KRITIKA. Antzerkia

Aingeru berezi bat

Agus Perez.
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun

'Quitamiedos'



Konpainia: Kulunka. Egilea eta zuzendaria: Iñaki Rikarte. Musika: Luis Miguel Cobo. Eszenografiaeta jantziak: Ikerne Gimenez. Argiak: Javier Ruiz de Alegria. Antzezleak: Jesus Barranco, Luis Moreno. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 7.

Zelan esaten da quitamiedos euskaraz? Zelan esaten diote frantsesez? Gaztelaniaz, nork jarri zien izen diskutigarri hori errepideetako bihurguneetan jartzen diren hesi metaliko baxuei? Bazter-babesa esaten omen da euskaraz —Elhuyarrek dixit— eta nik behintzat egokitzat jotzen dut.

Beraz, istripuz apurtutako bazter-babes batek presiditzen du Quitamiedos lanaren eszenografia naturalista, eta bide batez, esan beharra dago azken xehetasuneraino ere zaindu dutela errealismoa, errepide alboko sasitzekin eta guzti, bide-seinale apurtu batekin ere bai, asfaltoko arrakalak agerian utzita eta azken balaztadaren markak istripuaren lekuko mutu gisa jarrita. Marko horretan agertu dira bi pertsonaia paralelo —ia burusoilak biak, gorpuzkera berdinekoak, berdin antzera jantzita...— eta laster konturatu gara haietariko bat kultura katolikoan hain berezia den aingeru guardakoa dela.

Muturreko egoera horretatik abiatuta, figura mistiko horren gainean eraiki du Iñaki Rikartek drama interesgarri hau. Xede horri begira, kontu filosofikoak eta auzi existentzialak abilezia handiz txertatu ditu protagonistaren gorabehera pertsonalen eremuan, eta noizean behin umore beltzeko ukitu finekin zipriztindu ditu bien arteko solasaldi mamitsuak.

Bide horretatik hainbat kontu aletu dira sendotasun osoz funtzionatzen duten dialogoetan—bizitza eta heriotzaren arteko trantsizioa, zer gertatuko zaigun balizko beste bizitza horretan, zer geratuko den gure pertsonaz mundu honetan...—, eta solasaldi horietan aingeruaren figurak hartu du garrantzia, amaiera aldera ezusteko polita eman arte.

Antzezpenek, berriz, maila bikaina erdietsi dute, Kulunka konpainiaren aurreko muntaietan bezala —maskara bidezko Solitudes ezagun hura, Taxidermia de un gorrión...— eta bikote eszeniko trinkoa eratu da Jesus Barranco eta Luis Morenoren artean. Dramaturgia aldetik, errekurtso polita izan da auto bat handik igarotzen zen bakoitzean beste munduko izaki haiek izoztuta geratzea, eta oso egokia iruditu zait elementu eszenikoen erabilera. Azkenik, aingeruak ekarritako gauzakiek nolabaiteko kutsu poetikoa eman diote berez tragikoa izan zitekeen kontakizunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.