Herritarrek auzitara joko dute

Pasaiako portuko suteagatik salaketa bat jarriko dute bizilagunek Donostiako Ingurumen Fiskaltzan. Osasun publikoaren aurkako delitutzat jo dute sutea. Badian Bizi koordinakundea sortu dute

Txatar multzoak portuko zoruan, eta, atzean, Lezo. JON URBE / FOKU.
Lezo
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
«Sutea larria izan zen, baina askoz ondorio larriagoak izan zitzakeen». Astebete pasatu da Pasaiako portuan (Gipuzkoa) txatar multzo batek su hartu zuenetik, eta badirudi sugarrak itzaltzearekin batera arriskuak ere desagertu direla. Inguruko herritarrentzat, ordea, ez zen izan «ezohiko istripu bat», eta, suteak gaia azaleratu duenez, inoiz baino ozenago salatu dute portuko «kudeaketa eskasa». Josu Pikabea Lezoko bizilagunak dio herritarrak «erreta» daudela. Pasaiako portuak Lezon eragiten dituen kalteak direla eta, urteak daramatzate kexak helarazten Lezoko Udalari eta Pasaiako Portuko Agintaritzari; erantzunik ez, ordea. Oraingoan, kexa formaletatik harago joango dira: salaketa jarriko dute Donostiako Ingurumen Fiskaltzan eskualdeko bizilagunek.

Hain zuzen, Badian Bizi koordinakunde berriak osasun publikoaren kontrako delitu baten berri emango du fiskaltzan. «Gertaera ezin da geratu zigorrik gabe». Lezon ez ezik, badia inguruko herrietan ere kalteak eragiten ditu portuko jarduerak, eta horregatik sortu dute taldea Lezo, Errenteria eta Pasaiako herritarrek. Agintariei exijitu die konpon dezatela egoera «jasanezin, lotsagarri eta anakroniko hau».

Joan den asteko ostegun eguerdian piztu zen sua, Lezoko kaian zegoen txatar meta batean. Blokeetan trinkotutako ibilgailuak deskargatzen ari ziren Christine ontzitik; Ingalaterratik zekartzan 2.000 tona txatar. Pasaiako Portuko Agintaritzak BERRIAri jakinarazi zionez, zama horrek «ziurtagiri guztiak» zituen, frogatzen zutenak material «ez-arriskutsua» zela: burdina eta altzairua zen. Aldiz, lehen hipotesien arabera, material horretan olioa ere bazegoelako piztu zen sua.

Badiako bizilagunen haserreak eztanda egiteko falta zuen txinparta izan zen abuztuaren 2ko gertaera. Hala adierazi zuten Badian Bizi taldeko kideek atzo, Lezoko liburutegi aurrean emandako prentsaurrekoan. Aire garbia arnasteko eskubidea azpimarratu zuten, kutsaduraren aurkako maskarak jantziak zituztela. Ez zituzten sobran maskarak; une horretan bertan txatarra deskargatzen ari ziren portuan, agerraldira joan ziren herritarrengandik metro eskasetara. Kazetarien orriak hauts gris batez zikindu ziren prentsaurrekoak iraun zuen minutu gutxietan. Zarataren kutsadura ere nabaria zen, batzuetan ezin baitzen entzun zer esaten ari ziren ere. Ozen galdegin zuten, ordea, suteari buruzko informazio ofiziala: «Oraindik ez dakigu zein gai isuri eta aireratu ziren».

Sugarrek utzitako errautsak

Lezoko hiru herritarrekin biltzeko aukera izan du BERRIAk, hurbiletik jakiteko suteak zer utzi duen. «Herria keak hartuta egon zen eguerditik aurrera», gogoratu du Pikabeak. Agustina Pontesta bizilagunak azaldu du ke horretako partikula kutsakorrak ez direla egun batetik bestera desagertzen: «Ostiralean,errauts arrastoak ikusten ziren herriko kaleetan». Herritar asko ez ziren etxetik atera ostegunean, eta, hala ere, nabaritu zituzten eztarrian eta begietan ke kutsagarriaren eraginak. «Begietan erre egiten zuen», dio Pontestak.

Lezoko Udalaren (EAJ) eta alkatearen erantzun falta nabarmendu dute. Mikel Arruti EH Bilduko zinegotziaren arabera, kudeaketa «oso txarra» izan zen, eta ez zituzten beharrezko neurriak hartu: «Agian portuan bertan egindako kudeaketa ona izan zen, esan duten bezala, baina inguruko herrietan behintzat ez zen neurririk hartu. Lezon, Udaltzaingoa bi orduren ostean hasi zen ohartarazten kea toxikoa zela eta leihoak ixteko». Jende askori ez zitzaion informazio hori iritsi ere egin.

Irudipen bera du Pikabeak; ez du bat egiten hurrengo egunean portu agintaritzak eta udalak igorritako mezu positiboarekin. «Zabaldu dute erantzuna azkarra eta ona izan zela, eta horregatik ez zela egon kalte handiagorik. Ez da hala; zortea izan genuen haizeak ez zuelako sua zabaldu». Izan ere, Lezoko herrigunetik ehun metrora dago kaia, eta uste dute etxeetan eta pertsonengan kalte askoz larriagoak eragingo zituela ke zutabea herrira sartu izan balitz. Horrez gain, Pikabearen kezka da sua itzaltzeko erabili zuten ura—agintaritzaren arabera, 21.000 litro— itsasora joan zela. «Pasai Donibanen jendea uretan bainatzen eta arrantzan ari zen, eta inork ez zien esan badaezpada ateratzeko».

Lezon ez dute horrelako suteei erantzuteko protokolorik. Ez dira ohikoak joan den astekoaren neurriko suteak, baina herritarrentzat ez da harritzekoa gertatu dena. Arrutik argitu duenez, su txikiak askotan pizten dira portuan pilatuta dauden txatar multzoetan. «Zabaltzen den usainagatik antzematen dugu hori», gaineratu du Pontestak. Pikabeak uste du ez zela kasualitatea izan ostegunekoa: «Hainbesteko arriskuarekin dabiltza portuan, ezen noizbait pasatu behar baitzuen».

Azken suteak ez zuen zauriturik eragin. Sugarrek ez, baina kezkak badauzka «erreta» Lezoko herritarrak. Salatu dute egunero jasaten dituztela kalteak, eta portuak ez diola inolako onurarik ematen Lezori. Arrutiren hitzetan, abuztuaren 2ko ke handiak nabarmen utzi zuen arnasten ari ziren airea toxikoa zela, baina azpimarratu du «oso txarra» dela airearen kalitatea surik ez dagoenean ere, neurgailuek hala erakusten dutenez. «Portuan aktibitatea dagoen egunetan, airearen kutsadura osteguneko mailetara iristen da». Pikabeak erantsi du portu agintaritzak datu horiek «ezkutatzen» dituela, urteko batezbestekoa eginez. Haren esanetan, asteburuetan eta oporraldietan ia aktibitaterik ez dagoenez, kutsaduraren neurgailuek jasotzen dute airearen kalitatea «onargarria» da; aldiz, astegunetan «askotan» gainditzen da parametroak onartutakoa. Hortaz, batezbestekoaren atzean geratzen dira datu horiek.

Kamioien joan-etorriak

Agintaritzaren arabera, Pasaiako portuan urtero bi milioi tona txatar deskargatzen dira, batez beste, eta Lezoko kai eremua erabiltzen dute horretarako. Herrigunea ehun metrora dagoenez, bizilagunek egunero ikusten dute txatarraren joan-etorria. Azaldu dute material «zikina eta toxikoa» garraiatzen dela bertan: txatarra ez ezik ongarri kimikoak, kaolinita eta taladrina ere deskargatzeak zer-nolako eragina duen nabarmendu dute.

Herritarrak bereziki larritzen ditu material «toxiko» horiekin portu agintaritzak egiten duen kudeaketa «eskasak». Arrutik azaldu du «ohiko praktika» dela portua biltegi moduan erabiltzea. Alegia, itsasontzietatik datorren materiala zuzenean portuko zorura deskargatzea, eta bertan uztea enpresa bila joan arte. Materiala estali gabe egoten da, multzoetan pilatuta. «Enpresak berak eduki beharko luke biltegi bat materiala uzteko», salatu du Arrutik. Pontestak gaineratu du argi ikusten dela nola txatar multzoak urez bustitzen dituzten, eta nola ur «kutsatu» hori itsasora isurtzen duten. «Orain zulo batzuetara botatzen dute isuria, eta ematen du ez doala itsasora zuzenean; baina zulo horiek itsasora doaz», argitu du.

Kamioiek ere, kaitik materiala hartu, eta estali gabe egiten dute enpresetarainoko bidea. Egun guztian etengabe kamioiak gora eta behera dabiltzala dio Pikabeak: «Zama zintzilik dutela joaten dira, hautsa harrotuz, eta, soja daramatenean, arrasto hori bat uzten dute errepidean». Arrutik zehaztu du ohikoa dela Lezon «hauts gorrixka» bat egotea. «Ez da normala hauts toxiko hori arnastu behar izatea», kexatu da Pontesta. Kaiko jarduerak, gainera, zarata «jasangaitza» sortzen du. Izatez portuak zehaztua du ordutegi bat, baina Pontestak azaldu du goizeko ordu txikietara arte ibiltzen direla lanean, eta onartutako dezibelak gainditzen dituztela: «Ontziek lehenbailehen nahi dute bukatu deskarga—portuan egoteagatik egunka ordaindu behar dute—, eta batzuetan 02:00ak arte ibiltzen dira zarata egiten».

Elkarbizitzaren alde

Herritarrak «nazkatuta» daude, uste baitute euren kexak ez direla aintzat hartzen, eta Pasaiako Portuko Agintaritzak «nahi duena» egiten duela. Bizilagunek portu «garbi» bat eskatu dute, Arrutiren arabera: «Portuak eta herritarrok elkarrekin bizi nahi badugu, neurriak hartu behar dira». Herritarren ongizatea bermatuko duen portu bat nahi dute, baina uste dute lehentasuna ematen zaiela «enpresen irabaziei».

Pikabeak jakinarazi ditu herritarren eskaerak: portuan deskarga arriskutsurik ez egiteko —material kutsagarrienak eta erradioaktiboenak—, ez deskargatzeko hautsa sortzen duten materialak, eta behar bezala kudeatzeko iristen diren zamak. Horretarako, inbertsioak egin beharko lirateke, eta Pikabeak dio «ez zaiela komeni», ez enpresei, ezta agintaritzari ere. Azaldu du pribatizatuta daudela portuko zerbitzuak hein handi batean, eta enpresa zamaketariek ahalik eta etekin handiena lortu nahi dutela. Gainera, salatu du udala «portu agintaritzaren esanetara» dagoela, eta ez dela «kasualitatea» alkateak garrantzia kendu nahi izana osteguneko suteari: «Alkateak Algeposan egin zuen lan urteetan, eta portuko enpresa nagusia da orain. Interesak daude atzean».

Kanpo portuari begira

Duela lau urte gelditu zuten Pasaiako kanpo portuaren proiektua, krisi ekonomikoa zela eta. Lasaitua hartu zuten inguruko herrietan, proiektuak protesta ugari eragin baitzituen. Orain, berriz, zalantza da sutea gertatu izana erabiliko ote duten kanpo kaiaren beharra justifikatzeko. Pikabearen hitzetan, barruko kaiak jendearengan eragina zuela esan zuten kanpo kaia egiteko argudio gisa, nahiz eta ordura arte inportantziarik ez eman: «Portu zikin batek eraginak ditu leku guztietan. Ez dugu nahi ez kanpoan, ez barruan», berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.