Otsailean hasiko da Iruña-Veleia auzia ebatziko duen epaiketa

Iruzurra eta ondarearen aurka eraso egitea egozten diete Eliseo Gil eta haren taldekideei. Iruña-Veleia Argituk froga gehiago eskatu ditu
Eliseo Gil Lurmen enpresako burua, 2008an, Iruña-Veleiako aurkikuntzak defendatzekoagerraldi batean.
Eliseo Gil Lurmen enpresako burua, 2008an, Iruña-Veleiako aurkikuntzak defendatzekoagerraldi batean. R. BOGAJO / FOKU

Iñigo Astiz -

2019ko irailak 12
Hamar urte eman ditu Iruña-Veleia aztarnategiko aurkikuntzen auziak labirinto judizialean, baina, azkenean, epaiketak badu data: otsailaren 3an hasiko dira saioak, Arabako Auzitegiko 1. Zigor aretoan. 2006an aurkeztutako «ezohiko piezak» Eliseo Gil indusketaguneko zuzendari ohiak berak egin zituela frogatu beharko du akusazioak, eta haren errugabetasuna defendatuko dute defentsa abokatuek, baina piezen faltsutasunari edo benetakotasunari buruzko argudioak ere azalduko dira epaiketan. Piezetako idazkiak eta marrazkiak autentikoak direla ziurtatzen baitute zuzendari ohiak eta haren inguruko sostengu taldeek ere, eta, ondorioz, errugabe direla ere bai.

2009an jarri zuen lehen salaketa Arabako Foru Aldundiak, eta, geroztik, bederatzi urte eman zituen gaiak instrukzio fasean, harik eta epaileek delitu zantzuak bazeudela ebatzi zuten arte. Zehazki, ustez ondarea hondatu izana eta ustez piezak manipulatu izana leporatzen diete Gili eta Oscar Escribano arkeologoari, eta ustez iruzur egin izana Ruben Cerdan ikerlariari. 2018an jakin ziren zigor eskaera zehatzak, baina orain eman du data zehatzaren berri El Correo egunkariak.

Iruña-Veleia Argitu plataformaren hitzetan, prentsa bidez izan dute epaiketa dataren berri akusatuek eta defentsaren abokatuak, eta «eskandalagarria» iritzi diote horri. Urteak daramatza elkarte horrek piezen benetakotasuna eta Gilen errugabetasuna defendatzen, eta euren aurkako «epaiketa mediatiko paraleloa» salatu dute. Urteotan aurkikuntzak autentikoak direla ondorioztatzen duten «hogei txosten» daudela ere adierazi dute, eta froga gehiago eta froga egokiak egiteko beharra ere azpimarratu dute.

Akusatuek aurrez ere eskatu dituzte froga gehiago epaitegian, baina 2018an itxitzat eman zuen bide hori instrukzio epaileak.

2006ko ekainaren 8an hasi zen dena, Gilek gidatzen zuen taldeak egun hartan aurkeztu baitzuen jendaurrean Kristo ondorengo III. mendearen inguruko 400 piezatik gorako multzoa. Munta handikoa zen topatu zuten bilduma, garai hartan uste zenaren arabera. Izan ere, aurkezpen publiko hartan aipatu zituzten aztarnen artean kristautasunaren hedapenari buruzko teoriak aldaraziko zituzten marrazkiak zeuden, eta III. mende inguruko euskarazko idazki sorta garrantzitsu bat ere bazegoen. Baina aurkikuntzak susmo txarrak piztu zituen handik denbora gutxira.

Zigor eskaerak

Hainbat ikerlariri iritzia eskatu zien Arabako Foru Aldundiak, eta, 2008ko azaroaren 19an, batzorde hark ebatzi zuen inskripzioak faltsuak zirela. Orduan, aztarnategia ustiatzeko baimena kendu zioten Gilen arkeologia enpresari, eta, horren ostean, Arabako Foru Aldundiak bide judiziala abiatu zuen.

Bost urte eta erdi eskatzen ditu orain fiskalak Gilentzat, ondare historikoaren aurkako delitu jarraituak eta iruzurra egin dituelakoan, eta beste bost urte eta erdi Escribanorentzat. Cerdanen kasuan, bi urte eta erdikoa izango da fiskalaren eskaria.

Arabako diputazioa izango da epaiketako akusazio partikularra, bestalde, eta zazpi urte eta erdi eskatuko ditu hark Gilentzat; eta Escribano eta Cerdanentzat, berriz, hiru urte eta bederatzi hilabeteko eskaria egingo du .

Isunak ere aurreikusi dituzte. 7.200 euro ordaindu beharko ditu akusatu bakoitzak, epaileak erruduntzat joz gero; bestalde, 12.490 euroren ardura zibilak ezarri ditu epaitegiak, eta 285.600 euro ere ordaindu beharko dizkiote Eusko Jaurlaritzari, ondareari eragindako kalteagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna