Jaurlaritzak 13 milioi euroren laguntzak iragarri ditu kulturgileentzat

Lehendakariak adierazi du «lehenbailehen» jarri nahi dituela martxan laguntza lerro berriak. Kultura Sailak ezohiko 23 deialdi aurkeztuko ditu datozen egunetan

Jaurlaritzako eta museoetako ordezkariak, atzo, Gasteizen, artelan bati begira. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak diru laguntza gehiago iragarri ditu kulturgileentzat. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, Gasteizko gobernuak 13 milioi euro jarriko ditu sektorearen eskura pandemiak eragindako kalteei aurre egiteko. Zehaztu duenez, Kultura Sailak 23 deialdi aurkeztuko ditu aurki horri lotuta. 1.100.000 euro autonomoentzat, enpresentzat eta erakundeentzat izango dira.

Pasa den urtean 4,5 milioi euro jarri zituen Jaurlaritzak sortzaileei eta kultur sektoreko enpresa txiki eta autonomoei laguntzeko, eta beste 150.000 euro eman zizkien museoei, bizirik dauden euskal artisten lanak erosteko. Horri esker, hain zuzen ere, Gasteizko Artium museoak, Donostiako Tabakalera zentroak eta Bilboko Arte Ederren Museoak 24 sortzaileren 42 obra eskuratu zituzten iaz. Atzo aurkeztu zuten bilduma partekatu hori, Gasteizen, eta bertan izan ziren, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaz gain, Bingen Zupiria Kultur eta Hizkuntza Politikako sailburua eta hiru museoetako arduradunak: Beatriz Herraez, Edurne Ormazabal eta Miguel Zugaza, hurrenez hurren.

Hiru erakundeek elkarrekin kudeatu dute erosketa prozesua, eta iazko bigarren seihilekoan eskuratu zituzten lanak. Hautatutako piezen artean margolanak, eskulturak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta lan grafikoak daude: 34 artelanek eta edizio grafikoko 8 alek osatzen dute funtsa. Obrak Artium museoaren bildumaren parte izango dira aurrerantzean, eta bilduma partekatuak epigrafean katalogatuko dira. Museoan bertan gordeko dira.

Honako artista hauen obrak dira: Lorea Alfaro, Miren Arenzana, Gerardo Armesto, Txaro Arrazola, Nadia Barkate, Luis Candaudap, Jesus Maria Corman Seco, Kepa Garraza, Gema Intxausti, Ricardo Iriarte, Miriam Isasi, Sahatsa Jauregi, Jeleton, Maider Lopez, Alex Mendizabal, Idoia Monton, Ion Munduate, Lucia Onzain, Fernando Renes, Ana Isabel Roman, Estibaliz Sadaba, Azucena Vieites eta Ediciones LaTaller.

Artelanak aukeratzerakoan hainbat irizpide hartu dituzte kontutan, Jaurlaritzak adierazi duenez: hala nola artistek «interesa» izatea hiru museoen programetan; segmentu eta ibilbide desberdinei arreta ematea; adin guztietako sortzaileak izatea, eta genero aldetik parekoak izatea; lanak oraintsukoak nahiz zaharrak izatea; eta arte sistema osatzen duten galeria eta beste eragile batzuekin ere lan egitea. Modu horretan, museoei ez ezik, sortzaileei eta bestelako eragileei ere lagundu nahi izan diete.

Lehendakariaren hitzetan, «berritzailea eta ikusgarria» da ekinbidea. «Aurkezten dugun mezenasgo publikoko jarduera hau kulturaren eta artearen aldeko ahalegin kolektiboaren eta determinazioaren adibide bat da», adierazi du. Eta eskerrak eman dizkie hiru museoko arduradunei, krisi garaiotan pandemiaren ondorioak nozitzen ari diren esparruei «leiho bat» zabaltzeagatik.

Laguntzak «lehenbailehen»

Nolanahi ere, eta koronabirusak eragindako krisiak kultur sektorean uzten ari den arrastoa ikusita, lehendakariak esan du Jaurlaritzak «lehenbailehen» zabaldu nahi dituela laguntza lerro berriak. Aurreratu duenez, autonomoentzat eta enpresentzat ezohiko deialdia izango da horietan lehena. Gaineratu du eskatzaileei «erraztasun gehiago» eman nahi dizkietela laguntzak jaso ahal izateko; bada, azaldu duenez, jaso beharreko kopuruaren hiru laurdenak laguntza esleitzerakoan ordainduko zaizkie.

Urkulluk esan du Jaurlaritzaren xedea «ahal den guztia» egitea dela, kultur ekoizpena suspertu eta aurrez aurreko jarduerari eutsi ahal izateko, eta antzokiek, museoek, liburutegiek eta artxiboek irekita jarrai dezaten. «Osasun krisiaren eta pandemiaren ondorio ekonomikoak eta sozialak gainditzeko ezinbesteko lanabesa da kulturgintza. Garapen ekonomikoaren eta sozialaren eredu orekatu eta iraunkor bat lortu nahi badugu, nahitaezko bidelagun izan behar ditugu kulturgintza, kultur ondarearen zaintza eta horren zabalkundea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.