Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak

Laguntza sistema aldatu, eta itun bat egingo du Jaurlaritzak BERRIArekin

Euskarazko hedabideen diru laguntzak «ordenatu» egingo dituzte Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, eta kostuen %30 ordainduko dute: 10,5 milioi jarriko dituzte. BERRIAk 2,3 milioi jasoko ditu 2021era arte
BERRIA

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 9
Aldatu egingo dute euskarazko hedabideak laguntzeko sistema. Akordioa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, eta datorren urtean jarriko dituzte martxan aldaketak. Erroko aldaketak dira. Batetik, «ordenatu» egingo dute zer komunikabide mota lagunduko duen erakunde bakoitzak: Jaurlaritzak lagunduko ditu hedabide nazionalak, irratiak eta telebistak; tokiko aldizkariak, diputazioek. Bestetik, aldatu egingo dute laguntzen zenbatekoa ezartzeko era: oinarria izango da erakundeek estaltzea hedabideen kostuaren %30. Asmo horrekin, Jaurlaritzak ituna egingo du BERRIArekin, eta urtean 2,3 milioi euro bideratuko ditu 2021era arte.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektuan jaso ditu asmo horiek, eta atzo eman zuen horren berri Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, Eusko Legebiltzarrean. Laguntza irizpideak fintzen ari dira orain, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko dituzte xehetasun guztiak. Oinarri batzuk ezarri dituzte, nolanahi ere.

ZEIN DA AURTENGO EGOERA?



Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzei dagokienez, aurreko agintaldian ezarri zituzten 2018ra arteko zenbatekoak. Hiru urterako ebazpena izan zen: 2016, 2017 eta 2018. Hedabideentzat pausoa izan zen hiru urterako laguntzak ezartzea, ordura arte ezinegonez ibiltzen baitziren, kontuak egin ezinik, zer laguntza izango zuten jakin gabe.

Jaurlaritzaren ebazpenak, hala ere, polemika handia sortu zuen, irizpideetan egindako aldaketen ondorioz. Irismena kontzeptua sartu zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak deialdian, eta hari eman zion pisu handiena: finean, hedabide bakoitzaren esparruan zenbat euskaldun dauden eta hedabide bakoitzak zenbateko audientzia duen, horren araberakoa zen laguntzen zati nagusia. Irizpideekin ez zen ados azaldu Hekimen hedabide elkartea, baina aurrera jo zuen sailburuordetzak. Kalte handienetakoa BERRIAk izan zuen: inoizko laguntzarik eskasenak jaso ditu 2016tik.

Aldi berean, orain arteko gisan urteroko diru laguntza deialdiak egiten jarraitu dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako aldundiek.

NONDIK DATOR ALDAKETA?



Legealdi berriarekin, 2017 hasieran, gogoeta prozesu bat hasi zuten Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak eta Hekimen elkarteak. Hizkuntza Politikako Saileko arduradun berriek erakutsia zuten zalantza aurreko taldearen erabakiekin. Hala adierazi zuen Miren Dobaran sailburuordeak BERRIAn, irizpideekin ados al zegoen galdetuta: «Batzuekin bai. Beste batzuk ez dut uste uztartu daitezkeenik».

2017ko otsailean jardunaldi bat egin zuten Bilbon, Euskal hedabideak itun bila lelopean. Orduan jakinarazi zuten adostasuna lortzeko bidea hasi zutela. Aldaketa iragarri zuen Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Estibalitz Alkortak: «Bada garaia zubi berriak eraikitzeko; amildegi batzuk zeharkatu nahi ditugu, mesfidantzak alde batera utziz».

Harrezkero egindako bidearen emaitza da diru laguntzen eredua aldatzea. Gipuzkoakoa soilik ez, Bizkaiko eta Arabako diputazioak ere sartu dira prozesuan. Orain, laguntzak arautzeko hitzarmena izenpetuko dute lau erakundeek.

ALDAKETA, ZERTARAKO?



Zupiria sailburuak azaldu du eredua aldatzeak bi helburu nagusi dituela. Batetik, «ordenatu» egin nahi dute laguntzen banaketa: argitu egingo dute zer erakunderi dagokion hedabide bakoitza laguntzea. Jaurlaritzaren esku geratuko da hedabide nazionalak babestea, baita telebistak eta irratiak ere; tokiko aldizkariak babestea aldundien gain egongo da.

Beste helburua da hedabideen «egonkortasuna» bideratzea. Horregatik, orain ere hiru urterako laguntzak ebatziko dituzte, urteroko aldaketak saihestuta. Zupiriak nabarmendu du hedabideak sendotzea giltzarria dela euskararen erabilera sendotzeko, eta hori jasoa dagoela Jaurlaritzak berak eginiko gogoeta eta planetan.

ZEIN DA OINARRI BERRIA?



Orain arteko puntuazio eta lehia sistemaren aldean, beste oinarri bat hartuko dute laguntzek: hedabideen kostuen zati bat erakundeek estaltzea. Zehaztu dute portzentaje bat: %30. Oinarrizko aldaketa da. Zupiriak nabarmendu du erakundeen bultzada ezinbesteko dutela euskarazko hedabideek, baina laguntza horiekin ere haien gain geratuko dela proiektuen bideragarritasuna bermatzea: beste bide batzuetatik atera beharko dute finantzaketaren zati handiena, %70. «Administrazioen laguntza behar dute beren proiektuak sendotzeko eta eduki interesgarriak sortzeko, baina hedabide horien bideragarritasuna ezin da egon erakundeen bizkar».

Horregatik, Zupiriaren esanetan, nahiz eta erakundeek «ahalegin inportantea» egin hedabideen egonkortasuna bultzatzeko, herritarren ekarpena ere beharko dela: «Hedabideek eta gizarteak ere konpromisoa erakutsi beharko dute komunikazio proiektu horien bideragarritasunarekin». Alegia, irakurleak gehitu beharko direla etenik gabe, eta BERRIAlagunen estiloko babesleak ere bai.

NOLA KALKULATU KOSTUAK?



Hedabideen laguntzetara zenbat diru bideratu, euskarazko komunikabideen kostuen azterketa sakon bat egin dute; Siadeco etxeak landu du. «Kostu estandarrak» finkatu dituzte; alegia, baldintza egokietan arituta, zenbateko kostua izango lukeen komunikazio proiektu bakoitzak. Kopuru horren %30 estaliko dute laguntzek.

ZENBAT DIRU JARRIKO DUTE?



Lau erakundeen artean 10,5 milioi euro bideratuko dituzte datozen hiru urteetan euskarazko hedabideak sendotzeko, orain baino hiru milioi gehiago —%41eko igoera, beraz—. Eusko Jaurlaritzak jarriko du zatirik handiena: 7,9 milioi, aurten baino %61 gehiago. Haren ardurapean geratuko diren hedabide arloez gain —nazionalak, irratiak eta telebistak—, diputazioei bideratuko die diru kopuru bat, haiek tokiko aldizkarien laguntzetan jartzeko. Herrialdeka hartuta, Gipuzkoakoa izango da kopururik handiena: 3,1 milioi. Kontuan izatekoa da tokiko hedabide gehienak herrialde horretan daudela. Bizkaiko tokiko komunikabideentzat 0,9 milioi jarriko dituzte; Arabakoentzat, 0,2.

ZERGATIK SINATUKO DUTE ITUN BAT 'BERRIA'-REKIN?



Hedabide guztientzat gisa berekoa izango da oinarria, %30 izatea finantzaketa publikoa. Hala ere, deialdi orokor horretatik kanpo utziko dute BERRIA. Hedabide nazionala izanik, egindako banaketaren arabera, Jaurlaritzari dagokio laguntza ematea, eta erabaki du hiru urterako itun bat egitea, «deialdien sistematik aterata». Zupiriak adierazi du nazio mailako egunkari bakarra dela BERRIA, eta ezaugarri bereziak dauzkala.

ZENBAT DIRU JASOKO DU?



Aurrekontu proiektuan finkatutako kopuruen arabera, 2,3 milioi euro. Zenbateko bera izango du datozen hiru urteetan, 2021era arte. Era horretan, inoiz baino babes handiagoa emango dio Jaurlaritzak BERRIAri. Zehazki, aurten baino milioi bat euro handiagoa izango da laguntza: %77ko igoera.

Sistema aldatzearen ondorioa da BERRIAren finantzaketa horrela igotzea. Euskarazko hedabideen sektorean urtez urte BERRIAk izan du proportzioan laguntza publiko txikienetakoa, eta orain, %30eko finantzaketa publikoa izatea jarri dutenean oinarri, BERRIAk dauka igoera adierazgarrienetako bat. Aldaketa horrek bidea jarriko dio langileen lan baldintzak orekatzeko; izan ere, herri ekimeneko komunikabideetako batez besteko soldataren aldean, nabarmen apalagoak dira BERRIAko lansariak.

GAINERAKO HEDABIDEAK?



Laguntza deialdi bat egingo dute Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Zupiriaren arabera, urtea amaitzerako prestatu nahi dute deialdi hori. Horrek esan nahi du laguntzak ematerako datorren urtean hilabete batzuk joango direla. Oinarri berbera izango da haientzat ere: finantzaketaren %30 estaltzea Jaurlaritzak edo diputazioak.

AURREKONTURIK EZEAN?



Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek aurrekontu proiektuan txertatu dituzte laguntza berriak. Aurrekontuak onartzea falta da oraindik, eta, Jaurlaritzaren kasuan, airean dago aurrera ateratzeko adinako babesik izango ote duten. Epeetan eragingo luke horrek; aurrekontuen legea onartu ezean, prozedura luzeagoa beharko lukete laguntzak bideratzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna