'Xora'-k bazterrak zoratu ditu

Zubererazko lehen filma izango da 'Xora', eta irudi hartzeak egin dira udan. Maule-Lextarreko hirigunetik bortuetako artzaintza lekuetara eraman dituzte kamerak eta aktoreak.
'Xora' filmeko azken irudiak Pistako artzaintza lekuetako paraje ederretan grabatu dituzte.
'Xora' filmeko azken irudiak Pistako artzaintza lekuetako paraje ederretan grabatu dituzte. ALLANDE SOKARROS

Allande Sokarros

2011ko abuztuak 31
Pistako artzainolaren alagia ederretan (Larraine, Zuberoa) egin dituzte agorrilean, Xora zubererazko lehen film luzearen azken grabaketak. Hebentik kultur elkarteak bultzatzen du egitasmo guztiz ezohiko hori, eta azken irudi hartzeak nahiko bereziak ziren. Ezen Peio Cachenault filmaren gidoilari eta zuzendariaren inguruan ostegun eguzkitsu batean Pistako bazkalekuetara bildu zirenek helburu aski berezia lortzeko asmoa zuten. Zuberoako artzaintza lekuetan udako egonaldietan tarteka gertatu ohi dena nahi zuten filmatu: sai gorri talde batek ardi hil bat jatea. Hala gertatu zen, eta filmatzaile taldekideek behar izan zuten guztiz erne egon… ardi hila akabatzeko ordu bat baino gutxiago eman zuelako putre taldeak!

Ikuskizun harrigarri horren ostean, Pistarako joanaldi luzea —ordu bat eta erdi Mauletik — beste irudirik grabatzeko baliatu zuten Xora-ren egileek. Artalde ederra Pista gaineko txabolaren inguruko ordokian atsedenaldian zegoela aprobetxatuz, filman artzainak egiten duenaren irudiak hartu zituzten. Jef Goienexpe da rol horretan aritu — Xora-ko protagonista nagusia da —, filmaren historian haren osaba den Tittika Rekalt artzain idazlearen urratsei jarraitzeko asmotan dabilelarik. Pista gaineko txabolan artzaintza aldia egiten zutenek eta handik igaro ziren mendi ibiltzaileek ez zuten behin ere horrelako mugidarik ikusi…

Kontzertua Maule-Lextarren

Gauza bera erran daiteke Zuberoako hainbat lekutan uztailean eta agorrilean Xora-ren eszenak grabatzen ikusi dituztenen kasuan ere. Zuberoako lurretan lehenago ere film zatirik egin da, baina sekula ez da zinemarako obra oso bat bertan kokatu… are gutxiago zubereraz eginikoa. Filmaketa zatietan ikusgarrienetik bat izan zen uztailaren 23an Maule-Lextarre erdialdean egin zena. Arratsalde hartan, Zuberoako hiriburuko kale nagusia ibilgailuentzat erabat itxita egon zen, udalak hartutako ordenantzari esker. Horrela behar zen, kontzertu emanaldi baten eszena bat filmatu beharra baitzen, figurante eta guztirekin. Agirre taldeak eman zuen kontzertua bera, Zinka ostatuaren atzealdeko eraikin batean egin zen.

Beste leku andana batean egin dira irudi hartze horiek, zuberotar askoren ikusmina piztuta. Hala, Pistakoa aitzin, Arbailletako mendialdean den Nabolegiko olaren inguruan ere filmatu zituzten artzaintza eszenak. Kamera digitala — tresna horrekin filmatua baita Xora —eta beste tramankuluak oro eraman diren beste gunerik ere egon da, hala nola Sohütako Intermarche saltoki handiaren gasolindegia, Ühaitzandia ibaiaren bazterrak, edo bizpahiru tabernaren aitzinaldeak Maule-Lextarren, Onizegaineko zubia edo Urdiñarbe zein Mendikotako parajeak.

Xora-ren irudi hartzeak burutuak dira, beraz. Egitasmoaren bideratzaileentzat erronka gaitza zegoen, diru kostu batengatik premiazkoa baitzen epe ahalik laburrean egitea. Lehen pauso garrantzitsu hori gainditurik, beste lan eskerga baten atarian daude zubererazko lehen film luzearen egileak: muntaketarena. Horrek lauzpabost hilabeteren lana behartuko du, azken batean urte honen hondarrerako edo 2012ko hasierarako Xora zinematan ikusgai izango den arte. Filmak jendea xoratuta utziko duenetz ezin da erran oraindik… baina harrituta, behintzat, behar luke egon, egitasmo hori gauzatzea bera egundoko balentria izango baita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna