Poloniako Gobernuak denbora eskatu du abortuaren legea aztertzeko

Azken erabakia mediku eta espezialistekin aztertu behar dela dio gobernuko bozeramaileak. Oraingoz ez da indarrean sartuko Konstituzionalaren sententzia

RICCARDO ANTIMIANI / EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Poloniako emakumeen protestek eragina izan dute, eta gobernuaabortuaren sententzia aztertzen hasiko da. Hori iragarri zuen gobernuko bozeramaile Michal Dworczyek atzo. Urriaren 22an, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo zituen malformazioren bat duten umekien abortuak. Hala, soilik hiru kasutara mugatu zuen legezko abortua: haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio denean, edo amarentzat osasun arrisku larria dakarrenean. Azken egunetako protestak kari, Varsoviako gobernuak atzera egin du, eta «denbora» eskatu du auzitegien ebazpena aztertu eta abortuaren inguruko azken erabakia hartzeko. Asteartean aurreratu zuen Dworczyekk abortuaren debekua ezartzen duen legearen argitalpena mugarik gabe atzeratu zutela. Atzo, berriz, onartu zuen gobernuak «denbora beharko» duela auzitegiek hartutako erabakia egokia izan den edo ez patxadaz aztertzeko.

Poloniako Polskieirrati publikoanelkarrizketatu zuten Dworczyk, eta bertan onartu zuen Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak «eztabaida» piztu duela karrikan. Abortuaren debekua «serioski» aztertu beharreko auzia dela gaineratu zuen: «Denbora eta patxada behar dira, eta medikuen eta adituen iritzia jaso behar dugu azken erabakia hartu aurretik». Kalean izandako protestek eragina izan dute. Izan ere, dagoeneko iragan ortziralean Andrzej Duda herrialdeko presidenteak aurreratu zuen aukeraren bat egon zitekeela auzitegiak harturiko erabakia atzera botatzeko. Horretarako, Poloniako Konstituzioa errespetatzen duen lege proiektu bat aurkeztea paratu zuen mahai gainean.

Halaber, erabakia zalantzan paratzen duen txosten bat aurkeztu zuen atzo Tomasz Grodzki Senatuko buruak ere. Txosten horretan zehazten denez, auzitegiak hartutako erabakia ez da lotestea, epaitegi horren parte ez diren hiru epailek hartu zutelako parte erabakian. Gainera, PAP berri agentziak jakinarazi zuenez, Julia Przylebska auzitegiko buruak ez zuen Konstituzio Auzitegiaren lana «zuzentzeko aginpiderik», eta, beraz, erabakia ezingo litzateke indarrean sartu.

Andreen protestak

Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiak herritarren haserrea eragin du Polonian. Protesta jendetsuak egin dituzte karrikan, eta, iragan asteazkenean, emakume greba egin zuten abortatzeko eskubidearen alde. Milaka emakume atera ziren karrikara, bai Varsovian eta baiPoloniako bertze hainbat herritan. Gainera, protestek Poloniako mugak gainditu dituzte, eta Rigan,erraterako, ehunka izan dira abortatzeko eskubidearen alde kalera ateratako andreak.

Ez da Polonian abortu eskubidearen alde emakumeak kalera ateratzen diren lehen aldia. 2016an ere deitu zuten abortuaren auziari lotutako greba feministara, eta 200.000 lagun inguruk bete zituzten karrikak.

Abortuaren gaineko Europako legedirik zorrotzena duen herrialdea da egun Polonia. Orain arte, soilik lau kasutara mugatzen zen legezko abortua han: haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio denean, amarentzat osasun arrisku larria dakarrenean edo umekiak malformazioren bat duenean. Auzitegiak harturiko erabakiak azken kasu horrekin du lotura. Emakumeen aldeko elkarteek diotenez, urtean Poloniako 80.000 eta 120.000 emakume inguruk abortatzen dute atzerrian edo beste bide batzuk erabilita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.