Kantuak ardatz izanen ditu

Errobiko festibala bihar hasiko da, Itsasun. Igandera arte, ohi bezala, hainbat artista gonbidatuko dituzte, goizetik arratsera kasik etendurarik gabeko animazioak izateko. Siuxen kulturak leku berezia izanen du jaialdian
BKO talde maliarra larunbatean ariko da, 22:30ean, Atharrin.
BKO talde maliarra larunbatean ariko da, 22:30ean, Atharrin. ERROBIKO FESTIBALA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko uztailak 18
Navajo herriko erran zahar bat hartu du Beñat Axiari kantari eta Errobiko jaialdiko arduradunak aurtengo edizioaren filosofiaren azaltzeko: «Gizaki gaixo bat baizik ez naiz, kantu bat ere ez badut ezagutzen...». Kantuaren funtsezko garrantzia, ekartzen duen aberastasuna berrestea; hori du intentzioa Itsasuko jaialdiak (Lapurdi) bihartik uztailaren 22ra.

Ez da kasualitatea, halaber, Axiarik Navajoen erran zaharra hautatu izana. Izan ere, Ipar Ameriketako indioen kulturak izanen dira jaialdiko beste ardatzetako bat. Kultura horiek gaurko egunean duten eragina aztertzea proposatuko dute Jean Rochardek eta Maurice Rebeixek jaialdiaren lehen egunean; hau da, bihar, ostegunarekin, 17:00etan Sanoki gelan. Jean Rochard disko ekoizle eta kazetaria da, Angelukoa (Lapurdi); Maurice Rebeix, argazkilaria. Biak siuxen eta shawneen laguntzat aurkezten dute beren burua. Ondotik, Oyateko dirdirak izeneko gaualdia du pentsatua jaialdiak. Oyate hitzak nazioa erran nahi du siuxen hizkuntzan. Gaualdiak Tony Hymas piano jotzailea izanen du gidari. Gaur egungo jazz musikari «handienetako bat» dela dio Axiarik. Haren gidaritzapean Chistophe Rocher klarinete jotzailea ariko da, Paul Rogers kontrabaxu jotzailea, eta Axiari bera, kantuan. siuxen dantza eta kantuak ukanen dituzte oinarri. 21:30ean Atharrin dira ariko.

Gaualdia Mathieu Mendizabal eta Julen Axiari kantari lapurtarrek dute hasiko. Euskal kantu herrikoiak dituzte kantatzekoak. Ondotik, Isabel Sorling Suediatik heldu den kantaria entzuten ahalko da. Normandian jarria aspaldian, You izeneko hirukotearekin etorriko da Lapurdira.

Beti Julen Axiarirekin, baina aldi honetan Okzitaniako polifonien estiloan; biharamunerako dute atxikia hori, hau da, uztailaren 20rako, ostiralarekin, Atharrin. Lucie Gibaux, Charlotte Espieussas, Julien Lameiras, Lisa Langlois-Garrigue ariko dira Julen Axiarirekin.

Julen Axiari bezala, haren aita Beñat Axiari ere ariko da ostiralarekin. Aldi honetan, Niño de Elche kantariarekin eta Pedro Soler flamenko gitarristarekin. Flamenko giroan, Haize basak izenburua eman diote gaualdiari. Flamenkoa beti, baina aldi honetan dantzatua, Clay konpainiaren esku izanen da. Beti ostiral gauean. Guillermo Guillenen gitarrak lagunduko du Asha Thomas eta Yinka Esi Graves dantzarien dantza.

Larunbateko egitarauan, hau da, uztailaren 21eko arratsaldean, Maddi Oihenart ariko da kantuz, Jeremie Garat izanen duela kontrabaxua jotzen. Atharrin ariko dira. Doi izeneko diskoa kaleratua dute Soka Hotsa orkestra izenarekin. Kantu herrikoiak dira pieza zenbait, eta besteak garaikideagoak, Itxaro Bordak eta Leire Bilbaok idatziak. Ondotik, hor izanen da berriz ere Julen Axiari. Aldi honetan Julie Lobatorekin. Iki Tilki bikotea osatzen dute biek. Kantuak eta perkusioak nahasten dituzte hor. Larunbateko egitaraua bururatzeko, BKO taldea aipa daiteke. Taldeak Malitik ekarriko ditu doinu eta soinuak. 22:30ean dira ariko. Aitzin, Andre Minvielle kantari okzitaniarrak bereganatuko du Atharriko oholtza. Okzitaniako soinuak Thelonious Monk pianistaren doinuekin nahasten ditu.

Oro har, egunero eta goizetik arrats, eta ordu txikienetan ere bertan gelditzeko gomita dute luzatzen. Bereziki Atharrin. Etenik gabeko ekitaldiak dituzte proposatzen. Lagunen arteko elkar aurkitze bat: hori izatea da jaialdiaren asmoa. Jaialdi osoan Itsasun aingura pausatzeko gomita bat, egunez egun elkar aurkitu eta gauzak elkarrekin egiteko asmatzeko gonbita, Axiari aita-semeak ez direlarik behin ere taula gainetik urrun izanen. Izan ere, arduraz agertzen dira gonbidatuekin kantatuz, dela Beñat Axiari aita, dela Julen Axiari semea.

Eguneroko beste hitzordu bat aipatzekotan, Jean Christian Irigoien soinu-jotzaileak eta Celine Latasa ipuin kondalariak inguruetan gaindi proposatu ibilaldiak daude. Gaualdiak bururatzeko ordu txikiak arte luzatzen den ekitaldia, berriz, Batouto dantzaldiak emango du. Batutoa Edouard Glissantek asmatu populua da: «Dira beilari, non gure esperantzek ez dituzten gure ekintzak oraindik topatu. Hala nola, amesten ditugun, ezagutzen baino gehiago». Ostiralean, Bulgariako, Turkiako eta Mazedoniako musikak oinarri dituen Jonnhy Makam ariko da leku horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna