Alderdi barruan «hautsitako konfiantza» josi nahi du Blancok

Idazkari nagusi gisa eginiko lehen prentsaurrekoan, Eba Blancok agindu du EA barneko «zubiak berreraikitzeko» lan egingo duela. Barne araudia «zorrotz» bete duela dio.

Edurne Begiristain -

2019ko urriak 30

Atzo, Eba Blancok lehen prentsaurrekoa eman zuen Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi moduan. Alderdiko Hauteskundeen Batzordeak astelehenean izendatu zuen kargurako, harena izan baitzen hauteskunde primarioetan balekotzat jotako hautagaitza bakarra, eta primarioen prozesu polemikoaz «argi eta garbi» hitz egiteko aukera baliatu zuen atzo Blancok, Gasteizko Alkartetxean egindako lehen agerraldian.

Andoni Iriondo Gazte Abertzaleen idazkari nagusiak eta Bego Landa EAko Nazio Batzarreko mahaiburuak lagunduta agertu zen Blanco komunikabideen aurrean. Euskaraz eta gazteleraz irakurri zuen EAko idazkari nagusi gisa eginiko lehen diskurtsoa. Blancok aitortu zuen «kezkatuta» dagoela alderdiaren barne egoerarekin, baina baikor mintzatu zen aurrera begira, asmoa duelako «zubiak berreraikitzea». Azpimarratu zuenez, prozesuan «hautsitako konfiantzak» eta harreman politikoak berriro «jostea» izango du helbururik behinena.

Blanco isilik egon da primarioen prozesu guztian, ez zuelako giroa gehiago «gaiztotu» nahi, alderdiari eta alderdikideei «begirunea» dielako eta «joko arauak» errespetatzen dituelako. Isiltasunari eustea izan da, Blancoren esanetan, «arduraz» jokatzeko modurik egokiena. Primarioak amaitutakoan, isiltasun hori etetea erabaki du. Minduta hitz egin zuen atzo: «Nire burutik pasatu ere ez diren asmoak leporatu dizkidate publikoki. Gezurrak eta irainak pairatu behar izan ditut komunikabideetan zein sare sozialetan, horietako batzuk pertsonalak». EAko idazkari nagusiaren ustez, «etikoki onartezinak» izan dira esandako «gezurrak», eta «kalte larria» egin diote alderdiaren irudiari.

Nolanahi, «lasai» dago, barne araudia «zorrotz» bete duelako. Ziur dago gauzak ongi egin dituela, nahiz eta aitortu halako prozesuetan «aberasgarriagoa» dela hautagai bat baino gehiago izatea. Alderdiko organoek eta afiliatu askok babesten dutela sentitzen du Blancok, eta, beraz, ez du zalantzarik «zilegitasun osoz» dagokiola idazkaritza nagusia, nahiz eta ildo kritikoak zalantzan jarri.

Eusko Alkartasuna «indartsu eta sendo» egotea izango da Blancoren lehentasuna, argi duelako zatiketek alderdia «ahuldu» egiten dutela. «EA osatzen dugun emakume eta gizon guztiok kapital politiko eta pertsonal itzela dugu, etan beraz, Euskal Herriari maila eta arlo guztietan ekarpen garrantzitsuak egiteko dugu».

EH Bilduren barruan

Hori hala, printzipio horiei helduta saiatuko da alderdiko sektore kritikoarekin hautsitako zubiak berreraikitzen; izan ere, gaur-gaurkoz erabat apurtuta daude harreman horiek, Blancok kazetarien galderei erantzunez argi utzi zuenez: «Ez dut harekin [Maiorga Ramirezekin] hitz egitea lortu, berak ez duelako nirekin hitz egin nahi, baina oso argi daukat hitz egin behar dugula eta, ez badugu lortzen, bitartekarien bidez egin beharko dugula». Blancoren aburuz, mintzatzea da hautsitako konfiantza josteko modu bakarra.

Alderdian lehendik harrotuta zeuden hautsak are gehiago harrotuko ditu Blancoren izendapenak, baina hark ez du uste krisi honek EA desagertzea ekarriko duenik. Blancok argi dauka EAren etorkizuna EH Bilduren barruan dagoela, eta koalizio horretan egoteko erabakiak bermatzen duela EAren sortzeko printzipioak «inoiz baino indartsuago» egotea. Etorkizuna ere EH Bilduren barruan egongo dela iritzi dio: «EH Bildun, eta oro har euskal gizarte osoan, EAren presentzia, ahotsa, irudia eta eragina indartzea eta bermatzea dugu helburu».

Gogoratu zuen, halaber, Eusko Alkartasunak 33 urte daramatzala «elkartasuna, bakea, subiranotasuna eta justizia soziala» defendatzen, eta alderdiak asmoa duela beste horrenbeste urte emateko helburu horien alde.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna