Ondarreta, hondartza edo harrieta?

Bainurako denboraldia heldu berri da, eta Ondarretako hondartzak harriz gainezka jarraitzen du, nahiz eta Donostiako Udalak hori konpontzeko saio asko egin dituen.
Donostiako Ondarreta hondartzan harriak kentzen ibili dira azkenaldian.
Donostiako Ondarreta hondartzan harriak kentzen ibili dira azkenaldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Mikel Izarra -

2013ko ekainak 26
Lehengo astean, Ondarretako hondartza jendearentzat egokitzeko ahaleginetan, harriak kentzen ibili dira. Harria kentzeko makina batekin kendu dituzte urteetan han agertu diren harriak. Harea kentzeko makina lehorrean aritu ezin izan bada ere —pisuarekin hondoratu egiten baita—, 230 tona harri jaso ditu. Eskuz ere 70 tona inguru batu dira, baina, horrela ere, harri askok han jarraitzen dute. Neurria Aranzadi Zientzia Elkarteak proposatutakoa da, hondartzari buruzko ikerketa bat egin ostean ondorioztatutakoa.

Azken urteotan jende askoren ahotik entzun dira hondartzaren egoerari buruzko kexak, batez ere gaztetxo eta adinekoei bainua zailtzen baitie. Baina arazoa ez da aurtengoa, ezta joan den urtekoa ere. 2000. urtean harriak agertzen hasi ziren, eta 2003an eta 2005ean harri piloa kendu zen. Bitxia da Donostiako badiako beste hondartzetan ez gertatzea fenomeno hori. Kantauri kostako beste hondartzetan ere horrelako kasuak gertatu izan dira, Bakion (Bizkaia) eta El Sardineron (Santander, Espainia), adibidez. Agian, Ondarretak besteek ez bezalako bizitza izan duelako sufritzen du harri izurritea; arrazoi naturalengatik gertatu dela esaten dutenak ere badaude, baina argi dagoena da bainuaz eta hondartzaz gozatzea oztopatzen dutela.

Kafetegia, arazoaren eragile

Azti-Tecnaliak udalarekin dihardu arazoen zergatietara heldu nahian. Izan ere, zergatiak jakin gabe zaila baita konponbidea bilatzea. Horretarako, hiru kamera jarri zituzten martxoan Igeldon. Horietako bik Ondarretako hondartzaren xehetasun planoa hartzen dute, eta hirugarrenak, badia osoaren plano orokorra. Argazkietan agertzen den pixel bakoitzak kokapen zehatz bat du ezarria hondartzarekin, horrela aldaketa oro antzemateko. Ondoriorik argiena da hondartzaren bizitza eta morfologia udatik negura erabat aldatzen dela. Udan hondartza osoa gutxi gorabehera altuera maila berean dago; baina neguan, aldiz, marea biziak direla eta, itsasertzaren altuera igo egiten da, eta paseoko harea hartzen du. Beraz, paseoko hondarraren maila asko jaisten da. Kanpoko faktoreek ez diote batere mesederik egiten prozesu natural honi.

Askok antzinako maniobra militarren baseari leporatzen diote errua. Beste askok, han egon zen kartzelari. Zaldien lasterketei ere bai. Aztiren ustez, ordea, 1996an hondartza mailan jarri zen kafetegiarena baino ez da errua.

Adolfo Uriarte Azti-Tecnaliako ozeanografoaren aburuz, antzinako eraikin horien hondakin posibleak hare azpian daude, eta hondartzak bere prozesuaren barnekotzat hartu ditu. Prozesua nahasi duena kafetegia da. Kafetegia 2011n kendu zuten, adjudikazioa amaituta eta kostako legea betez. Horren eraginez, udatik negurako hondartza profilaren aldaketa ezin zen ahalbidetu, kafetegiak hondarra behar baitzuen bere oinarrian, hondartzak bere prozesuaren eraginez goitik hartu eta beheko aldera, itsasertzera, eramaten baitzuen. Beraz, hori saihesteko, itsasertzeko hondarra hartu eta kafetegiaren oinarrira eramaten zen urtero. Kudeaketa txar hori da harriak azaleratzen dituena, Adolfo Uriarteren ustez. «Kudeaketa hori egin izan ez balitz, antzinako eraikinen hondakinak ez lirateke azaleratuko».

Aztiren ustez, harrien agerpena kafetegia asmatutako hondar kota batean jartzearen ondorioa da. Kota hori udan eta neguan aldatu egiten dela kontuan hartu gabe asmatzearen ondorio.

Aranzadi Zientzia Elkartea harri guztiak kentzeko gomendioaren aurkakoa ere bada, era horretan hareak ez lukeelako heltzeko oinarririk izango. Azti-Tecnaliaren arabera, hondartzaren material sedimentarioaren parte egin dira harri asko, eta, horren ondorioz, ezin daitezke harri guztiak bereizi gabe kendu, baizik eta hautatze prozesu baten bidez. Aranzadi, aldiz, guztiak kentzearen alde dago, haien aburuz harrien %95 hondakinak direlako.

Hala ere, Aztik ez ditu bere frogak bukatu. Kamerei so daude, mugimenduak aztertzen, eta informazio gehiagoren bila. Pazientzia eskatu dute, «arazoaren erroa guztiz jakin gabe» ez baitago behin betiko konponbiderik aurkitzeko aukerarik. Udalak orain arte urtero abiarazitako behin-behineko konponbideak erabiltzen jarraituko du, bainularien gogoa asetzeko, posible den bitartean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna