Polettek autoan gordetzen zuen arma hartu, eta tiro egin zion gizonari. Ondoren, gorpua ezkutatu zuen. Poliziak 2017an atxilotu zuen, eta urtebete egin zuen behin-behineko atxiloaldian. Orain, baldintzapean aske dago. Polettek 14 urteko alabari erasoko zion beldur zelako hil zuela aitortu zuen gerora Bacotek berak.

Hondoratuta

«Suntsituta dagoen emakume bat da, ez bakarrik amarengandik maitasunik jaso ez zuelako, edo jipoien, bortxaketen eta umiliazioaren ondorioz, baita gizarteak harekin agertutako axolagabekeriagatik ere», idatzi dute liburuan Janine Bonaggiunta eta Nathalie Tomasini abokatuek. Testuak gogorarazten du txiki-txikitatik egin zizkiotela gauza izugarriak, eta gertukoenek ere ez zutela ezer ere egin.

Frantzian harrabots handia eragin du kasuak, 25 urtez abusuak jasan ostean balitekeelako Bacotek bizi guztiko kartzela zigorra jasotzea. Emakumeen eskubideetarako ministro izandako Najat Vallaud Belkacem bera emakumearen alde mintzatu zen joan den urtarrilean: «Bai, hark hil zuen. Baina bizi izandakoa heriotza bera baino askoz okerragoa izan zen; hogei urtez, egunero hil zuten Bacot». Belkacemek Bacot absolbitzeko eskatu dio Frantziako presidenteari.

Epaiketak indarkeria matxista kasuetan jarriko du beste behin fokua, non eta feminizidio tasa handienetako bat duen Europako herrialdean. Azken astean soilik, hiru emakume hil dituzte haien bikotekideek herrialde hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.