Ekitaldi bat egingo dute Frantziak eta Espainiak, «ETAren bukaera» gisa

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak eta Emmanuel Macron Frantziakoak bilera egin dute. «Terrorismoaren kontrako borrokan» egindako elkarlana goretsi dute

gotzon hermosilla
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Bigarren bilera izan dute Espainiako presidente Pedro Sanchezek eta Emmanuel Macron Frantziakoak Espainian gobernu aldatu zenetik, eta berriro ere euskal gatazkari loturiko gaiak eduki dituzte batzarraren agendan. Bi gobernuen arteko lankidetzari segida ematea erabaki dute Sanchezek eta Macronek, eta, esaterako, Frantziak ETAri atzemandako material guztia Espainiaren esku uztea adostu dute. Horrekin batera, ETA «garaitu» dutela irudikatzeko ekitaldi bat antolatuko dute. Madrilgo Moncloa jauregian atzo eginiko bilera batean aritu ziren horri eta beste hainbat gairi buruz hizketan. Komunikabideen aurrean azaldu ziren gero.

Sanchezek eta Macronek berretsi dute Frantziak jarraituko duela ETAri atzemandako agiri, arma eta bestelakoak Espainiaren esku uzten, material horretan oinarrituta Frantzian abiarazitako auzibideak bukatutzat eman ostean, eta, horretarako, ekitaldi bat antolatuko dutela jakinarazi dute. Egun esanguratsua aukeratu dute: urriaren 1a, Kataluniako erreferendumaren lehenengo urteurrena.

Madrilen egingo dute, eta ez da izango dokumentazio emate hutsa, «goi mailako» ekitaldi bat izango da. Sanchezek azpimarratu duenez, horren bidez irudikatu nahi dute bi estatuek ETA «garaitu» egin dutela, eta, aldi berean, Espainiak Frantziari eskerrak eman nahi dizkio emandako «laguntzagatik». Horrekin batera «terrorismoaren biktimei gorazarre» egingo diete.

2017ko otsailean bi gobernuek Malagan (Espainia) egin zuten bileran erabaki zuten Espainiaren esku utziko zituela Frantziak ETAri atzemandako agiri, arma eta auzibideetan erabilitako bestelako materialak. Orduan, Mariano Rajoy zen Espainiako gobernuburua, eta François Hollande Frantziakoa. Handik hilabete eta erdira, apirilaren 8an, ETA armagabetu egin zen.

Geroztik, ETAren hainbat arma eta agiri eman dizkio Frantziak Espainiari —joan den otsailean, esaterako, dokumentazioaz beteriko hainbat kamioi bidali zituen Frantziak Espainiara—. Sanchezek eta Macronek berretsi dutenez, multzorik handiena urriaren 1eko ekitaldi horretan utziko du Frantziak Espainiako agintarien esku, eta dena ematea sinatuko dute. Sanchezen arabera, material hori «baliagarri» izan daiteke ETAri egotzitako baina argitu gabe dauden atentatuak argitzeko. Prozesu hori bukatu ostean, materialaren zati handi bat Terrorismoaren Biktimak Gogoratzeko Zentroaren esku geldituko da. Zentroa Gasteizen dago, eta datorren udazkenean zabalduko dute.

Bi gai horiez gain, bestelakorik ez zuten aipatu bi agintariek euskal gatazkarekin lotuta; ez zuten ezer esan espetxe politikan Frantziak hartutako neurriei buruz eta Espainiak iragarri dituenez, eta kazetariek ere ez zieten galdetu horri buruz.

Katalunia dela eta, eskerrak

Katalunia ere egon da Pedro Sanchezen eta Emmanuel Macronen bileraren gai zerrendan, Espainiako Gobernuko iturriek zabaldu dutenez —prentsaurrekoan ez zuten gaia atera—. Iturri horien arabera, Espainiako gobernuburuak eskerrak eman dizkio Frantziakoari Kataluniaren auzian «Espainiaren batasuna eta konstituzioa» babesteagatik. Orain arteko jarrerari eutsi dio, berriz, Frantziak: babestu egin omen du Espainiako Gobernua, hura «zilegizko mintzaide bakartzat» jo du gai horri dagokionez, eta «konfiantza» agertu du Espainiako Gobernua gai izango dela auzia bideratzeko.

Europako migrazio politikak, bi herrialdeen arteko energia konexioak, azpiegiturak, defentsa politikak, jihadismoaren kontrako borroka eta beste gai batzuk ere aletu zituzten atzoko bileran.

Sanchez aukeratu berritan bi gobernuburuek Parisen egin zuten bileran adostasun handia erakutsi zuten Frantziako eta Espainiako presidenteek Europako Batasunari dagozkion gaietan, batez ere, errefuxiatuen eta migrazioaren arloan. Atzo, akordio bat lortu zuten bi agintariek. Adostu dute Europako eta Afrikako ministroekin nazioarteko goi bilera bat egitea Espainian. Macronek eta Sanchezek berretsi dute gai horretan «estrategia» partekatzen dutela bi estatuek. Proposatu dute Europako kostaldeko mugak «hobeto babestea» Frontex agentzia indartuz eta bitarteko «pertsonal, material eta juridiko» gehiago jarriz. Horrekin batera, nahi dute «igarotze estatuekin» kooperazioa indartzea, «pertsonen trafikoaren» kontrako neurri ekonomiko eta polizialak garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.