Udazkena bete lan auzitegietan

Irailean urte judiziala abiatuta, epaileek zeregin dezente izango dituzte datozen hilabeteetan; izan ere, udazkenerako espero dira azken urteetan hizpide izan diren auzi ugariri buruzko epaiketak eta epaiak. Horietako bat izango da 'Cabacas auzia': sei ertzain epaituko dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko aretoetako bat, artxiboko irudi batean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko aretoetako bat, artxiboko irudi batean. ALFREDO ALDAI / EFE

Peru Azpillaga -

2018ko irailak 6
Epaitegiak agenda mediatikoaren eta iritzi publikoaren erdigunean kokatu dira. Bertan hartutako zenbait erabakik zeresan handia piztu zuten joan den ikasturtean —Iruñean 2016ko sanferminetan izandako bortxaketari buruzkoak edota Altsasuko auziari buruzkoak, kasurako—, eta datorren urte politikoan ere galtzak bete lan izango dute auzitegietan. Izan ere, udazkenean auzi ugari izango dituzte aztergai, ahozko epaiketak eginda nahiz aldeek aurkeztutako helegiteez ebatzita. Honako hauek dira esanguratsuenetako batzuk.

'CABACAS AUZIA'



Iñigo Cabacas hil eta sei urte eta erdira, urriaren 15ean hasiko da Cabacas auziaren ahozko epaiketa, eta azaroaren bederatzira arte iraungo du. Sei ertzain epaituko dituzte, «zuhurtziagabekeria larrizko giza hilketa» leporatuta: haietako hiruk arduraren bat izan zuten polizia operatiboan, eta beste hiruk tiro egin izana aitortu zuten tiroen egileak gehiago izan ziren arren.

2012ko apirilaren 5ean, Ertzaintzak Iñigo Cabacas hil zuen gomazko pilota batekin, Cabacas Athleticen garaipena ospatzen ari zela. Ikerketa luzea, korapilatsua eta oztopoz betea izan da, eta hein handi batean familiak zein lagunek egindako lan eta memoria ariketari esker egin du aurrera. Iazko apirilean, Cabacas hil eta bost urtera, Ana Torres Bilboko Auzitegiko instrukzio epaileak bide eman zion epaiketari. Ikerketaren arabera, Ertzaintzak ez zuen era proportzionalean jokatu, gomazko pilotekin egin baitzuen tiro «arrisku egoerarik» gabeko egoera batean , jendea tunel batean amaitzen zen kale itsu batean harrapatuta utziz. Pilar Gimenez fiskalaren aburuz, ordea, gau hartan ez zen inolako deliturik izan, eta beraz «ezin liteke delitugilerik egon». Gimenezen arabera, «ikerketaren ostean ezin izan da ondorioztatu nork jaurti zuen Cabacas hil zuen pilotakada, ezta agindua nork eman zuen ere».

Iñigo Gogoan plataformatik, ordea, prozesuan zehar egondako trabak salatu dituzte, argudiatuta frogak «desagerrarazi» dituztela eta «oztopatu» egin dutela frogak lortzeko bidea. Gainera, ohartarazi dutenez, epaiketa, justizia egiteko balio beharrean, «zigorgabetasun politiko eta judizialean oinarritutako parodia» bihur daiteke. Era berean, uste dute polizia ereduari buruzko eztabaida dagoela auziaren atzean, eta arduradun politikoek muzin egin diotela eztabaida horri.

Cabacasen gurasoek ere «urte gogorrak eta luzeak» izan direla nabarmendu izan dute prozesu osoan, eta salatu «bigarren mailako biktima» moduan tratatu dituztela. Gainera, azpimarratu dute epaiketan ez direla Cabacasen heriotzaren «arduradun» guztiak jesarriko akusatuen aulkian. «Bidean tiro egin izana aitortu zuten zenbait agente, operazioa zuzendu zutenak eta aginduak eman zituztenak geratu dira». Besteak beste, Ugarteko ezizenaz ezagutzen duten ertzaina, egun hartan polizia operazioen arduradun nagusia. Ugartekok salaketa jarri zuen Cabacasen familiaren abokatuaren eta Gara eta Naiz hedabideen kontra, grabaketa batzuk publiko egiteagatik: «Sar zaitezte herrikora daukazuen guztiarekin», zioen ertzainburuak grabazioan. Epaileak hedabideari eman zion arrazoia, argudiatuta hedabidea eta abokatua ez zirela bere eginbehar profesionalez harago joan.

ALTSASUKO AUZIA



2016ko urriaren 15eko goizaldeko gertakariez geroztik, Altsasuko (Nafarroa) gazteen kontrako epaiketak hautsak harrotu ditu. Urte eta erdiko instrukzio aldiaren ostean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri zien ekain hasieran zortzi gazte auzipetuei; guztira, 79 urte, Koska tabernan guardia zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako liskar batengatik. Lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egitea egotzi zien epaimahaiak, eta larrigarri jo zuen nagusitasun abusuz eta gorrotoz jokatu izana. Zortzi ziren akusatuak, eta zortziak zigortu zituzten, guardia zibilen zein haien bikotekideen testigantzei sinesgarritasuna emanda. Zazpi daude espetxeratuta: Ainara Urkijo ez beste guztiak.

Auzia, ordea, ez da amaitu. Helegitea aurkeztu dute bai defentsak bai fiskaltzak: defentsarentzat, epaia «mendeku sententzia bat izan da, neurriz kanpokoa». Fiskaltzarentzat, berriz, eskasa, ez baitituzte terrorismo delituagatik zigortu. Udaren osterako espero da epaimahaiaren erabakia, irail eta urri bitartean. Alta, Auzitegi Nazionalarengan «esperantza handirik» ez dutela adierazi dio BERRIAri Bel Pozuetak, Adur Ramirez de Alda gazte zigortuaren amak. Gauzak horrela, adierazi du «segur aski» Gorenera joko dutela: «Zorte pixka batekin, azkar mugitu eta urte baten bueltan sententzia izatea espero dugu». Justizia egin bitartean, argi utzi du «kalean» jarraituko dutela, eta, hori lortzeko, ez du baztertu Europako auzitegietara jotzeko aukera.

PRESOEN BABES SAREA



Oraindik epaiketarako data zehatzik ez dagoen arren, euskal presoen babes taldeetako 48 lagun epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean, «ETAren espetxe frontea» osatzea leporatuta. Euskal herritarren aurka zabalik dagoen azken makrosumarioa da: abokatuak eta Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkartekoak dira auzipetuak. «Terrorismo» delituak leporatzen dizkiete 2012an, 2013an eta 2014an eginiko jarduerengatik. Fiskaltzak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxe eskaerak galdegin ditu haientzat; 590 urte, denera. Gainera, 117.600 euro eskatu ditu isunetan. Eloy Velasco epaileak egin du auziaren instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak bat egin du bere tesiarekin.

11/2013 sumarioak 2013ko irailean Herrira elkartearen kontra egindako polizia operazioan du jatorria. Handik gutxira, EPPK-k agiria atera zuen lege baliabideak erabiltzearen alde. Gero egin zituzten beste hainbat operazio: presoen bitartekariak atxilotuz, abokatuak, senideak... Euskal presoen eskubideen alde lanean aritutakoak dira denak: EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari gisa, presoei laguntza juridikoa ematen dieten abokatuak, osasun laguntza ematen dietenak, Etxerat-eko senideak. Joan den urtean auzipetuei babesa helarazteko agerraldian adierazi zutenez, «Osasuna artatzea, defentsa juridiko egokia egitea, jardun politikorako aukera izatea eta harreman afektibo eta sozialak garatu ahal izatea ezinbesteko eskubideak dira, eta, hain zuen ere, horrelako auzien bitartez kalte larria egiten diete».

'DE MIGUEL AUZIA'



De Miguel auzia Euskal Herrian ustezko iruzurragatik inoiz egin den epaiketarik handienetarikoa da, eta akusatuen aulkian eserarazi ditu Arabako EAJko zenbait burukide ohi. Luzea izan da ikerketa, eta luzea izaten ari da epaiketa ere, baina badirudi tunelaren amaieran argia agertzen hasia dela.

2009. urtean, Ainhoa Alberdi enpresariak ustelkeria kasua azaleratu zuen. Haren esanetan, Alfredo De Miguel eta Aitor Telleria Arabako EAJko kide ohiek 100.000 euroko komisioa eskatu zioten obra batzuk bere enpresari emateagatik. Hari horretatik tiraka, besteak beste, 700.000 euroko komisioak eta 16 milioi euroko eragiketa irregularrak azaleratu dituzte.

2010eko martxoan egin ziren lehen atxiloketak, eta, ikerketa igaro ahala, puztuz joan da EAJko hainbat kide ohik ustez gidatutako legez kanpoko komisioen sarea. Urtarrilaren 8an hasi zen epaiketa, eta, De Miguelekin batera, beste 25 lagun epaitu dituzte, denera 11 delitu egotzita: besteak beste, eroskeria, dirua zuritzea eta dokumentuak faltsutzea. Hala, fiskaltzak 439 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuentzat: 54 urte amarruaren ustezko buru De Miguelentzat, eta 32 eta 4 urte bitarteko zigorrak gainerakoentzat.

Azken hilabeteetan, ehunka lekuko eta dozena bat peritu pasatu dira Arabako Probintzia Auzitegitik, eta, besteak beste, jakin izan da De Miguelek 25 sozietate inguru sortu zituela iruzur egiteko. Urtarrilaz geroztik, iruzurrarekin zerikusia duten hamabi atal ari dira epaitzen guztira; Zanbranoko hirigintza operazioa da horien artean garrantzitsuena. Udako etenaldiaren ostean, 26 akusatuak irailaren erdialdean hasiko dira berriz deklaratzen. Epaiketa urriaren 25erako amaitzea espero zen, baina epaimahaiak hilabete luzatzea erabaki du, eta azarora arte luzatuko da. Ondoren, auzia epaiaren zain geratuko da.

'BALENTZIAGA AUZIA'



Auziak Balentziaga museoa eraikitzerakoan egondako ustezko irregulartasunak eta delituak epaitzea du helburu. Ia hamar urte igaro dira Balentziaga auzia epaitegietara iritsi zenetik, eta, apirilaren 4an hastekoa bazen ere, berriro atzeratu dute. Hiru dira inputatuak: Mariano Kamio Getariako (Gipuzkoa) EAJko alkate ohia, Julian Argilagos arkitektoa eta obrak bere gain hartu zituen Rolando Paciel. Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du Kamiorentzat, laukoa Argilagosentzat eta lau hilabeteko isuna Pacielentzat.

Prozesua luzatu egin da, batik bat Argilagos atzerrian dagoelako eta epaiketetara ez aurkeztea erabaki duelako hori lortzeko, nazioarteko atxilotze agindu bat zabaldu dute, eta oraingoz ez du emaitzarik izan. Kamio apirilean epaituko zuten, baina, zenbait osasun arazo direla medio, epaiketa sei hilabete atzeratu da. Irailean egingo diote azterketa forentsea, eta orduan erabakiko dute Kamio epaiketarekin hasteko moduan dagoen ala ez. Gipuzkoako Fiskaltzak lau delitu egozten dizkio Kamiori: kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetza, merkataritza agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea.

LURRIKARA OSAKIDETZAN



Osasun sistema publikoak bi fronte ditu irekita epaitegietan. Alde batetik, ustelkeriarekin lotutako Marguello auzia dago. Bestetik, berriki egindako hautaprobetan izandako salaketak.

Marguello auziko epaiketa apirilean egin zen, eta udako etenaren ostean ezagutaraziko dute sententzia. 2006an Osakidetzako kontratu batzuk ematerakoan zenbait irregulartasun egitea leporatzen diete lau laguni: Jose Carlos Marguello Gurutzetako ospitaleko kalitate zuzendari zenari, Maria Nieves Fernadez bazkideari, Rafael Cerdan Osasun sailburuorde zenari eta Jose Ramon Elorriago garaiko Osasun zuzendariari. Besteak beste, prebarikazioa, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, administrazio publikoaren kontrako iruzurra eta funtzionarioei debekatutako ekintzak egitea leporatzen diete.

Eusko Jaurlaritzak eman zuen horren berri, eta auzia salatu zuen. Hain zuzen, auzia Rafael Bengoak plazaratu zuen, Patxi Lopezen gobernuko Osasun sailburuak. Alta, Jaurlaritzak salaketa atzera botatzea erabaki du epaiketan. Fiskaltzak, bestalde, zigor eskaria ia erdira jaitsi zuen epaiketaren azken egunean orotara 39 urteko kartzela zigorra 23 urtetan utziz-.

Marguelloren auziaren ostean, berriki Osakidetzako hautaprobetan izandako salaketek euskal osasun sistema auzitegien jomugan jarri dute berriz ere. Ekainean hautaprobak egin ostean, hainbat salaketa egin ziren publiko: zenbait espezialitatetan azterketak filtratu zirela argudiatuz. Guztira 11 espezialitatetan izan ziren arazoak, eta errepikatu egin beharko dira azterketa horietako hiru. Hautaproben manipulazioa egotzita, fiskaltzak eginbide epea ireki du Osakidetzaren jarduna ikertzeko. Ohiko epea abenduan amaitzen da, eta, orduan, Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak erabaki beharko du iruzurraren arduradunei eta onuradunei salaketa jartzen dien edo kasua artxibatzen duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna